Helburuak eta edukia

Programa honen helburua da Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduko etorkizuneko tituludunei eta beste hainbat titulazioetakoei (hainbat ingeniaritza, industria psikologia eta abar) enpresa txiki eta ertainentzako aholkularitza lanerako prestakuntza osagarria ematea, kudeaketa aldatzeko eta hobetzeko. 2016-2017 ikasturtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren artean izenpetutako lankidetza hitzarmenaren esparruan abian jartzen den prestakuntza programa da.

Erakundeen kudeaketa hobetzeko aholkularitzaren esparruan gero eta ideia, eredu eta tresna gehiago daudenez gero, prestakuntza programa hertsiki lotuta dauden hiru premisarekin planteatzen da. Lehenik, prestakuntza zorrotza eta kritikoa proposatzea, unibertsitatearen barruan eskainitako prestakuntza orok berezkoa duena. Bigarrenik, aztergaiari buruzko ikuspegi eta esku hartze integratzailea, erlatibista eta behar bezala egokitua eskaintzea, hau da, asmo handirik gabe ezarria edo xedetzat duen enpresa ehunera (enpresa txiki eta ertainak eta, zehazki, enpresa txikienen segmentua) oker egokitutako itxaropenik gabe ezarria. Hirugarrenik, eta aurreko premisekin bat etorriz, prestakuntza pragmatikoa proposatzea, formulaziora ez ezik, ekintzara eta hobekuntzara ere bideratua.

Adierazi beharra dago, bestalde, hainbat instantziatatik enpresa erakundeetan aldatzeko eta hobetzeko lana burutzeko proposatzen diren premisak kontuan hartuta (ikus, adibidez, Euskaliten ekarpenak eta proposatu duen Kudeaketa Aurreratuko Eredua), prestakuntza programan eta haren ondorio diren praktiketan premisa hauek ezartzen dira erakundeetan aldaketa eta hobekuntza gauzatzeko:

  •  Pertsonengan proiektu partekatu baten parte direlako sentimendua sortzea.
  •  Enpresa bezeroenganantz bideratzea balio ekarpen diferentziala eginda.
  • Enpresaren esparru guztietan berrikuntza eta transformazio ereduak aplikatzea.
  • Gizartearekiko konpromisoa indartzea, lehia gaitasun nabarmenen hornitzaile garrantzitsua da eta.
  • Argi eta garbi definitutako estrategia baten bitartez hezurmamituko den epe luzerako ikuspegia sortzea.
  • Interes taldeentzat emaitza gogobetegarriak erdiestea modu iraunkor eta orekatuan.


Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuarekin programa honi begira adostutakoaren arabera, dinamikak, materialak eta tresnak malgutasunez erabiltzearen alde egitea (kasu bakoitzaren errealitatera eta beharretara egokituta) eta egun dauden beste dinamika batzuekiko sinergiak bilatzea (esate baterako, kudeaketaren esparruan, arestian aipatutako Euskaliten eredua) da asmoa.

Beste xehetasun maila batean, adierazi beharra dago enpresetan egingo diren esku hartze praktikoek adierazitakoaren araberako erreferentzia esparru orokorra izango dutela, baina enpresen askotariko izaerako arlo zehatzen hobekuntzan zentratuko direla. Esku hartzeko esparru hauek aipa daitezke, besteak beste:

  1. Oinarrizko kudeaketa sistematika ezartzea eta/edo hobetzea (bereziki eguneroko jardunean "itota" dauden enpresa txikientzat).
  2. Bezeroengana bideratutako berrantolaketa.
  3. Proiektu partekatua sortzera bideratutako berrantolaketa (horretarako deialdi espezifiko bat dagoela jakinda).
  4. Marketin planen eta/edo ekintzara bideratutako merkataritza planen definizioa.
  5. Kostu sistemen ezarpena.
  6. Eragiketen zuzendaritzan produktibitatea hobetzeko "palanka" proiektuak.
  7. Enpresa txikien benetako beharretara egokitutako kudeaketa hobetzeko aukera teknologikoen ebaluazioa.
  8. Zuzendaritzaren eta jabetzaren arteko erantzukizunen mugaketa.
  9. Familia enpresetako trantsizio eta berrantolaketa proiektuak.
  10. Ingurumen eta gizarte kudeaketaren hobekuntza (ekonomia zirkularra, ekonomia berdea).