Ikerketa lerroak

EUDIA Ikerketa-taldeak bere ikerketa-eremutzat hizkuntzaren bariazioaren ikerketa hartu du. Bariazio hori aztertzeko jada esku artean dituen tresnak erabiltzen eta erabiliko ditu. Baina ez du baztertzen tresna berriak sortzea, merkatuan direnek bere datuak ikertzeko ahuleziak erakusten badituzte edo ez badira egokiak.

Ondorioz, ondoko ikerketa-lerroetan arituko da:

1) Datu-bilketa

Euskararen kasuan jada bilduta dauden datuak eskuratzeko ahaleginak egingo ditu EUDIAk, euskararen bariazioa aztertzeko baliagarriak diren neurrian.

Daturik ezean, bila joango da. Hori da, adibidez, EAS eta EDAK ikerketa-proiektuetan gertatzen dena: EAS proiektuan bi belaunaldiren datuak biltzen dira (45 urtekoenak eta 25 urtekoenak). Horrelako daturik ez da izan bildua euskararen eremu osoa kontuan hartuz. Horregatik, hizkuntzaren bariazio soziolinguistikoa ikertzeko ezinbestekotzat joz, biltzera atera da.

Era berean, EDAK ikerketa-proiektuan biltzen diren azentu eta intonazioari buruzko datuak ez dira orain artean euskararen eremu osoa hartzen duen hain sare hertsian bilduak izan, nahiz bilketa asko egina izan den. Ikerketa-proiektu honen bidez 200 galdera 100 herritan bilduko dira eta herri bakoitzeko bi belaunalditako datuak lortuko dira.

Datu-bilketa homogeneoak egitea ezinbestekoa da bariazio geolinguistikoa ikertzeko.

2) Corpus dialektala

Biltzen diren datu dialektalak corpus dialektal handi bat eraikitzeko erabiliko dira. Corpus hori euskararen ikertzaileen esku utziko da aplikazio telematikoen bidez.

EUDIA ikerketa-taldeak oso barneratuta dauka corpus dialektal on baten gabeziak ez duela laguntzen euskal ikerketen aitzinamendua. Behar-beharrezko deritzo corpus eskuragarria izateari baldin eta euskara ikertzeko baliabideak ipini nahi badira.

EUDIA taldeak datuak bildu eta corpusean eratuz gain datuetan azaltzen den aldagarritasuna ikertuko duen arren, badaki datuak molde desberdinetan izan daitezkeela ikertuak. Hori dela eta, datuak ikertzaileen esku utzi nahi ditu.

Corpus dialektal hori eraikitzean nazioarteko estandarrak erabiliko dira, gainerako hizkuntzetako ikerketetan erabiltzen diren bezala.

Corpus dialektalak ahozko datuak bilduko ditu eta aldi berean ahozko datuen transkribaketa. Horrela, edozein ikertzaileren esku utziko da informazio-emaileek ekoiztutako soinua.

3) Tresna informatikoak sortzea

EUDIA ikerketa-taldeak hizkuntzaren bariazioa (dela geolinguistikoa, dela soziolinguistikoa) ikertzeko nazioartean erabiltzen diren tresna informatikoak erabili eta erabiltzen ditu. Eta erabiltzen jarraituko du, programok baliagarri diren bitartean.

Bide horretan jada bi tresna informatiko sortu ditu: CorpusLem eta Diatech, biak online tresnak. Lehena testuetatik abiatuz glosarioak egiteko tresna da, bigarrena analisi dialektometrikoak egiteko.

EUDIA ikerketa-taldeak sor ditzakeen balizko tresna informatikoak bariazio geolinguistikoa zein soziolinguistikoa ikertzeko izan daitezke.

4) Hizkuntza-bariazio geolinguistikoaren azterketa

Bariazio geolinguistikoaren ikerketan sakondu nahi du EUDIAk. Euskararen kasuan badira eremu honetako proiektuak: izan dadin Erizkizundi Irukoitza-E.I., izan dadin Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa-EAEL, edo garrantzi berezia duen eta Euskaltzaindia burutzen ari den Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-EHHA.

Tradizio handia den arren, orain arteko proiektuetan jende adindua izan da informazio-emaile. Tradiziozko dialektologian erabiltzen den lekukoen perfilari jarraituz, NORM jendea erabili izan da. Ez da inoiz jende heldu edo gaztearen hizkera-moldea jaso eta ikertu.

Aldiz, EUDIAkook uste dugu gaur egun garrantzi handia duela beste belaunaldi batzuetan ekoizten den hizkera mota ikertzeak. Hori dela eta, belaunaldi desberdinak ikertzeko proiektuak bideratzen ari da. Eta denetan ikuspuntu geolinguistikoa kontuan izanik; hain zuzen ere, euskararen eremuko 100 herritan egiten baitira datu-bilketak eta, ondorioz, herri horietako sarean gertatzen den bariazioa zein den ikertzeko modua izango da.

5) Hizkuntza-bariazio soziolinguistikoaren azterketa

Esku artean dituen ikerketa-proiektuetan eta etorkizunean irekiko dituen berrietan bariazio soziolinguistikoaren ikertzea EUDIA ikerketa-taldeak dituen helburuetarik bat da.

Esku arteko proiektuetan adina faktore soziala hartu da kontuan. Uste baita faktore hau dela euskararen kasuan eta gaur egun bariazio handiena sortzen duen faktorea.

Belaunaldien arteko ikerketaren bidez helduen eta gazteen arteko hizkerak zertan bereizten diren ikertzeaz gain, bariazio hori zenbatekoa den ere neurtu nahi da. Ondorioz, belaunaldi batean norainoko desberdintasun linguistikoa ematen ari den zehaztuko da.