Errektorearen ebazpen guztiak

Erabakia, 2020ko maiatzaren 25ekoa, UPV/EHUko errektorearena, herritarren harrerako eta dokumentazioaren sarrera erregistratzeko zerbitzua emateko unibertsitateko erregistro orokorraren bulegoak eta gainerako erregistro bulegoak jendaurrean irekitzeko dena

463/2020 Errege Dekretuak, martxoaren 14koak, 15 egun naturaleko alarma egoera deklaratu zuen, COVID-19ak sortutako osasun krisiaren egoera kudeatzeko (martxoaren 14ko BOE). Hezkuntza eta prestakuntzaren arloko euspen neurri gisa, aurrez aurreko jarduera eten zuen Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan aurreikusitako irakaskuntza zentro eta etapa, ziklo, gradu eta maila guztietan, unibertsitateko irakaskuntza barne hartuta, eta adierazi zuen etenaldiak iraun bitartean hezkuntza jarduerari urruneko eta onlineko modalitateen bidez eutsiko zitzaiola, ahal zen neurrian.

Dagoeneko, 2020ko martxoaren 12ko errektorearen erabakiaren bidez, COVID koronabirusaren (SARS-CoV-2) egoerari eta eboluzioari aurre egiteko  prebentzio neurriak ezarri ziren UPV/EHUn, eta, besteak beste, aurrez aurreko jarduerak eten ziren Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Arabako Campusean, Bizkaiko Campusean eta Gipuzkoako Campusean.

2020ko martxoaren 14ko errektorearen erabakiaren bidez, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko kide guztien aurrez aurreko jarduera etetea erabaki zuen UPV/EHUren eraikin guztietan, errektorearen erabaki baten bidez ezarriko ziren funtsezko zerbitzuak mantentzeko izendatuko zirenak salbuetsita. Era berean, urruneko lanaren edo telelanaren modalitatea baimendu zitzaien unibertsitateko langile guztiei, ahal zen neurrian, oinarrizkotzat jotzen ez ziren zerbitzuak eman ahal izateko.

Gero, 2020ko martxoaren 16ko errektorearen erabakiaren bidez, COVID-19aren ondorioz UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztia etenda zegoen bitartean eman beharreko funtsezko zerbitzuak zehaztu ziren, eta bosgarren atalean zera ezarri zen, unibertsitatearen erregistro orokorra eta gainerako erregistro bulegoak itxita egongo zirela eta beharrezkoak ziren izapideak bakarrik egingo zirela Unibertsitatearen Egoitza Elektronikoan sartutako Erregistro Elektronikoaren bidez.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zenetik, alarma egoera bost aldiz luzatu da, eta azken luzapena, hain zuzen, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren (maiatzaren 23ko BOE) bidez deklaratutako alarma egoera luzatzeari buruzko maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren bidez egin zen; luzapen horren indarraldia 2020ko maiatzaren 24ko 00:00etan hasi zen, eta 2020ko ekainaren 7ko 00:00ak arte iraungo du.

COVID 19ak sortutako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzeari buruzko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren alarma egoera luzatzen duen maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorrita, Osasun Ministerioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 agindua (maiatzaren 9ko BOE) eman du, alarma egoeraren deklarazioaren ondoren estatu osoan ezarritako hainbat murrizketa malgutzeko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 1. fasea aplikatze aldera, eta agindu horren VI. kapituluan eta, zehazki, 20. artikuluan ikastetxeak eta unibertsitateak berriro irekitzeko baldintzak jasotzen dira. 

Gero, Osasun Ministerioak maiatzaren 16ko SND/414/2020 agindua eman du, alarma egoeraren deklarazioaren ondoren estatu osoan ezarritako hainbat murrizketa malgutzeko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 2. fasea aplikatze aldera (maiatzaren 16ko BOE).

Era berean, maiatzaren 11ko EHAAn, Lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretua argitaratu zen, eta horren bidez, Normaltasun Berrirako Planaren 1. fasearen aplikazioan alarma egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak malgutzeari dagokionez, Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak aplikatzeko arauak ezartzen dira, zeinak Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatu beharko baitira, neurriak osasun larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitu daitezen. Dekretu horrek, maiatzaren 8ko 51/2020 Errege Dekretuan eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduan ezarritakoaren esparruan, Espainiako Gobernuarekin adostutako neurrien aplikazioa antolatu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoan, aipatutako planaren 1. fasearen aplikazioan ezarritako malgutasun neurriak hobe egokitu daitezen Euskadiko osasun larrialdiaren bilakaerara; bestalde, plan hori maiatzaren 15eko 9/2020 Dekretuaren bidez aldatu da (maiatzaren 16ko EHAA).537/202 Errege Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duenez, 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, jarraitu egingo du eten egin ziren epe administratiboen zenbaketak, edo berriz hasiko da, alarma egoera eta haren luzapenak indarrean egon bitartean onartutako lege mailako arau batean hala aurreikusi bada. Gainera, dekretu beraren 10. artikuluak ezartzen duenez, 2020ko ekainaren 4tik aurrerako ondorioekin, kendu egingo da eskubideak eta ekintzak preskribatzeko eta iraungitzeko epeen etendura.

UPV/EHUren gerentearen 2020ko maiatzaren 12ko erabaki bidez, eguneratu egiten da UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileen aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana, COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren, eta jendaurrean aritzen diren langileen % 50a gutxienez itzultzea aurreikusten da, 2020ko maiatzaren 25etik aurrera (ikastegietako idazkaritzak, erregistroa, erreprografia zerbitzua, liburutegia, telefonistak…).

UPV/EHU etengabe ari da aztertzen osasun alertaren bilakaera, zalantzaz beteriko egoera aldakor batek eskatzen duen moduan. Hori ez da oztopo dagokion betebeharra bete dezan: hots, UPV/EHUren jarduerak, bai oraingoak bai berriro hasiko denak, osasun eta segurtasun baldintza guztiak betetzea. Horregatik, egokitu egin behar dira UPV/EHUren instalazioetara sartzeko orain arteko baldintzak, kontuan izanik aurretik aipatutako xedapenek aurreikusten duten egoera berria eta, bereziki, aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana.

Beraz, aintzat harturik abenduaren 21eko Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoaren 20.1 artikuluak eta UPV/EHUren Estatutuen 178 eta 181.1 d) eta e) artikuluek ematen dizkioten gaitasunak, errektoreak erabaki du:

 

 

ERABAKIA

 

Lehenengoa. - Jendeari irekitzea unibertsitateko erregistro orokorreko bulegoak eta erregistro bulego osagarriak, erabiltzaileei arreta eskaini eta dokumentazioaren sarrera erregistroaren zerbitzua emateko, 2020ko maiatzaren 26tik aurrera, goizeko 9:00etatik 13:00etara bitartean.

Zerbitzu horiek erabiltzeko, hitzordua eskatu beharko da, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki bidez zehaztuko den moduan.

Bigarrena. - Erregistro orokorreko bulegoetan edo erregistro bulego osagarrietan dokumentazioa aurkeztu nahi duten unibertsitateko kideak unibertsitateko instalazioetara sartuko dira erabaki honen lehen atalean aipatzen den idazkari nagusiaren erabakiak ezarri moduan, eta ez dira aplikatuko aurreko errektoretza erabakietan ezarritako baldintzak.  

Hirugarrena. - Jendaurrean aritzean eta erregistro zerbitzua ematean, aintzat hartuko dira segurtasun eta osasun arloko prebentzio neurriak, UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileen aurrez aurreko jarduerara itzultzeko planean eta langileei nahiz erabiltzaileei orain edo etorkizunean aplika dakiekeen gainerako osasun arloko xedapenetan ezarritakoak.

Laugarrena. - Erabaki hau argitaratzea UPV/EHUren web orrian eta iragarki taula elektronikoan (EHUtaula), eta unibertsitateko kide guztien artean banatzea dagozkion banaketa zerrenden bitartez.

 

 

Nekane Balluerka Lasa

UPV/EHUko errektorea