Kontseiluentzako laguntzen araudia 2013

Kontseiluentzako laguntzen araudia deskargatu (pdf, 182 KB)

UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren erabakia, ikasle kontseilu eta ikasle elkarteei laguntza kulturalak emateko araudiari buruzkoa

(2011ko urriaren 27ko Batzarrean onetsitakoa)
(2013ko maiatzaren 21ean aldatutakoa)

Justifikazioa

2011ko otsailaren 24an argitaratutako UPV/EHUren Estatutuek UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren funtzio gisa aitortzen du 20.2 artikuluaren c) atalean honako hau: "Kontseiluaren beraren aurrekontuaren banaketa erabakitzea, UPV/EHUren Aurrekontuan hala agertzen dena". Ikasle Kontseiluak konpromiso tinkoa du ikasle kontseiluen jarduera eta UPV/EHUko ikasleen artean elkartegintza bultzatzeko eta jarduerak garatzen laguntzeko. Ikasle Kontseiluaren konpromiso horren emaitza da urtero kultura jarduerak laguntzeko deialdia egitea.

Hala ere, gaur arte indarrean egon den araudia aldatzeko beharra ikusi da, gure Unibertsitatean elkarteen egonkortasuna eta autonomia bultzatzeko, baita UPV/EHUrekin haiek duten konpromisoa eta euskararen sustapena eta erakundearen barruko berdintasuna bultzatzeko ere. Horregatik, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko Batzarrak, 2011ko urriaren 27an, ikasle kontseilu eta elkarteetarako laguntzen araudi berria onetsi zuen. Horrez gain, ikasleen araudia ere onetsi da, UPV/EHUko ikasle elkarteak arautu dituena.

Urtebete geroago eta balantze positiboa egin ondoren, araudia entitate horien premia errealetara egokitzea beharrezkotzat jo da. Horregatik guztiagatik, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak honako hau erabaki du.

II. ERANSKINA.
UPV/EHUKO IKASLE KONTSEILUAREN ARAUDIA, IKASLE KONTSEILUETARAKO

Justifikazioa

UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak konpromiso tinkoa du ikastegi eta campusetako ikasle kontseiluen jarduera bultzatzeko eta jarduerak garatzen laguntzeko. Konpromiso horren emaitza da Ikasle Kontseiluak urtero jarduerak laguntzeko deialdia egitea. Hala ere, eguneratzea beharrezkotzat jo da, aurreko araudia zaharkitutzat jo baita.

1. artikulua.- Deialdiaren xedea

1. UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak modu bereizian onetsiko du ikasle kontseiluen jardueretara bideratuko duen aurrekontuko ehunekoa.

2. Araudi honen ondorioei dagokienez, ikaskuntza akademikoa, kultura eta/edo unibertsitate hedapena osatzen duen edozein jarduera proiektu aurkeztu ahalko da; prestakuntza ikastaroak ez dira multzo horretan sartzen. Salbuespen gisa, laguntzak eman ahalko zaizkie ikastaro horiei, betiere UPV/EHUren ikasleentzat badira soilik eta izena ematean ordainketarik egin behar ez bada.

2. artikulua - Hartzaileak

1. Deialdi honen hartzaile izango dira behar bezala eratutako UPV/EHUko ikastegietako ikasle kontseilu guztiak.

3. artikulua.- Ikasle Kontseiluetarako

1. Presidentetzarako hauteskundeak egin eta gero, ikastegiko ikasle kontseiluak bertako zuzendaritza zein kidek osatuko duten jakinaraziko du.

2. UPV/EHUko Ikasle Kontseiluko Batzarrak, ikasle kontseiluen kultura jardueretarako partidak onetsi eta gero (Esperientzia Gelak barne), zuzendaritzak hala proposatuta, horien guztien artean banatzeko irizpide bat onetsiko du. Irizpidea luzatu egingo da harik eta organo horrek beste irizpide bat onetsi arte.

3. Kontseiluko presidentzia edo diruzaintza arduradunak egingo ditu eskabideak, idatziz, AC1 eranskinaren arabera, eta jarduera justifikatu beharko dute. Horrez gain, araudi honetan jasotakoa bete beharko dute.

4. artikulua.- Justifikazioa

1. UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak gastuak egiaztatzeko barne dokumentuak banatuko ditu (AC3, AC4 eta AC5 eranskinak).

2. Kontseiluetako jardueraren arduradunak, hilabeteko epean, azaroaren 30a baino lehen betiere, justifikazio memoria bidaliko du, honako informazio honekin:

  1. Jardueraren memoria, argazkiekin, ahal izanez gero: gorabehera guztiak, aldaketarik izan den hasierako proiektuari dagokionez, eta jardueraren arrakastari buruzko iruzkina.

  2. Jardueraren gastu OSOA justifikatzen duten faktura originalak; erakunde honek ordaindu beharreko fakturek baino ez dute izango UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren izena.

3. Goian adierazitako epean justifikaziorik aurkezten ez bada, bertan behera gelditu ahal izango da laguntza.

4. Bidaiak, ostatu hartzeak, maketazioa eta inprimaketa UPV/EHUrekin hitzarmena duten enpresen edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez egingo dira, beste enpresa batek aurrekontu txikiagoa aurkezten duenean izan ezik.

5. Araudi honetan ezarritakoa entregatu ondoren ordainduko du gastua UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak.

5. artikulua - Onartutako laguntza ordaintzeko baldintzak

1. Ikastegietako ikasle kontseiluei emandako laguntzen ordainketa behin faktura aurkeztu eta araudi honetako eskakizun guztiak bete ondoren egingo da.

2. UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren anagrama erantsiko zaie deialdi honek diruz lagundutako publizitate eta argitalpen guztiei (aldizkariak, kartelak, etab.), eta UPV/EHUko estilo liburua hartuko da kontuan horretarako. Era berean, jardueraren arduradunak zenbait ale bidaliko ditu jardueraren justifikazio gisa.

3. Ikus-entzule kopuru jakin baterako kontzertu/jardueren kasuan, sarrera kobratzen denean, antolatzaileek gutxienez 5 sarrera emango dizkiote UPV/EHUko Ikasle Kontseiluari, eta kontseilu horren logoa esparruko publizitate euskarri guztietan egongo da.

4. UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak argibideak eskatu ahal izango dizkio jardueraren arduradunari, eta 10 egun naturaleko epean -eskaera egunetik kontatzen hasita- erantzun beharko dio. Erantzunik ez badago, eskaeran atzera egin dela ulertuko da.

6. artikulua- Deialdi honetatik kanpo dauden gastuak

1. UPV/EHUko ikasle/irakasleek ez dute ordainsaririk jasoko jarduera hauengatik. Gastuak dieta kontzeptu gisa bakarrik ordaintzea aurrez ikusi da: joan-etorriak, ostatua eta otorduak (dagozkion inprimakiak bete beharko dira). UPV/EHUtik kanpoko hizlariek 60 euro jasoko dituzte gehienez hitzaldi eta egun bakoitzeko.

2. Ez dira gastutzat hartuko baimenik gabe hizlariei eginiko oparien fakturak.

7. artikulua.- Araudia ez betetzea

1. Araudi honetan jasotako eskakizunen bat betetzen ez bada, emandako laguntza bat ordaintzea ukatu ahalko da.

2. Horrez gain, laguntza ordaintzea ukatu ahalko da egindako jarduera aurkeztutako proposamenarekin alderatuta nabarmen desberdina bada.