info_praktikak_ikasleentzako

Praktikak enpresetan

Ikasleak Graduko ikasketak osatzeko borondatezko praktikak egin ditzake enpresa batean. Borondatezko praktikak egiteko gutxienez 120 kreditu eginak behar ditu. Ikasleak baldintza hori betetzen duenean uneko praktika eskaintza ikusi ahal izango du GAURen (borondatezko praktikak/PRAKTIGES modulua). Bertan, enpresen zerrenda eta enpresa bakoitzak eskainitako praktikak ikusi ahal izango ditu.

EHUko arautegiari jarraituz eta Fakultate Batzarraren erabakiz, praktikak ez dira 450 ordutatik gorakoak izango ikasturte bakoitzeko (ikasturtea irailaren 1ean hasi eta hurrengo urteko abuztuaren 31an amaitzen da).

Praktika bat adostu edo hitzartu eta gero, ikasleak(*) GAURetik hitzarmena atera eta enpresaren, ikaslearen eta Fakultatearen artean sinatu beharko da. Ondoren, Fakultateak ikaslearen praktika-tramitea onar dezan, hitzarmena Fakultateko idazkaritzara ekarri edo korreoz bidali behar da behean agertzen den helbidera. Hitzarmenaren bitartez, enpresak, gizarte segurantzan altan emango du ikaslea.

Ikasleek praktiketako ordu horiek laugarren mailako hautazko kredituengatik aitortu ahal izango dituzte (gehienez 12 kreditu arte). Horretarako, ikasleak espresuki eskatu beharko du aitorpena idazkaritzan, eta enpresak emandako praktika-ziurtagiria entregatu beharko du.

Praktiketako 25 praktika-orduren truke ECTS kreditu bat aitortu daiteke, eta gehienez 300 praktika-ordu aitortuko dira. Kredituak baliozkotzeko ez da aurrez hautazko irakasgaietan matrikulatu behar.

 

Aplikazioaren inguruko dudak edo beste eratako zalantzak argitzeko, jarri kontaktuan posta helbide honen bitartez dif.praktikak@ehu.eus edo hurrengo telefonoetara deitu 943 018038 / 943 015563.

(*) Digitalki sinatu behar izatea gerta daiteke. Horretarako BakQ ala NAN elektronikoa erabilgarri izan beharko dituzu.