Inpaktu soziala. Akademiaren ekarpenak gizartearen ongizateari.
Gure inpaktu zientifikoa neurtzen badakigu, baita gure inpaktu ekonomikoa. Baina gure gizartearen ongizateari egiten diogun ekarpena nola eta non jaso? Ez da erronka txikia aurrean duguna, inpaktu soziala neurtu eta ikusaraztea, orain arte urratu gabeko bide bati ekinez. Baina gure lurraldeko unibertsitate publiko bakarra garen heinean, argi dugu formakuntza eta ikerketa egiteaz gain, hirugarren misio bat ere badugula: gure komunitatearen zerbitzura -modu esplizituago batean- lan egin.
Misioa
Gizartearen zerbitzura ahal eta hoberen lerrokatu dadin gure unibertsitateak, Inpaktu Sozialaren Zuzendaritzaren misio nagusia hauxe da: orain arte EHUn sortutako ezagutzak gure komunitatearen ongizateari egin dizkion ekarpenak identifikatu eta ikusarazi. Horretarako hiru ardatz nagusietan egingo dugu lan: 1) Inpaktu Sozialerako formakuntza, 2) Inpaktu Sozialeko ebidentziak biltzeko ikerketa-taldeei baliabideak eman eta 3) ikusgarritasuna bermatzeko Inpaktu Sozialeko Errepositorioa sortu.
Zuzendaria: Ugo Mayor
Kimikan graduatu nintzen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Biologian doktoratu Cambridgeko Unibertsitatean, proteinen tolesturaren oinarri biofisikoak ikertuz. Suedian eta Erresuma Batuan 13 urteetako ibilbidea egin ondoren, Euskal Herrira bueltatu nintzen, Ikerbasque Ikerketa Irakasle gisa. 2014tik aurrera EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko Sailan ubikitina sistemarekin lotutako zenbait gaixotasun neurologikoen mekanismo molekularrak ikertzen ditut. COVID-19 pandemiaren lehen hilabeteetan auzolan zientifiko baten koordinazioan aritu nintzen, EHUko qPCR tresneria baita gure ikerlarien ezagutza erabili zedin, tokiko osasun-sistemaren diagnostiko-gaitasunak handitzeko helburuarekin. Horrezkero, pandemian zehar SARS-CoV2 birusaren aldaera ezberdinen eta haien kutsatze mekanismoen inguruko mundu mailako ikerketen berri ematen ibili nintzen komunikabide ezberdinetan, gizarteak eta kazetariek zituzten behar eta galderei erantzunez. Arlo ezberdinetako profesional eta irakasleek idatzitako COVID-19aren Liburu Zuriaren sustatzaile eta editore izan nintzen 2021 urtean. Martxan jarri berri den InpAkta: Journal of Research for Social Impact aldizkariaren sortzaile eta erredakzio-buru naiz gaur egun, baita Enlight aliantzaren Impact Task Force taldekide eta EHUren ordezkari.