Ohiko galderak-microcredentzialak

Ohiko galderak

Zer dira mikrokredentzialak?

Gizarteak eta lan merkatuak eskatzen dituzten gaitasunak eta ezagutzak eskuratzeko formula malgu bat eskaintzen dute.

Nori zuzenduta daude?

Ez da nahitaezkoa lehendik unibertsitate titulurik izatea mikrokredentzialak egiteko; berdin egin ditzakete ikasleek, aktiboan dauden profesionalek, lan bila dabiltzan pertsonek, edo, beste barik, bere jakintza handitu eta curriculuma hobetu nahi duen edonork. Izan ere, prestakuntza ibilbide pertsonalizatua sortzeko aukera ematen dute.

Zenbat irauten dute?

1 eta 14 ECTS kreditu bitartean izan ditzakete mikrokredentzialek, nahiz eta komeni den “Prestakuntza pilula” gisa eskaintzea (3 ECTS kreditu, gehienez: 30 ordu).

Zeintzuk dira sartzeko baldintzak?

Kasuaren arabera, unibertsitateko titulazioa eduki behar da ala ez. Mikrokredentzial bakoitzak bere baldintzak ezarriko ditu.

Zein modalitatetan ematen dira?

Aurrez aurre, gune birtualean edo formatu hibridoan eskaini ahalko dira.

Zeintzuk dira tipologiak?

Prestakuntza mota honek enpresen, erakundeen eta administrazio publikoen arteko lankidetza bultzatzen du, eta haren helburu nagusiak dira enplegagarritasuna, gaitasun profesionala eta espezializazioa hobetzea eta, aldi berean, aipatu eskatzaileek prestakuntza arloan dituzten behar eta interesei erantzuna ematea, Unibertsitatea-Gizartea faktoreen arteko harremana sustatuz. EHUn ematen den graduko edo graduondoko titulu bati edo gehiagori lotutako mikrokredentzialak ere eskain daitezke, baita gradu, master edo berezko titulu bateko ikasketa plana osatzen duten modulu edo irakasgai bati lotutakoak ere; betiere, 15 ECTS kreditu baino gutxiagokoak badira. Era berean, mikrokredentzialak diziplinartekoak, nazioartekoak eta unibertsitate artekoak ere izan daitezke, arautegian jaso legez.

Zelan bermatzen da haien kalitatea?

EHUko ikastegiek badute beren kalitatea bermatzeko sistema, eta mikrokredentzialek haren bermea dute.

Zein ziurtagiri eskuratzen da?

Europass ziurtagiri digitala ematen zaie parte hartzaileei, Europan aitorpen ofiziala duena; horrek Unibertsitateko Mikrokredentzialen Ziurtagiria eskuratzea ekarriko du, mikrokredentziala EHUko berezko ikasketa gisa onartzean eman den izendapen espezifikoarekin.

Badago mikrokredentzialak metatzerik?

Mikrokredentzialak prestakuntza eta egiaztapen independentea eskain dezake, baina ibilbide modularrak metatzeko aukera ere eman dezake, beste berezko ikasketa edo ikasketa ofizial batzuk aitortzeko.

Zertarako balio dute mikrokredentzialek?

Unibertsitateko mikrokredentzialek hainbat gauzatarako balio dute:

  • Herritarren gaitasunak lan aukera berrietara egokitzeko; izan ere, garapen teknologikoaren eta trantsizio berdearen eraginez, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak aldatzen ari dira.
  • Jakintzaren gizartea bultzatzeko; gizartean ez litzateke inor geratu behar bere eskubide sozialak edo bere herritar eskubideak baliatu ezinik aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialak ulertzeko oztopoak edo haien abiadurari eusteko zailtasunak izateagatik. Beraz, mikrokredentzialak halako bazterketarik ez gertatzeko tresna bat dira.
  • Goi mailako hezkuntzarako atea zabaltzeko eta sarrera demokratizatzeko; mikrokredentzialak unibertsitatean ikasteko lehen aukera izan daitezke horretarako baldintza tradizionalak betetzen ez dituzten pertsona heldu askorentzat. Gainera, gradu edo masterrera jauzi egiteko tranpolina izan daitezke; mikrokredentzial kopuru eta mota jakin bat lortuta, helduek sarbide bermatu bat izan dezakete goi mailako hezkuntzako zenbait programatara, gaur egun 25, 40 edo 45 urtetik gorakoentzako probak dauzkaten bezala.
  • Inklusio soziala sustatzeko; mikrokredentzialak beren-beregi diseinatzen badira talde zaurgarri jakinei zuzenduta (adibidez, errefuxiatuei begira), inklusiorako lanabes izan daitezke.