Breadcrumb

Edukia

Amaitu da ospitale infekzioen antibiotikoekiko erresistentziaren kontrolari buruzko Iberoamerikako II. jardunaldia

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/11

Irudia

Otsailaren 26an, Bizkaia Aretoko Elhuyar gelan, Acinetobacter baumannii bakterioaren isolamendu klinikoetako antibiotikoekiko erresistentzia kontrolatzeko neurri eraginkorrak diseinatzeko Iberoamerikako II. jardunaldia egin zen. Acinetobacter baumannii Research Group taldeak eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak antolatu zuten, aipatu erakundeen eta Ikerketaren arloko Errektoreordetzaren diru laguntzarekin. Miren Agurtzane Ortizek eman zion hasiera jardunaldiari, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Komunikazioaren, Gizarte Hedakuntzaren eta Euskararen arloko dekanordeak. Bestalde, Txileko Jaime Labarca eta Euskal Herriko (UPV/EHU) Lucía Gallego moderatzaile aritu ziren, eta hainbat aditu etorri ziren: Britainia Handiko Sebastian GB Amyes, Alemaniako Paul G. Higgins, Kantabriako Luis Martínez, Bartzelonako Jordi Vila eta Boliviako taldeko zenbait ikertzaile.

Jardunaldian, superbakterio hori kontrolatzeko alternatibez eztabaidatu zuten, OMEren helburu nagusietako bat horixe baita. Askotan, A. baumannii bakterioaren isolamendu klinikoek tratamendurako antibiotiko guztiei aurre egiteko mekanismoak garatzen dituzte; horrenbestez, beharrezkoa da molekula berriak diseinatzea (molekuletako batzuk saioetan erakutsi ziren). Gainera, kontuan harturik bakterio horrek ondo irauten duela ospitaleko ingurumenean eta desinfektatzaileei aurre egiteko gai dela, bakterioaren ingurumen kontrolean oinarrituriko estrategia berriak proposatu ziren, alternatiba berri gisa.