Cabecera

Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Edukia

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua aurrera doa

Azpiegitura berria 2024-2025 ikasturtean martxan jartzea espero da

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/18

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua aurrera doa, urratsez urrats. UPV/EHUk proiektua bultzatzeko partida bat aurreikusi du, 2021. urterako aurrekontuan. Era berean, joan den martxoan, Bilboko Udalbatzak obrak hastea ahalbidetuko duen hirigintza plana onartu zuen behin betiko.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen instalazioen ondoan kokatuko da. Proiektuak fakultateak berak behin baino gehiagotan egindako eskaerari erantzun zion, eta 2018ko abenduan iragarri zuten garai hartan UPV/EHU eta Eusko Jaurlaritza gidatzeko ardura zuten pertsonek, alegia: Nekane Balluerka Euskal Unibertsitatearen errektoreak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jon Darpón Osasun sailburuak. Eusko Jaurlaritzak egitasmoaren aldeko apustu nabarmena egin zuen.

Aurkezpenean iragarri zutenez, gaur egun Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio Eremuan eta Basurtuko oraingo irakasgunean ematen diren mailetan dauden Fisioterapia, Erizaintza eta Medikuntza ikasleak hartuko zituen eraikin berriak. Horrez gain, eraikin berriak Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizialak hartu behar zituen, hots: Farmakologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Ikerketa Biomedikoa, Mikrobiologia eta Osasuna, Neurozientziak, Osasun Publikoa, Zahartze Osasungarria eta Bizi Kalitatea.

Proiektu honen bidez, euskarazko eta gaztelaniazko prestakuntza eskaintza areagotu, irakaskuntzaren eta praktiken kalitatea hobetu, Osasun Zientzien arloko ikerketan sakondu, ezagutzaren transferentzia bultzatu, eta lankidetza estua sortu nahi da osasun sektorearekin. Hau da, egitasmo honen helburu bakarra ez da azpiegitura bat eraikitzea, euskal gizartearen aberastasun sanitarioa, intelektuala, ekonomikoa eta kulturala areagotzea baizik. Esate baterako, sinergia garrantzitsuak sortzea aurreikusten da, ingeniaritza biomedikoaren eta simulazioaren eta errealitate birtualaren garapenerako.

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza eta Osasun sailen bitartez, Euskadirako beharrezkoa den azpiegitura honen aldeko apustu garbia egin du, osasun arloko profesionalen belaunaldi aldaketa bermatuko baitu. UPV/EHUk goi mailako prestakuntza bultzatuko du fakultate berrian, orain arte egin duen moduan, eta horrek herrialde osoarentzako onura ekarriko du.

Proiektuaren aurkezpen publikoa egin eta urtebetera, 2019ko abenduan, LKS Ingeniaritza kooperatibari laguntza teknikoari lotutako lanak adjudikatu zitzaizkion, proiektua idazteko eta eraikin berriaren obra zuzentzeko.

Eraikina 7.743 metro koadroko lursail batean egingo da, eta eraikitako azalera erabilgarriak, berriz, 45.233 metro koadro izango ditu. Aurreikuspenen arabera, 2024-2025 ikasturtearen bigarren seihilekoan fakultatearen ikerketa jarduera eta ikasketak hartuko ditu azpiegitura berriak.

Eraikinari buruzko beste albiste batzuk