UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/15

Ezkerretik eskumara, Balluerka, Uriarte eta Darpón. (UPV/EHU)

• Eusko Jaurlaritzak Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria bultzatuko du Bilbon, Basurtoko Ospitalearen alboan

• Eraikin berriak Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako gradu ikasketak aterpetuko ditu, baita Osasun Zientzien alorreko sei Master ofizial ere

• Onarturiko proiektuak 52.129.632 euroko inbertsioa aurreikusten du

• Fakultate berria errealitate bihurtuko da 2024-2025 ikasturtean

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Jon Darpon Osasunekoak eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria bultzatzeko proiektua aurkeztu dute gaur goizez Bilbon.

Hezkuntza Saileko eta UPV/EHUko ordezkariek azken hilabeteetan burututako lanaren ondotik, etorkizuneko Fakultatearen proiektua definiturik dago jada. Proiektu integrala da, eremu guztietan formazioa eskaini eta ezagutza sortzea helburu duena, egitura sozio-ekonomikoarekin elkarlana bultzatuz, eta ikerketaren gizarterako transferentzia erraztuz.

Hasieratik aurreikusia zegoen eran, etorkizuneko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Bilbon kokatuko da, Basurtoko Ospitalearen ondoan. Eraikin berri honek hartuko ditu Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako graduak, eta baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizialen irakaskuntza ere: Farmakologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Ikerketa Biomedikoa, Mikrobiologia eta Osasuna, Neurozientziak eta Osasun Publikoko Unibertsitate Masterrak, eta Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea.

Gaur aurkeztu den proiektuak 52 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du. Horietatik 45 milioi Eusko Jaurlaritzak ipiniko ditu, eta eraikina jasotzera zuzenduko dira. UPV/EHUk gainerako 7 milioi euroen kudeaketa hartuko du bere gain, altzari eta ekipamenduak, lizentziak zein tasak ordaintzeko. Horretarako Unibertsitatea gainontzeko euskal erakundeekin ari da lanean eta laster emaitza onak lortuko dituelakoan dago.

Proiektua definitu ondoren, Hezkuntza Sailak zein UPV/EHUk berau exekutatzeko beharrezko izapideei ekingo diete, oinarrizko arkitektura proiektua diseinatzetik hasita.

  • 2019an, azpiegitura honen oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua idazten hasteko urratsak egingo dira.
  • 2020an eraikuntza lanen kontratazioa burutuko da, lanak urte horren amaieran hasteko helburuarekin.
  • Etorkizuneko Fakultateak 32.000 metro koadroko azalera eraikia izango du.
  • Azpiegitura berria 2024-2025 ikasturtearen hasierarekin bat eginez bihurtuko da Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearentzako aterpe.

50 urteko ibilbidea

Medikuntza Fakultatearen 50. urteurrenarekin bat eginez, gaur aurkeztu den proiektuak etorkizuneko profesionalen formazioaren alde egiten jarraitzea du helburu, unibertsitate publikoak azken mende erdian egin duen lana sendotuz. Horretarako, proiektu honek bere asmoen artean ditu: euskarazko nahiz gaztelaniazko formazio-eskaintza hedatzea; Osasun Zientzietako ikerketan sakontzea; ezagutzaren transferentzia sustatzea; eta osasun sektorearekin lankidetza estuan aritzea. Fakultate berriaren proiektuari bultzada ematea, hala ere, ez da soilik Fakultatearen azpiegituraren eraikuntzara mugatzen. Izan ere, euskal gizartearen aberaste intelektual, ekonomiko zein kulturalerako ekarpen handia egingo baitio, osasun arloari berari egingo diona ahaztu gabe. Horrela bada, adibidez, sinergia handiak gertatzea aurreikusten da, Ingeniaritza Biomedikoko Zentro Aurreratuaren ezarpenarekin.

Euskal gizartearen etorkizunak Fakultate moderno eta eguneratua eskatzen du, osasun arloan profesionalik onenak prestatuko dituena. Eusko Jaurlaritzak gizartearen zerbitzura egongo den tresna eraginkor honen aldeko apustu irmoa egin du. Hurbiltzen ari diren aldaketa sozialek ahalegin gehigarria eskatzen dute norabide horretan: beharrezkoa da kalitatezko eta ikasle kopuru handiagoa hartzeko gaitasuna izango duen prestakuntza bultzatzea.

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren bitartez, Euskadirentzat beharrezko den azpiegitura baten aldeko erabateko apustua egiten du, osasun arloan diharduten egungo eta etorkizuneko profesionalen arteko belaunaldi-aldaketa bermatuko duen azpiegitura. UPV/EHUk, orain arte egin duen bezala, maila goreneko prestakuntza sustatuko du Fakultate berrian, herrialde guztiaren mesedetan eragingo duena.