Arau zehatzak, Erizaintzako (Leioa) Kanpoko Praktiketarako. 2025/2026 Ikasturtea
Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, Universidad del PaísVasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
Arautegi honek gobernatzen ditu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintzako (Leioa) eta Fisioterapiako Kanpoko Praktikak, eta kokatzen da UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiaren baitan (2019ko uztailaren 19ko Gobernu Kontseiluan onartua).
ERIZAINTZAKO GRADUA (LEIOA)
- Ikasleek Erizaintzako Practicumaren Irakaskuntza Gida ezagutu behar dute, bertan zehazten baitira praktiken ezaugarri espezifikoak eta haien bidez eskuratu beharreko gaitasunak, bai eta gaitasunen araberako Ebaluazio Gida ere.
- Praktikak ikasturtean zehar egiten dira, Erizaintzako Graduko (Leioa) praktiken egutegian zehaztutako epeetan.
- Zentroak telematikoki hautatu beharko dira. Plazak espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera esleituko dira.
- Ebaluazio sistema irakaskuntza gidetan zehazten da.
- Praktikak hasi aurretik, egin bitartean eta amaitu ostean kontuan hartu beharrekoak:
- Ezin da epe bera hautatu practicum baterako baino gehiagorako; hau da, ezin dira egin aldi berean bi practicum edo gehiago.
- Praktikaldi bakoitzak hasteko eta amaitzeko data jakin bat dauka. Practicumak ezin dira ezarritako epeetatik kanpo egin, salbuespenetan izan ezik, eta halako eskaerak behar bezala justifikatu beharko dira, eta Praktiken Batzordeak aztertu eta baimendu egin beharko ditu.
- Praktiketako ikasleek erantzukizun zibileko aseguru bat daukate, praktikaldian zehar hirugarrenei sor liezaieketen kalteari aurre egiteko.
- Praktikei inguruko informazio eguneratua Erizaintzako Graduaren (Leioa) web orrian dago, eta ohiko bideetatik jakinaraziko da (posta elektronikoa, eGela eta abar).
- Irakaskuntza gidak Leioako Erizaintzako Graduaren web orrian daude.
- Gaitasunen araberako ebaluazio gidak Erizaintzako Graduko eGelan daude.
- Ikasleen betebeharrak praktika zentroan:
- Ikasleek jakin behar dute zentro asistentzialak non dauden. Fakultatea edo erakunde lankidea jarriko da harremanetan ikaslearekin praktikaldia hasi aurretik; ikasleek debekatuta dute harremanetan jartzea erakundeekin praktikaldia hasi arte.
- Ikasleek goizeko ordutegia (08:00-15:00), arratsaldekoa (15:00-22:00) edo ordutegi aldakorra hauta dezakete, salbuespenetan izan ezik (salbuespenak praktiken eskaintzan adieraziko dira, matrikulan). Beharbeharrezkoa da praktiken ordutegia zorrotz betetzea. Hala egin ezean, suspentsoa jarriko da, irakasgaiaren Irakaskuntza Gidan zehaztutakoari jarraikiz. Ordutegi aldakorra hautatuz gero, zentroak zehaztuko du zernoiz praktiken hasieran. Goizeko eta arratsaldeko txandak tartekatu ahal izango ditu, eta laugarren mailan gauekoak ere suertatu ahal izango dira (gehienez bi aldi bakoitzean). Zentroak ezarritako ordutegia eta egutegia bete beharko dira.
- Ikasleek ezin izango dute aukeratu eurak erabiltzaile diren osasun zentroa praktikak egiteko. Eurena aukeratuz gero, beste ikasle guztiek aukeratu ondoren libre geratu den beste zentroren bat esleituko zaie
- UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiari jarraituz (Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 12an onartua), ikasleek ez dute inongo kontratu harremanik izango praktikaldia egingo duten enpresa edo erakunde publiko edo pribatuarekin ez unibertsitatearekin.
- Praktikaldian ikasleek ezagutu eta bete beharko dituzte prestakuntza jasotzen ari diren osasun erakundeko funtzionamendu arauak.
- NAHITAEZKOA da sekretu profesionala zorrotz gordetzea. Hala egin ezean, suspentsoa jarriko da, irakasgaiaren Irakaskuntza Gidan zehaztutakoari jarraikiz
- Elkarrenganako begiruneak gobernatuko ditu ikaslearen eta erabiltzaileen arteko harremanak eta ikaslearen eta osasun langileen artekoak.
- Irakasguneetan dauden bitartean ikasleek betetzen dituzten zeregin asistentzialak bertako instruktoreen ardurapean egongo dira.
- Praktiketako zereginetan dihardutela ikasleei arazoren bat sortzen bazaie, 24 orduko epean esan beharko diete, beranduenik, praktika zentroko arduradunei, Praktiken Batzordeari eta fakultateko tutoreari. Hala egin ezean, suspentsoa jasoko dute Practicumean.
- Ikasleek praktiketara huts eginez gero, arrazoi justifikatuengatik izan arren, ERREKUPERATU EGIN BEHARKO DITUZTE ordu guztiak, nahitaez.
- Praktikak lanarekin bateratu nahi dituzten ikasleek horretarako eskaria egin beharko dute 2025eko uztailaren 26tik 29ra bitartean, praktiken inguruko eskaeretarako formularioa erabiliz, eta behar diren ziurtagiriak erantsi beharko dituzte. Eskaera epez kanpo aurkeztuz gero, baztertu egingo da. Webgunean dago informazio guztia: https://www.ehu.eus/eu/web/medikuntza-erizaintza-fakultatea/praktikak-eta-lan-jarduera-bateragarri-egitea-erizaintzako-gradua-leioa. Epez kanpo aurkeztutako eskariak ez dira aintzat hartuko, baina, salbuespenez, 2025eko uztailaren 29aren ostean aldatu diren egoerak aztertuko dira.
- Ikasleek Practicumeko irakaskuntza eta ebaluazio gidak ezagutu beharko dituzte, eta bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, bai eta praktikaldian eskuratu beharreko gaitasunak ere.
- Unitate asistentzialetan DEBEKATUTA DAGO eskuko telefonoa erabiltzea eta, praktiketako zentroaren politikaren arabera, suspentsoa jaso dezakete telefonoa erabiltzen duten ikasleek. .
- Praktiketan hasi aurretik kontuan hartu beharreko gauza garrantzitsuak:
- Praktiken lehen egunean ikasleek aurpegiko argazki txiki bat eraman behar dute, zentroak emango dien identifikazio txartelerako. Ikusteko moduan eraman beharko dute txartel hori beti praktikaldian
- Ikasleek uniformea eraman beharko dute praktiken lehen egunean (kasaka zuria, praka zuriak eta oinetako zuri itxiak, irrista ez egitekoak), Leioako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak ezarritako ereduari jarraituz. Zentro batzuetan arropak espezifikoak eta derrigorrezkoak dira, eta halakoetan argibide zehatzak emango zaizkie ikasleei.
- Lehen egunean ikasleek bulegoko materiala (boligrafoak, errotuladoreak etab.) eta punta motzeko artaziak eraman beharko dituzte.
- Gerta liteke praktika zentroan ikasleei zenbait dokumentu eskatzea (datuen konfidentzialtasunari buruzkoak): ikasleek NAHITAEZ bete eta aurkeztu beharko dituzte praktika klinikoak egin ahal izateko.