Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna (edukia)

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna 2024

Animazio sorta baten estreinaldia

Otsailaren 21ean Nazioarteko Ama Hizkuntzaren Eguna da. Egun hori garrantzitsua da munduko hizkuntza aniztasuna gogoratzeko eta, batez ere, hizkuntza gutxituetan eta galzorian daudenetan arreta jartzeko. Horren harira, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedran aurten ekimen berezi bat prestatu dugu gure ekarpena egiteko egun honen ospakizunean.

Hori dela eta, jendaurrean estreinatuko dira Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak lankidetzan sortutako animazio sorta bat. Mundu zabaleko komunitateetako ipuin herrikoietan oinarritzen diren bost bideo dira, euskaraz eta katalanez egongo direnak ikusgai. Ipuin horiek Kataluniako TV3ko Una mà de contes programarako ekoiztu dira modu profesionalean.

Aukeratutako bost ipuinek ahozko tradizioetan dute jatorria: Euskal Herria, Hego Amerika, Erdialdeko Amerika, Ipar Amerika eta Australiako komunitate indigenak. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako taldeak ipuinak berrinterpretatu ditu. Egokitzapena, bestetik, Mireia Vidalek egin du, haur-literaturako idazleak eta Serra de Oro sariaren irabazleak. Gustavo Rosemffedek (Gusti) hartu du ilustrazioak egiteko ardura, Bologna Children's Book Fair  sariaren irabazleak eta EINA eskolako ilustrazio-irakasleak. Manuel Barrios Lucena eta Isidre Rosich Borges izan dira hurrenez hurren zuzendaria eta ekoizlea.

Ikusi hemen animazioak!

Hizkuntza gutxituetako hiztunen bikoizketak

Afrikako Santo Tomé eta Printzipen gauzatutako proiektu batean egin zen Una mà de contes programako animazio baten bikoizketa forroz. Maria Montroy-ren,  Cooperación Bierzo Sur Gobernuz Kanpoko Erakundearen eta MHOU Katedraren lankidetzaren emaitza izan zen lehendabiziko bikoizketa ez-profesional hori. Diseinatu zen tailerraren bidez belaunaldi zaharra (galtzear dagoen forro lehen hizkuntzatzat duena) eta belaunaldi berria (forro galduta duena eta lehen hizkuntza portugesa duena) gerturatu nahi ziren eta elkarrekin jarri lanean, besteak beste, hizkuntzekiko sentiberatasuna sustatzeko.

Bikoizketa egiteko aukeratu zen animazioa Una má de contes programako “El sol i la Lluna” izan zen. Programaren arduradunen prestutasunari esker, bikoizketa egiteko  baimena lortu eta lana burutu ahal izan zen: https://www.ccma.cat/tv3/sx3/el-sol-i-la-lluna/video/6093965/ 

Hortik etorri zen ondoren sinatu zen lankidetzarako hitzarmena Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals-en eta MHOU Katedraren artean, eta aipatutako bost ipuinok ekoitzi ziren katalanez eta euskaraz animazio-sortzaile profesionalen eskutik.

Baina Katedrak, ohi bezala, hizkuntza gutxituak jomugan izanik, beste erronka bat jarri du mahai gainean TV3ren lankidetzari esker: forroarekin egindakoari  jarraiki, ipuin berriok munduko beste hizkuntza gutxituetan ere jartzea. 2023ko uztailean HIGAk (Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa) eskaini zigun egitasmoa abian jartzeko foro egokia. Bertan parte hartu zuten hiztun gazteei esker lortu ziren behean dituzuen Eguzkilore ipuinaren bikoizketak.

HIZKUNTZA ESTEKA
Frankoproventzera Ikusgai
Ladino Ikusgai
Nahuat Laster ikusgai
Saami Laster ikusgai
Tyap Ikusgai

TV3 eta MHOU Katedraren artean prestatutako animazioen aurkezpen-ekitaldia

Otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna, izango da animazioen aurkezpen ofiziala egiteko eguna Katalunian eta Euskal Herrian. Emanaldia Arabako Campuseko pabilioian izango da, 12:30-13:30 bitartean, Nazioarteko ikasleei harrera egiteko ekitaldiaren barnean. Animazioak erakusteaz gain, hizkuntza aniztasunari buruz eta horiek sortzeko prozesuari buruz jardungo dugu.

Nazioarteko ikasleei harrera egiteko ekitaldiaren programa orokorra: https://www.ehu.eus/eu/web/ikasi/harrera-egunak 

 

 

Irudia