Eduki publikatzailea

Unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenenprozedurari buruzko arautegia

III. kapitulua. Master ikasketen edukia

5. artikulua.- Master proposamenen edukia eta baldintzak..

Masterretarako proposamenek honako informazio hau izango dute:

1.- Tituluaren deskribapena.

1.1.- Masterraren izenburua edukiekin identifikatu behar da, eta diziplinarekiko koherentzia gorde behar du.Era berean, ez du gaizki ulerturik eragingo arlo profesionalean izan ditzakeen ondorioen inguruan, eta ez da bat etorriko unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartutako beste izen batekin.

1.2.- Masterraren antolakuntzaz, garapenaz eta kudeaketaz arduratzen den ikastegia.Unibertsitate arteko masterren kasuan, masterraren antolakuntzan eta garapenean parte hartzen duten erakundeak aipatuko dira.

1.3.- Irakaskuntza mota: presentziala, erdi-presentziala edo urrunekoa.

1.4.- Ikasle berrientzako eskainitako plazak.Titulua ematen den lehen bi urteetarako estimazioa.

1.5.- Ikasleek gainditu beharreko kreditu kopurua eta banaketa:nahitaezkoak, hautazkoak, curriculumeko kanpo praktikak, halakorik balego, eta master amaierako lana.

1.6.- Ikasleko matrikula kredituen gutxieneko eta gehieneko kopurua eta eskolaldia, arduraldi osoan eta arduraldi partzialean.

1.7.- Masterrek prestakuntza osagarriak eduki ditzakete kredituetan, eta masterraren barruan edo kanpoan egon daitezke.Edonola ere, masterraren ikasketa planak prestakuntza osagarrikoak ez diren master mailako 60 ECTS kreditu eduki beharko ditu gutxienez.Prestakuntza osagarriak masterraren barruan sartzen direnean, haren iraupenak berdina izan beharko du ikasle guztientzat eta ez ditu izango 120 ECTS baino gehiago.

Masterraren zati izan edo izan ez, master mailako kreditutzat hartuko dira prezio publikoetarako eta bekak edo laguntzak emateko.

1.8.- Indarreko araudiaren arabera, tituluaren gehigarri europarra igortzeko beharrezkoa den gainerako informazioa: jakintza adarra, azterketa arlo nagusiak (ISCED), ikerketa edo lan orientazioa, UPV/EHUk bakarrik antolatutakoa edo batera antolatutakoa (estatukoa edo nazioartekoa), tituluaren planifikazioari eta koordinazioari buruzko azalpen labur bat, titulua ematen duen erakundea, prestakuntza prozesuan erabilitako hizkuntzak eta, hala behar bada, hizkuntza gaitasunak, zer lanbidetarako gaitasuna ematen duen, eta tituluaren beste eskakizun batzuk.

1.9.- Nazioartean batera antolatutako masterren kasuan, izenpetutako hitzarmenean erakunde parte hartzaileen artean adostutako kalifikazio sistema deskribatuko da.Hainbat kalifikazio sistema erabiltzen badira, baliokidetzeen taula emango da.

1.10.- Tituluaren kategorizazioa.Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, hiru bektoreetako bakoitzean zer maila (oinarrizkoa, tartekoa edo aurreratua) lortzea aurreikusten den zehaztuko da:a) Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, b) Nazioartekotzea eta c) Enpresa eta erakundeekiko harremanak, kasu bakoitzean justifikatuta zergatik espero den maila hori lortzea.

1.11.- Halakorik bada, adierazi beharko da prestakuntza dualeko master bat den edo ibilbide dual bat duen.

2.- Justifikazioa, proposamenaren egokitzapena eta prozedurak.

2.1.- Proposatutako titulua justifikatuko da, haren interes akademikoa, zientifikoa edo profesionala argudiatuz.

2.2.- Unibertsitatearen kanpoko erreferenteak, proposamena antzeko ezaugarri akademikoak dituztentituluetarako estatuko edo nazioarteko irizpideetara egokitzen dela bermatuko dutenak.

2.3.- Ikasketa plana egiteko erabilitako barne eta kanpo aholkularitza prozedurak deskribatuko dira.Profesionalen, ikasleen edo beste kolektibo batzuen artean egin daitezke (elkarteak, enpresak, elkargo profesionalak, etab.).

2.4.- Lehenengoz proposatutako masterren kasuan, ikasle berrien eskaeraren aurreikuspenak antzeko tituluetan azken ikasturteetan erregistratutako eskaera aipatu beharko du.Frogatu beharko da, gutxi gorabehera bada ere, proposatutako ikasketak 20 ikasle berri inguru izango dituela, behar bezala arrazoitu beharreko salbuespenetan izan ezik, zeinek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren berariazko onespena beharko baitute.

3.- Tituluaren helburuak eta gaitasunak.

3.1.- Proposamena egituratzeko, masterraren orientazio orokorra islatuko duten helburuak hartuko dira abiapuntutzat.Helburu horiek tituluari eman nahi zaion orientazioa ezagutzea ahalbidetuko dute, eta lagungarriak izango dira ikasleek ikasketetan lortu behar dituzten eta titulua lortzeko eska daitezkeen gaitasunak ulertzeko.Unibertsitate masterraren xedea ikasleak prestakuntza aurreratua jasotzea izango da. Prestakuntza hori diziplina anitzekoa eta espezializatua izango da, ikasketa edo laneko espezializaziora orientatuta egongo da, edo ikerlana bultzatzeko xedea izango du.

3.2.- Gaitasunak: oinarrizkoak, zeharkakoak eta espezifikoak.Curriculumaren ekintza guztien xedea izango da ikasleek gaitasun horiek eskuratzea; beraz, ikasketa planean jaso beharko dira.Gaitasunak ebaluagarriak izango dira.

3.3.- Tituluaren oinarrizko gaitasunak.Bermatuko dira, gutxienez, Goi Mailako Hezkuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruan (MECES) ageri diren gaitasunak eta masterraren oinarrizko gaitasun hauek:

  1. Ideiak garatzeko eta aplikatzeko originalak izateko oinarri edo aukera emango duten ezagutzak edukitzea edo ulertzea, askotan ikerketaren testuinguru batean.

  2. Ikasleek eskuratutako ezagutzak eta arazoak konpontzeko gaitasuna aplikatzen jakitea, testuinguru berrietan edo ikasketa arloari lotutako testuinguru zabalagoetan (edo diziplina anitzekoetan).

  3. Ikasleak ezagutzak osatzeko gai izatea, eta osatugabea edo mugagabea den informazio batetik abiatuta iritziak emateko konplexutasunari aurre egiteko gai izatea. Horrez gain, beren ezagutzei eta iritziei lotutako eta erantzukizun sozial eta etikoei buruzko hausnarketak egiteko gai izatea.

  4. Ikasleek publiko espezializatuei eta ez espezializatuei beren ondorioak -eta horiei eusten dieten ezagutzak eta arrazoiak- helaraztenjakitea, modu argi batean eta anbiguotasunik gabe.

  5. Ikasleek beharrezkoak diren gaitasunak edukitzea, hein handi bateanmodu autogidatuan eta autonomoan ikasten jarraitu ahal izateko.

3.4.- Espainian araututako jarduera profesionaletan jarduteko tituluak direnean, Gobernuak baldintzak ezarri ahal izango ditu. Ikasketa planak baldintza horietara egokitu beharko dira eta, edonola ere, arloan aplikagarria den Europako legedira ere.Nolanahi den, ikasleak lanbide hori betetzeko gaitasunak lortu behar ditu eta, beraz, ikasketa planak helburu hori lortzeko beharrezkoak diren edukiak izan behar ditu.Hori horrela izanik, unibertsitateak ikasketa planak baldintza horietara egokitzen direla justifikatuko du.

4.- Ikasleak sartzeko baldintzak eta onartzeko irizpideak.Kredituak onartzea eta transferitzea.

4.1.- Matrikulatu aurretik informazioa eskuratzeko sistemak eta ikasle berriak hartzeko eta orientatzeko prozedurak emango dira, unibertsitaterako eta irakaskuntzarako sarbidea errazte aldera.

4.2.- Sarrera baldintzak, onarpen irizpideak eta merezimenduen balorazioa.Hala behar bada, hautapen prozesuaren sarrera baldintzak edo proba bereziak aipatuko dira.

4.3.- Matrikulatutako ikasleentzako laguntza eta orientazio sistemak.

4.4.- Kredituak transferitu eta aitortzeko sistemak zehaztu behar dira, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko 6. artikuluaren eta UPV/EHUko Unibertsitate Masterrak Kudeatzeari buruzko Arautegiaren arabera.

4.5.- Ikasketa planak curriculumekoak ez diren kanpoko praktiken bidez ikasleek lortutako hautazko kredituak aitortu ahal izango ditu.Praktika horien aitortzarako aintzat hartuko dira UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktiken Araudia eta Unibertsitate Masterrak Kudeatzeko Arautegia.Praktiken bidez kredituak lortzeari dagokionez, praktiketako 25 ordu ECTS kreditu baten baliokide izango dira.

4.6.- Zenbait diziplinatan prestakuntza osagarriak jaso ahal izango dira, ikasleak lehendik egiaztatutako prestakuntzaren arabera.Halakorik bada, masterrean onartua izateko beharrezkoak diren prestakuntza osagarriak deskribatu behar dira.

5.- Ikasketen plangintza.

5.1.- Ikasketen egitura:

  • 5.1.a) Ikasketa planaren kredituen banaketa: nahitaezko eta hautazko kredituak, ikasleek gainditu behar dituztenak.
    Ikasketa planean eskainitako kreditu osoen kopurua ezingo da izan ikasleek gainditu beharreko kreditu kopuruaren % 150etik gorakoa.
    Eskainitako hautazko kreditu osoen kopurua ezingo da izan ikasleek gainditu beharreko hautazko kreditu kopuruaren % 200etik gorakoa.
    Unibertsitate arteko masterretan, muga horiek gainditu ahal izango dira, baldin eta gainditutako kopuruak beste unibertsitateek bereganatzen badituzte.
    Edonola ere, ikasturte bakoitzerako hautazko irakasgaiak Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak horretarako emandako araudiaren arabera eskainiko dira.
    Oro har, masterraren irakasgaien irakaskuntza talde bakarra emango da, behar bezala justifikatutako salbuespenetan izen ezik. Salbuespen horietarako beharrezkoa izango da Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzaren aldeko txostena edukitzea.

  • 5.1.b) Espezialitateak: masterrak espezialitatetan konfiguratu ahal izango dira, baldin eta aurreko atalean aipatutako muga orokorrak errespetatzen badira.

  • 5.1.c) Irizpide propioak: irizpide propio ofizialak dituzten unibertsitate masterretan, irizpide horiek lehenetsiko dira, arautegi honetan ezarritako irizpideen gainetik.

  • 5.1.d) Curriculumeko kanpoko praktikak: halakoak badira, gutxienez nahitaezko 6 kreditu izango dituzte, eta gehienez ikasketa planaren kreditu osoen % 25. Masterrak orientazio profesionala badu, ikasketa planean curriculumeko praktikak sartzea gomendatzen da.

  • 5.1.e) Curriculumekoak ez diren kanpoko praktikak: proposamenak borondatezko praktikak egiteko aukera aurreikusten badu, aitortu beharreko hautazko kredituen gehieneko kopurua adieraziko da, baita horrelako praktiketan parte har dezaketen ikasleen ehunekoaren estimazioa ere.

  • 5.1.f) Master Amaierako Lana (6-30 ECTS artean): ikerketara orientatutako masterretan Master Amaierako Lanaren kredituen kopurua gutxienez 12 ECTS izatea gomendatzen da.

  • 5.1.g) Kanpoko praktiken eta Master Amaierako Lanaren kredituen baturak ezingo du gainditu ikasketa planaren kreditu kopuru osoaren % 50.

5.2.- Ikasketa planaren planifikazioaren, irakaskuntza koordinatzeko bitartekoen eta emateko lekuen azalpen orokor bat. Informazioa emango da ikasketa planari buruz (denborazko sekuentzia eta emateko modalitatea), bertako nahiz kanpoko ikasleen mugikortasun plangintzari eta kudeaketari buruz, eta irakaskuntza koordinatzeko prozedurei buruz.

Unibertsitate arteko programetan, ikasleentzako aurreikusitako mugikortasun eskema azalduko da, eta ikasle guztiek UPV/EHU ez den beste unibertsitate batean emandako irakasgaiak egiten dituztela bermatuko du.

5.3.- Bertako eta kanpoko ikasleen mugikortasuna.

Mugikortasuna eta haren egokitzapena justifikatzea, tituluaren prestakuntza helburuak aintzat hartuta. Ikasleen trukerako lankidetza hitzarmenak eta akordioak sartzea, baita unibertsitateak edo beste erakunde batzuek finantzatutako mugikortasunerako laguntzen programak edo deialdiak ere.

Mugikortasun programak edo hitzarmenak egonez gero, zehaztu mugikortasun hori zer prozeduraren bidez antolatuko den.

5.4.- Ikasketa planean jasotako irakasgaien eta, hala badagokio, moduluen deskribapen zehatza.

  • 5.4.a) Irakasgaien eta, hala badagokio, moduluen izenak.

  • 5.4.b) Irakasgaiko eta, hala badagokio, moduluko kreditu kopurua, irakasgaiko gutxienez 3 ECTS aurreikusita.
    ECTS kreditu bakoitza ikaslearen 25 lanorduren parekoa da, eta kredituak ikasleak ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko egin beharreko lanari dagozkio. Lanordu horietan honako hauek sartzen dira: eskola orduak, bai teorikoak eta bai praktikoak; ikasteko orduak; mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko orduak; eta, azterketak eta ebaluazio probak prestatu eta egiteko eskatutako orduak.

  • 5.4.c) Ikasketa planaren denboraren planifikazioa (urtekoa, seihilekoa, lauhilekoa, hiruhilekoa edo astekoa, etab.) eta sekuentzia (ikasturtea, hala behar bada, eta lauhilekoa).

  • 5.4.d) Nahitaezkoa edo hautazkoa.

  • 5.4.e) Emateko modalitatea. Irakasgai bakoitza zer modalitatetan emango den adieraziko da: presentziala, erdi-presentziala edo urrunekoa.

  • 5.4.f) Ikasleak irakasgai edo, halakorik bada, modulu horretan eskuratutako gaitasunak eta haien zehaztapena ikaskuntza emaitzetan.

  • 5.4.g) Edukiaren deskribapen laburra.

  • 5.4.h) ECTS kredituak dituzten prestakuntza jarduerak, presentzialtasun portzentajea, ikaskuntza-irakaskuntza metodologia, eta haren erlazioa ikasleak eskuratu beharreko gaitasunekin.

  • 5.4.i) Ikaskuntza emaitzak eta gaitasunak ebaluatzeko erabiliko den ebaluazio sistema.

  • 5.4.j) ISCED sailkapenaren kode bat izango dute, lau edo sei digitukoa.

  • 5.4.k) Irakasgaia zer hizkuntzatan emango den. Gomendatzen da masterrean hirugarren hizkuntza bat ere erabiltzea; batez ere, ingelesa, arlo akademikoan gehien hedatutako hizkuntza baita.

  • 5.4.l) Irakasgaiaz arduratzen den sail bakarrari atxikitzea. Beste unibertsitate bati atxikitako irakasgaiei dagokienez, zer unibertsitate den eta irakasgaia antolatzeaz eta emateaz zer organo arduratuko den adieraziko da.

  • 5.4.m) Irakaskuntza metodologiak (tipologiak):

    • Eskola magistrala: M

    • Mintegiak: M

    • Ikasgelako Praktikak: IP

    • Laborategiko Praktikak: LP

    • Ordenagailuko Praktikak: OP

    • Tailer ez-industrialak: TA

    • Tailer Industrialak: TAI

    • Praktika Klinikoak: PKL

    • Landa Praktikak eta Kirol Praktikak: LP eta KP

Irakaskuntza mota bakoitzeko zenbatu beharko da zenbat denbora eskaintzen zaion ikaslearen lan presentzialari eta ez-presentzialari ECTS (25 ordu) kreditu bakoitzeko. Irakasleari kreditu bakoitzeko lan presentzialeko 10 ordu aitortuko zaizkio.

6.- Langile akademikoak.

6.1.- Proposatutako ikasketa plana garatzeko beharrezkoak diren eta prest dauden irakasleak eta giza baliabideak.

Atribuzio profesionalik gabeko master ofizialetan, UPV/EHUko irakasleek gutxienez tituluko kredituen % 60 emango dituzte, eta atribuzio profesionaleko masterretan, gutxienez, % 40. Murrizketa hori ez da kontuan hartuko batera antolatutako masterretan eta Graduondoko Batzordeak behar bezala justifikatu eta baimendutako suposamenduetan.

Orientazio profesionaleko masterretan, kredituen % 70 irakasle doktoreek emango dituzte.

Ikerketa orientazioko masterretako irakasleek doktore izan beharko dute. Salbuespen moduan, doktore ez diren irakasleek ere parte hartu ahal izango dute (gehienez ere masterreko kredituen % 10), baldin eta masterrari balio erantsia ematen dioten erakunde eta enpresetakoak badira. Gaia koordinatzen duten irakasle doktoreen gidaritzapean egingo dute lan.

6.2.- Master amaierako lanak zuzentzeko ardura duten irakasleak.

Master amaierako lanak zuzenduko dituzten irakasle doktoreen zerrenda, masterrean irakasgaiak ematen dituzten irakasleak diren ala ez alde batera utzita. Zerrenda horretan irakasle elebidunak egotea bermatuko da, ikasleek lanak euskaraz aurkezteko aukera izan dezaten.

Irakasle ez-doktoreak master amaierako lanen zuzendarikide izan daitezke, irakasle doktore batekin batera. Salbuespen gisa, Graduondoko Batzordeak irakasle ez-doktoreei master amaierako lanak zuzentzeko baimena eman ahal izango die master profesionaletan, aldez aurretik dagokion justifikazioa aurkeztuta.

6.3.- Irakasleen baimenak eskolak emateko.

Master batean eskolak emango dituzten irakasleek aldez aurretik bere saileko kontseiluaren baimena eskuratu beharko dute. Baldintza hori master proposamenean jasoko da.

Irakasgaien ardura duten sailek masterraren UPV/EHUko irakasleen irakaslanaren banaketa eguneratuko dute urtero, Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak Irakats Eskaintzaren GAUR aplikazioaren bidez ezarritako egutegiak eta irizpideak aintzat hartuta.

Irakasgaiaren ardura duen sailak masterreko irakasleen irakaslanaren banaketan izango diren aldaketa guztiak jakinaraziko dizkio Masterraren Batzorde Akademikoari.

Unibertsitate masterren proposamenetan, estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuetako irakasleen kolaborazioa aurreikus daiteke. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da interesatuaren eta haren unibertsitateko organo eskudunaren oniritzia jasotzea.

Horrez gain, unibertsitateko irakasle ez diren profesionalek eta ikertzaileek parte hartu ahal izango dute, betiere unibertsitateko masterraren Batzorde Akademikoak gainbegiratuta. Horrelakoetan, masterraren arduradunak irakasle parte hartzailea kide den erakundearen baimena beharko du.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleentzako venia docendia emantzat hartuko da Gobernu Kontseiluak onartutako proposamenean jasotako irakasleen kasuan. Proposamen horrek irakasgaiaren ardura duen sailaren aldez aurreko txostena eduki beharko du.

Irakaslanaren banaketaren aldaketa oro UPV/EHUn irakaslana banatzeko indarrean dauden arauen arabera egingo da. Edonola ere, Masterraren Batzorde Akademikoak tituluak irakasleei dagokienez eskatutako baldintzak betetzen direla zainduko du.

6.4.- UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzea.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleen ordainketak masterraren finantzaketaren bidez egingo dira (kanpoko deialdiak, programa kontratuak, kanpoko diru laguntzak, etab.), eta kontuan hartuko dira unibertsitate masterrak kudeatzeko arautegian kasuan kasurako zehaztutako mugak.

6.5.- Kudeaketari, praktiken tutoretzari eta master amaierako lanak zuzendaritzari dagokien irakats betebeharra aitortzea.

Unibertsitate masterren ikasketen kudeaketari, praktiken tutoretzari eta master amaierako lanen zuzendaritzari lotutako irakats betebeharraren aitortza egiteko, aintzat hartuko da Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak araututako irakasle-ikertzaileen Jardun Akademikoaren Planean (JAP) ezarritakoa.

6.6.- Bateraezintasunak

Unibertsitate master bat ematen duten, horren arduradun diren edo koordinazio lanak egiten dituzten irakasleek, UPV/EHUkoek nahiz kanpokoek, ezingo dute master horretan matrikulatu.

7.- Baliabide materialak eta zerbitzuak.

7.1.- Erabilerraztasun unibertsaleko eta denontzako diseinuko irizpideak errespetatuta, planifikatutako prestakuntza jarduerak egingo direla bermatzeko baliabide materialak eta zerbitzuak (espazioak, instalazioak, laborategiak, ekipamendu zientifiko, tekniko edo artistikoa, liburutegia eta irakurketa aretoak, teknologia berriak, etab.) egokiak direla justifikatzea.

7.2.- Ikasketa plana proposatzeko orduan beharrezko baliabide material eta zerbitzu guztiak eduki ezean, zer premia dauden eta nola eskuratuko diren zehaztu beharko da.

8.- Aurreikusitako emaitzak.

8.1.- Ondoren adierazten diren adierazleetarako balio kuantitatiboen estimazioa eta estimazio horien justifikazioa. Akreditazio fasean estimazio horiek aztertuko dira, kontuan hartuta unibertsitateek aurkeztutako justifikazioak eta jarraipenaren ondorioz egindako ekintzak.

  1. Graduazio tasa: ikasketa planean aurreikusitako denboran edo hurrengo ikasturtean (unibertsitatean urte berean sartu zen ikasle taldea erreferentzia hartuta) ikasketak amaitzen dituzten ikasleen ehunekoa.

  2. Ikasketak uztearen tasa: X ikasturtean sartutako ikasle berrien talde batean, tituluan graduatu ez diren eta bi ikasturtez jarraian matrikulatu ez diren ikasleen ehunekoa.

  3. Egresatuen efizientzia tasa: egresatu den tituluan ikasle batek gainditu dituen kreditu kopuru osoaren eta matrikulatu den kreditu kopuru osoaren arteko ehunekoa. (Erreferentziako biztanleria: biztanleria optimoa, master bat hasi eta kreditu guztiak egin behar dituzten ikasleen xede multzotzat hartuta).

Modu osagarrian eta jarraipen prozesuari begira, honako hauek eman beharko dira:

  1. Errendimendu tasa: ikasturte batean matrikulatutako ikasleek gainditutako kredituen kopuruaren eta ikasturte horretan orotara matrikulatutako kreditu kopuru osoaren arteko ehunekoa (aitortutako eta transferitutako kredituak ez dira zenbatzen, ez gainditutako kreditu gisa, ez matrikulatutako kreditu gisa).

8.2.- Ikasleek ikasketetan izandako aurrerapena eta lortutako emaitzak baloratzeko prozedura, kontuan izanda zer gaitasun zehaztu diren. Horien artean, kanpo proben, master amaierako lanen eta abarren emaitzak har daitezke kontuan.

9.- Kalitatea Bermatzeko Sistema (KBS).

Masterraren ardura duen ikastegiak Masterraren Kalitatea Bermatzeko Sistema eguneratua jasota dagoen webgunera sartzeko esteka eman beharko du. Esteka hori justifikazio memoriaren (GAUR aplikazioa) atal honetan sartuko da, Unibasq-ek edo masterra ebaluatzeko prozesuan eskumena duen agentziak kontsulta dezan. Edonola ere, tituluaren Kalitatea Bermatzeko Sistemaren gaineko erantzukizuna ikastegi arduradunarena izango da, Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren laguntzaz, eta dagokion araudian adierazitako alderdiak eduki beharko ditu.

10.- Titulua ezartzeko edo kentzeko egutegia.

10.1.- Titulua ezartzeko kronograma.

10.2.- Plan zaharreko ikasleak, halakoak badira, ikasketa plan berrira egokitzeko prozedura.

10.3.- Proposatutako titulua ezartzearen ondorioz desagertuko diren ikasketak.

11.- Txosten ekonomikoa

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak unibertsitateko Gerentziari eskatuko dio unibertsitate master bakoitzaren proposamenari dagokion txosten ekonomikoa, eta helaraziko dizkio titulua justifikatzeko memoria, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen txostena, beste erakunde eta entitate publiko nahiz pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, halakorik balego, eta, oro har, txosten ekonomikoa egiteko beharrezkoa eta interesekoa den informazio guztia.