Aurkezpena

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa (PharmaNanoGene) taldea Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailera eta Lascaray Ikergunera atxikita dago

PharmaNanoGene taldea Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa talde kontsolidatua da (A motakoa). Bere ikerkuntza jarduerak sendagaien diseinuan eta ebaluazioan kokatzen dira eta gaur egun bost irakasleek, zortzi doktore-aurreko bekadunek eta lau ikerlari doktorek osatzen dute.

Gure ikerkuntza lerro nagusienetariko bat mikro- eta nano-partikuletan oinarritutako administrazio sistema berrien garapenean oinarritzen da; zehazki, disolbagarritasun baxuko farmakoen aho-bidezko xurgapena hobetzeko eta azido nukleikoak administratzeko (terapia genikoa) nanopartikula lipidikoetan. Alor honetan terapia genikoa erabiliz begietako gaixotasunak (X kromosomari lotutako gaztaroko erretinoskisia, besteak beste), gaixotasun metabolikoak (Fabry-ren gaixotasuna) eta gaixotasun kutsakorrak (hepatitis C kronikoa) tratatzeko sistemak garatzen ari gara.

Beste ikerkuntza ildo garrantzitsu bat antibiotikoen analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak osatzen du. Bereziki gaixo larrietan antibioterapia optimizatzea bilatzen dugu. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoa erabiliz bakterio multirresistenteek eragindako infekzio larriak tratatzeko erabiltzen diren antibiotiko berrien eraginkortasuna aurreikustea da lerro honen helburu nagusia.

Azken urteotan taldean Arreta Farmazeutikoarekin erlazionatutako ikerkuntza ildoa bultzatu du. Lerro honen barruan aipagarria da paziente polimedikatuetan arreta farmazeutikoa garatzeko proiektua, CONSIGUE programa nazionalaren barruan dagoena. Erakunde eta Unibertsitate ezberdinek parte hartzen dute programa honetan eta bere helburua honako hau da: jarraipen farmakoterapeutikoa dela medio adineko paziente polimedikatuetan erabiltzen diren tratamenduen eraginkortasuna handitzea eta eragin desiragaitzak gutxitzea.

Azkenik, taldeak sendagai biologikoen arautzeari buruzko ikerlanak ere egiten ditu (zehazki sendagaia bioantzekoei buruz). Industria farmazeutikoan interes handia piztu duen arloa da, produktu hauek merkatuan sartzerakoan minbizia edo gaixotasun autoimmuneak bezalako prozesu larriak dituzten gaixoentzako tratamendu garestien irisgarritasuna handituko baita.

Taldea osatzen duten irakasleek dozentzia ematen dute Farmaziako Graduan, Arabako Esperientzia gelen barruan eskaintzen den "Giza Zientziak titulazioan, Farmakologia. Sendagaien Garapena, Ebaluazioa eta Erabilera egokia masterrean eta Medikamenduen Ikerkuntza eta Ebaluazioa: Teknologia Farmazeutikoaren aplikazioa Terapia Aurreratuen Garapenean Doktorego Programan.

Farmazia Fakultatea
Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saila
Farmazia eta Farmazia Teknologia Arloa
Unibertsitateko Ibilbidea, 7
01006 Vitoria-Gasteiz