riesgo_quimico

Arrisku kimikoa

Arrisku kimikoa agente kimikoen eraginpean sortu daitezkeen arriskuei esaten zaie. Agente kimikotzat hartzen dugu zuzenean nahiz zeharka (gu geu lanean ez egon arren) eragin diezagukeen gaia. Gai kimiko batek hiru bide hauetatik eragin diezaguke: inhalatuta (arnasketa, hauxe da nagusia diferentzia handiz), irentsita (ahotik) eta azaletik sartuta.

Substantzia kimikoak etiketatzeko eta ontziratzeko formatu berria

2010eko abenduaren 1etik aurrera, substantzia kimikoak formatu berri bati jarraituz etiketatu eta ontziratu beharko dira nahitaez. Formatu berria Adostasun Globaleko Sisteman oinarrituta dago; Nazio Batuek sustatzen dute sistema hori, eta CLP izenez ere ezaguna da (Classification, Labeling and Packaging). Prestakinei (substantzia nahasketak) dagokienez, 2015eko ekainaren 1era arte ez da nahitaezkoa izango sistema berriari jarraitzea.

Hala xedatu du Europar Batasunaren 1272/2008 araudiak, 2008ko abenduaren 31n emanak. Horren arabera, 2015eko ekainaren 1era arte erabili ahal izango da gaur egungo sailkapen sistema, baina ez, ordea, etiketatze eta ontziratze sistema. 2010eko abenduaren 1ean merkatuan dauden produktuei dagokienez, formatu berria (jada abiarazia dena) eta formatu zaharra batera izango dira bolada batez; 2012ko abenduaren 1era arte substantziei dagokienez, eta 2017ko ekainaren 1era arte prestakinei dagokienez.

Interesdunek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008/EE araudiaren testuan (pdf, 6,88 MB) aurkituko dute informazio gehiago. Bertan zehaztu dira, hain zuzen, Adostasun Globaleko Sistema Europar Batasunean ezartzeko baldintzak eta epeak.