Docentiaz programaren gainean maiz egiten diren galderak

DOCENTIAZ programari buruz, oro har

Zer da DOCENTIAZ programa?

UPV/EHUko irakasleen irakaskuntza ebaluatzeko programa da. Azken batean, irakatsi eta ikasteko prozesuaren plangintza eta garapena, trebakuntza emaitzak, eta, azkenik, irakasleen irakaskuntza profesionalaren garapena ebaluatzen ditu. Era berean, irakaskuntza zamaren zailtasunari erreparatzeko zenbait egoera faktore hartzen ditu aintzat.

Zergatik da beharrezkoa DOCENTIAZ Programa?

European Association for Quality Assurance in Higher Education elkarteak (ENQA) "Europako Unibertsitate Eremuan kalitatea bermatzeko irizpideak eta gidalerroak" dokumentuaren 1.4. Irakasleen kalitate-bermea atalean azpimarratzen duenez, unibertsitateek irakasleen gaitasuna bermatzeko bitartekoak eduki behar dituzte. Horregatik sortu zen DOCENTIAZ, UPV/EHUko irakasleek irakaskuntza lanaren plangintza, garapena, baliozkotzea eta hobekuntza nola egiten duten ezagutu ahal izateko. Azken batean, irakaskuntza gaitasunari buruzko epaia ematea da helburua; era horretan, irakasle guztien irakaslan profesionala garatzeko baliagarriak diren erabakiak hartu ahal izango dira.

UPV/EHUko ikastegietako tituluak egiaztatzeko sistemetan ere (1393/2007 ED, 861/2010 ED-ak eta 534/2013 ED-ak alda), funtsezko elementuak dira irakaslanaren zein irakasleen kalitatea ebaluatzeko eta hobetzeko prozedurak. Bestalde, AUDIT programak hainbat adierazle hartzen ditu aintzat; hala nola, 1.1. Trebakuntza programen kalitatea, 1.3. Nola bermatzen eta koordinatzen duen ikastegiak irakasle eta ikertzaileen kalitatea, etab. Horiek guztiak DOCENTIAZ programa aplikatuz lortzen dira. Programa honek arreta ikasleengan jartzen duen Ikasketa Kooperatibo eta Dinamikoaren (IKD) eredua hartzen du oinarri (IKD UPV/EHUk sustatzen du eta 2010eko apirilaren 26an onartu zuen Gobernu Kontseiluak).

Nondik eskuratzen dira ebaluazioa egiteko ebidentziak?

UPV/EHUk GAUR, Meta 4 eta ARKHEko datuekin elikatutako aplikazio informatiko bat diseinatu du.

Hala, ebaluazio eskaerari buruzko datuak, Autotxostenarenak, Ikastegiko Kalitate Batzordearen txostenarenak eta ikasleen iritziari buruzko txostenarenak automatikoki jaitsi ahal izango dira UPV/EHUko datu base instituzionaletatik.

Gainera, irakasleek eta Ikastegietako Kalitate Batzordeek aipatutako datu base instituzionaletan ez dauden hainbat ebidentzia bildu ahal izango dituzte, behar izanez gero.

Norentzat da?

DOCENTIAZ programa UPV/EHUko irakasle guztientzat da aproposa, bai funtzionarioentzat bai kontratatuentzat, lanaldi osoan edo partzialean egon. Aldi baterako kontratua duten eta eskaera unean UPV/EHUrekin kontratuzko harremanik ez duten irakasleek DOCENTIAZ programan parte har dezakete, betiere, eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Ez da aintzat hartzen goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetan emandako irakaskuntza.

Zer baldintza bete behar dira DOCENTIAZen parte hartzeko?

Karrerako irakasle funtzionarioek eta lan kontratu finkoa edo kontratu egonkorra duten irakasleek (osoek, agregatuek, edo lankide finkoek) honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  • UPV/EHUrekin gutxienez bost urteko kontratuzko harremana eduki izana.
  • Gutxieneko irakaskuntza zama bat egin izana:
    • 75 kreditu, lanaldi osoan aritzen diren irakasleentzat eta ebaluazio epean, inkestagai diren irakasgai-taldeen artetik gutxienez %50tan ikasleen iritzia jaso izana kurtso akademiko bakoitzean.
    • 45 kreditu, lanaldi partzialean aritzen diren irakasleentzat eta ebaluazio epean, inkestagai diren irakasgai-taldeen artetik gutxienez %50tan ikasleen iritzia jaso izana kurtso akademiko bakoitzean.
    • 45 kreditu, kargu akademikoan dihardutelako eskola ematetik salbuetsita dauden irakasleentzat eta ebaluazio epean, inkestagai diren irakasgai-taldeen artetik gutxienez %50tan ikasleen iritzia jaso izana kurtso akademiko bakoitzean.

Ebaluatu beharreko denboraldian arduraldiz aldatuz gero, gutxieneko irakaskuntza zama modu proportzionalean kalkulatuko da, ondorengo formularen arabera:

((Urteak osoan * Gutx. IZ osoan) + (Urteak partzialean edo karguarekin * Gutx. IZ partzialean)) / Ebaluatu beharreko denboraldiko urte kop.

Adibidez, demagun arduraldi osoko kontratua duen irakasle egonkor batek ebaluazio aldia osatzen duten bost urteetatik bi karguren batean eman dituela. Halakoetan, ondorengoak eskatuko lirateke:

((3 * 75) + (2 * 45)) / 5 = 63 kreditu

Aldi baterako kontratua duten irakasleek (irakasle atxikiek, lankideek, bitarteko lan kontratudunek eta elkartuek) honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  • UPV/EHUrekin gutxienez hiru urteko kontratuzko harremana eduki izana eta ebaluazio epean enkestagai diren irakasgaien artetik gutxienez %50tan ikasleen iritzia jaso izana.
  • Gutxienez 36 kredituko irakaskuntza zama bat egin izana.

Irakaskuntza jardueraren zer denboraldi ebaluatzen da?

Ebaluatuko den irakasle funtzionarioen eta kontratatutako irakasle egonkorren denboraldia GAUR aplikazioan aitortutako kredituei dagozkien azken bost ikasturteei dagokiena izango da.

Aldi baterako lan kontratua duten irakasleei ebaluatuko zaien denboraldia (kontratu urteen arabera) hiru eta bost ikasturte artekoa izango da, GAUR programak aitorturiko kredituei dagozkien azken ikasturteenak.

Eskatutako kredituak lortu ezean, ebaluazio denboraldia luzatu egingo da, harik eta gutxieneko kreditu kopurua lortu arte. Kontuan izan behar da 2003/04 ikasturtea izango dela beti muga. Izan ere, ikasturte horretan hasi ginen irakasleen irakaskuntza zama GAURen gordetzen.

Noiz jarriko da abian DOCENTIAZ programa?

DOCENTIAZ programak fase esperimental bat dauka; bertan, ebaluazio tresnak probatu, eta programa ezartzean urriak edo kaskarrak suertatzen diren alderdiak hobetu egingo dira.

Fase esperimental honetan, lau deialdi egingo dira: lehenengoa 2010eko maiatzean hasi zen, eta 2011ko otsailean amaitu. Bigarrena, 2011ko ekainetik 2012ko martxora arte egin zen. Hirugarrena 2012ko irailean hasi zen, eta 2013ko martxoan amaitu zen. Laugarrena 2013ko irailaren 18an zabalduko da eta urriaren 9ra arte izango dute irakasleek ebaluazio eskaera aurkezteko epea.

Fase esperimentalaren laugarren deialdia garatzeko zer epe aurreikusi dira?

  • Irakasleei eragiten dietenak:
    • Ebaluazio eskaera aurkeztea (bide telematikotik): 2013ko irailaren 18tik urriaren 9ra.
    • Autotxostena osatzea (bide telematikotik): 2013ko azaroaren 6ra arteko epea izango dute irakasleek Autotxostena betetzeko.
  • Ikastegietako Kalitate Batzordeari eragiten diotenak:
    • Ikastegiko Kalitate Batzordeak, edo, hala badagokio, ikastegian DOCENTIAZ txostena egiteko ardura duen batzordeak, telematikoki beteko du txostena, 2013ko abenduaren 4a baino lehen.
  • Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitate Batzordeari eragiten diotenak:
    • Errektoreak izendatu eta Gobernu Kontseiluak berretsitako Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitate Batzordeak (IEUB) bide telematikotik kontsultatu ahal izango ditu irakasleek, Ikastegietako Kalitate Batzordeak eta ikasleek emandako informazioa biltzen duten espedienteak. CUED/IEUBk hiru hilabete izango ditu informazioa aztertzeko eta txostena irakasleari bidaltzeko; hori guztia, datu pertsonalak babesteko printzipioak errespetatuz.

Zer egin behar dut nire irakaskuntza jarduerari buruzko ebaluazioa eskatzeko?

Aplikazio informatikoan sartu, eta LDAP erabiltzaile kontua eta pasahitza sartu beharko dituzu. Automatikoki, ebaluazio eskaeraren datuak deskargatuko dira, eta irakasleak programak nahitaez eskatzen dituen baldintzak betetzen ote dituen adieraziko du. Hala bada, irakasleak irakasgai bat aukeratu beharko du, gerora Autotxostena egin ahal izateko. Irakasgai horrek, hain zuzen, hiru baldintza bete beharko ditu: gutxienez bost ikasle izatea matrikulatuta, irakasgaiari dagozkion kredituen % 30 gutxienez dagoeneko emanda izatea, eta emandako eskolek gutxienez kreditu bat osatzea. Ez da kontuan hartuko ondorengoetako irakaslana: doktoregoa; practicuma; karrera, gradu edo master amaierako proiektuak; eta esperientziaren gelak.

Irakasleak ebaluazio eskaera bidaliko du, eta, hautatutako irakasgaiaren ikaslearen gida erantsiko du.

Eskaera bidali ondoren, elektronikoki erregistratuta geratuko da. Ondoren, irakasleak mezu elektroniko bat jasoko du, eta, bertan, Autotxostena aktibatuta daukala jakinaraziko diote, berak bete dezan.

Bide telematikotik bete behar da Autotxostena, eta GAURetik jaitsi behar dira bertan eskatutako datuak. Azkenik, 2013ko azaroaren 6an amaituko da Autotxostena egiteko aurreikusitako epea.

Zer irakaskuntza gida erantsi behar diot ebaluazio eskaerari?

Irakasle bakoitzak erabiltzen duen gida erantsi behar da, emango den irakasgaiaren inguruko xehetasunen berri izateko ikasleei banatzen diena.

DOCENTIAZen aplikazio informatikorako ba al da erabiltzaileentzako eskulibururik?

Bai. Aplikazio informatikoaren eskuliburu (pdf, 1,76 MB) bat osatu da. Eskuliburu horretan zehaztuta ageri dira aplikazio informatikoaren erabileran eman beharreko pausoak, eta irudi lagungarriak ere badaude. Era berean, aplikazioaren testuinguruan ere eskuragarri egongo da aipatutako aplikazio informatikoaren eskuliburu hori.

Zer egin behar dut nire irakaskuntza jarduerari buruzko ebaluazioa eskatzeko?

Erreklamazioa egiteko denbora tarte bat ezartzea aurreikusi da. Hala, beste epe bat jarriko da, harik eta hautemandako akatsa zuzendu arte. Erreklamazio hori Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuan kudeatuko dute.

Laugarren deialdi honetan kontuan hartuko al da 2012/13 ikasturtean egindako irakaslana?

Ez. Ebaluatuko den denboraldia deialdi bakoitza argitaratu aurreko ikasturtetik hasiko da zenbatzen. Laugarren deialdi honetan, beraz, 2011/12 ikasturtetik atzera. 2003/04 ikasturtea izango da beti muga. Izan ere, ikasturte horretan hasi ginen irakasleen irakaskuntza zama GAURen gordetzen.

Hartzen al da kontuan UPV/EHUren berezko tituluetan ematen den irakaskuntza?

UPV/EHUtik kanpoko ikastegietan ematen den irakaskuntza bezala, berezko tituluetakoa ere ez da aintzat hartzen. Gogoan izan behar da irakaskuntza hau GAUR aplikazioan ofizialki jasotako irakaskuntza betebeharretik kanpo dagoela.

Zer-nolakoa da fase esperimentaleko laugarren deialdi hau?

Deialdi hau (pdf, 146 KB) borondatezkoa da eta programa honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztiei zuzenduta dago. Ezin izango dute parte hartu, ordea, lehenengo eta bigarren eta hirugarren deialdian parte hartu zuten irakasleek.

Zer-nolako balioa dauka fase esperimentalak?

Fase esperimentalak trebatzea du helburu, eta, beraz, irakaslanaren kalitatea hobetzea. Era berean, ebaluazio programari eta UPV/EHUko datu base instituzionaletako datuei euskarria ematen dien aplikazio informatikoa probatzeko ere baliagarria izango da.

Fase esperimentalean parte hartzen badut, gero parte hartu ahal izango dut behin betikoan?

Bai. Horretarako ere bada fase esperimentala. Fase esperimental honetan parte hartzen dutenek behin betiko fasean parte hartu ahal izango dute gero, nahiz eta oraindik ez igaro ebaluazio batetik hurrengora eskatzen diren bost urteak.

Zenbatean behin egin behar da ebaluazioa?

DOCENTIAZ programaren deialdia urterokoa da. Hori bai, irakasle bakoitza bost ikasturtean behin aurkeztu ahal izango da, denbora tarte horrek osatzen baitu ebaluazio denboraldia.

Zein dira DOCENTIAZ programak fase esperimental honetan dituen ondorioak?

  • Irakasleei eragiten dieten ondorioak:
    • Irakaskuntza jardunbide egokiak jendaurrean aitortuko dira eta irakasleei ziurtagiri bat emango zaie.
    • Aurkako ebaluazioa duten irakasleek banakako prestakuntza plan bat egingo dute, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko Errektoreordetzaren laguntzarekin.
    • Ebaluazio onargarria duten irakasleek prestakuntza programetan duten parte hartzearen ziurtagiria aurkeztu ahal izango dute, beren Jarduera Akademikoko Planean irakaskuntza arduraldia justifikatzeko.
    • Ebaluazio oso ona edo bikaina jaso duten irakasleek kredituen bidezko aintzatespena izango dute beren Jarduera Akademikoko Planean datozen bost urteetan, eta hezkuntza berritzeko proiektuetan (HBP) eta BEHATU programan parte hartzeko lehentasuna izango dute.
    • Lortutako emaitzek Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko Errektoreordetzaren prestakuntza programak bideratzeko hobekuntza arloak identifikatzeko balioko dute. Programa horiek aurkako ebaluazioa eta ebaluazio onargarria lortu duten irakasleei zuzenduko zaizkie bereziki.
  • Unibertsitateari eragiten dioten ondorioak:
    • Irakaslana ebaluatzearen emaitzak irakasleen aintzatespen prozedura berriak bideratuko dituzten adierazleetako bat izango dira.
    • Irakaslana ebaluatzearen emaitzak irakasleen kontratazio berriak bideratuko dituzten adierazleetako bat izango dira.
    • Irakaslana ebaluatzearen emaitzak irakasleak prestatzeko politika instituzionalak bideratuko dituzten adierazleetako bat izango dira.
    • Lortutako emaitzak aztertuta, dagokien unibertsitate agintariek banakoen eta taldeen (irakasle talde garrantzitsuen) jardunbide egokiak sustatuko dituzte eta laguntza, orientazioa eta prestakuntza emateko ekintzak burutuko dituzte, kalitatea eta zuzentasuna bultzatze aldera. Horretarako, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko Errektoreordetzaren aholkularitza izango dute.
    • Agintari akademikoek beren jarduera autoebaluatzeko eta beren garapenerako beharrezkoak diren antolakuntzari eta kudeaketari dagozkien aldaketak egiteko erabili beharko dute irakaslanaren ebaluazioan lortutako informazioa.
    • Azkenik, unibertsitate agintarien ardura izango da ebaluazio emaitzak etikoki eta modu gardenean erabiltzea.

DOCENTIAZi buruzko zer dokumentu kontsulta dezaket? Non eskura dezaket informazioa?

Hauek dira dokumentu nagusiak:

Interesa duten pertsonek, bestalde, mezu elektronikoa (sed@ehu.es) edo SED/IEZko iradokizunen postontzira mezua bidalita eska dezakete informazioa. Edo, bestela, honako telefono zenbaki hauetara deituta: 94 601 5109-5103-5954.

Ebaluazioari esker, zer emaitza eskuratzen dira?

A) Irakaslearen amaierako txostena (gehienez 120 puntu).

Txosten honek dimentsioetako bakoitzaren balorazio kuantitatiboa izango du, baita irakaslearen irakaslanari buruzko amaierako balorazio kualitatiboa ere (hemen, nabarmendu beharreko jardunbideak aipatzen dira). Jasotako balorazio kuantitatiboa honela kalifikatuko da:

  • Kontrako ebaluazioa: kontrako ebaluazioa izango da irakaslearen amaierako txostenean 40 puntu baino gutxiago lortzen dituena.
  • Aldeko ebaluazioa: hiru kategoria sartzen dira:
    • Ebaluazio onargarria: ebaluazio onargarria izango da irakaslearen amaierako txostenean 40 eta 60 puntu artean lortzen dituena.
    • Ebaluazio oso ona: ebaluazio oso ona izango da irakaslearen amaierako txostenean 60 baino gehiago eta 90 puntu artean lortzen dituena.
    • Ebaluazio bikaina: ebaluazio bikaina izango da irakaslearen amaierako txostenean 90 puntu baino gehiago lortzen dituena.

B) Ikastegiari edo sailari bidalitako azken txostenek emango dute azken puntuazioa, dimentsiotan banatuta: txosten honetan, irakasleak ondo lan egin izanaren adibide diren jardunbide batzuk adieraziko dira, zabaldu eta aintzat hartuak izan daitezen. Sailari edo ikastegiari bidalitako txosten hori egiteko, ezinbestekoa izango da, hain zuzen, bertan parte hartzen duten irakasleak ikastegi edo saileko kideen % 30 izatea.

Zer gertatzen da kontrako emaitza jasoz gero?

Ebaluazio prozesua amaitu eta gero, ebaluazioan emaitza negatiboa atera duten irakasleek beren hobekuntza plana/proposamena egingo dute, hurrengo ebaluazio deialdira berriro aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenago. Hobekuntza planaren segimendua Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko Errektoreordetzak egingo du.

Lortutako emaitzak izan al dezake ondoriorik irakasleen sustapenean, ordainsarian edo kontratazioan?

Ez. Fase esperimental honek trebatzea du helburu; hala, irakaskuntza jardueraren kalitatea hobetzea eta ebaluazio programa probatzea dira xede nagusiak. Nolanahi ere, hala nahi duten irakasleek zeinahi lehiaketa edo egiaztatze prozesutan aurkeztu ahal izango dituzte beren balorazioaren emaitzak, merezimendu moduan.

Emaitzari helegitea jartzeko aukerarik bada?

Bai. Alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea ezarri da, irakaslearen azken txostena jasotzen den egunetik bertatik zenbatzen hasita. Alegazioak formatu elektronikoan aurkeztuko dira, DOCENTIAZ atariaren bidez; haiekin batera, bidezkoak iruditzen diren agiriak eta ziurtagiriak ere aurkeztu ahal izango dira.

Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitate Batzordeak gutxienez hilabeteko epea izango du jasotako alegazioak aztertu eta haien gaineko erabakiak hartzeko eta amaierako txostena prestatzeko. Amaierako txosten horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari eta honek xede horretarako sortutako Berme Batzordeari bidaliko dio.

DOCENTIAZ programaren informazio iturriei eta ebaluazio tresnei buruz

Nork ematen du irakasle bakoitzaren irakaskuntza jarduerari buruzko informazioa?

Hiru informazio iturri daude: batetik, Autotxostena bete, eta parte hartzen duten irakasleak; bestetik, Ikastegiko Kalitate Batzordean zehaztutako arduradun akademikoak (txostena betetzen dute eta, bertan, informazio objektiboa eman); eta azkenik, lau hilean behin galdetegia bete, eta jasotzen duten irakaslanari buruzko iritzia ematen duten ikasleak (GAURen galdetegia atalean eskuragarri daude horien txostenak 06/07 ikasturtetik aurrera).

Informazio iturri bakoitzak zenbaterainoko pisua dauka ebaluazio osoan?

Autotxostena da funtsezko elementua; hori bai, ikasleek eta Ikastegiko Kalitate Batzordeko kideek emandako informazioak bat etorri beharko du autotxostenean bildutako informazioarekin.

Era berean, Irakaslana Ebaluatzeko Batzordeak protokolo (pdf, 287 KB) bat dauka, eta horrek arautzen du hiru iturriek emandako informazioaren arabera dimentsioei puntuak emateko modua. DOCENTIAZ programaren eskuliburuaren 5. eranskinean ikus daiteke.

Zer da Autotxostena?

DOCENTIAZ programaren autotxosten eredua programaren eskuliburuaren (pdf, 996 KB) 2. eranskinean ikus daiteke.

Nola deskarga dezaket autotxostena?

Autotxostena egin eta gorde ondoren, "dokumentua sortu" sakatu behar da PDFa sortzeko, dimentsio bakoitzaren amaieran agertzen den"PDFa egin" atalaren barruan. Dokumentua behin sortuta, ordenagailutik kontsultatu edo gordetzeko, "dokumentua ikusi" testuan sakatu behar da, "PDFa egin" atal berean.

Zer da Ikastegiko Kalitate Batzordearen txostena?

Ikastegiko Kalitate Batzordeko kideek irakaslearen irakaskuntza jarduera berau garatzen den testuinguru instituzionalean deskribatu beharko dute, dauzkaten ebidentzietan oinarrituta. Ikastegietako arduradun akademikoek, beren funtzioak jorratzeko garaian, euren eskumenen eremuan garatzen diren irakaskuntza jardueren inguruko ikuspegi zabala eta zeharkakoa dutelako ikusmoldetik abiatzen da. Hori dela eta, arduradun akademikoek DOCENTIAZ programan parte hartzen duten irakasleen irakaskuntza jarduera testuinguruan jartzea eskatzen da.

Lehenik eta behin, irakasleek betebeharrak formalki betetzearen inguruko informazioa eskatzen zaie. Ondoren, arduradun akademiko diren aldetik eskatzen zaien informazioak DOCENTIAZ programan ageri diren dimentsioekin du zerikusia.

DOCENTIAZ programaren Ikastegiko Kalitate Batzordearen txosten eredua programaren eskuliburuaren (pdf, 996 KB) 3. eranskinean ikus daiteke.

Zer txosten erabiltzen da ikasleen iritzia biltzeko?

Irakasleen irakas-jardueraz ikasleek duten iritziari buruzko inkesten inguruko txostenak erabiltzen dira; SED/IEZk egiten dituenak, alegia. GAURen inkestak atalean ikus daitezke.

DOCENTIAZ programarako, aintzat hartuko dira, hain zuzen, autotxostena osatzeko aukeratutako irakasgaiari dagokion txostena eta ikasturte jakin batean irakasle batek eskaini dituen irakasgai guztiei buruz ikasleek adierazitako iritziak biltzen dituen irakaslearen txostena. Lehenengo deialdi honetan, ikasleen txostenak 2007/08tik 2011/12ra baino ez dira kontuan izango.

Ikasleen iritziari buruzko txostenak DOCENTIAZ programaren eskuliburuaren 4. eranskinean ikus daitezke.

DOCENTIAZ programak ebaluatzen dituen dimentsioei buruz

Zer pisu eman zaio ebaluatu beharreko dimentsio bakoitzari?

  • 0 dimentsioa.- IRAKASKUNTZA ZAMAREN ezaugarriak eta tipologia (eragina dauka azken puntuazioan)
  • 1 dimentsioa.- IRAKATSI ETA IKASTEKO PROZESUAREN PLANGINTZA ETA GARAPENA (% 40)
    • 1.1 azpidimentsioa.- Gaien plangintza
    • 1.2 azpidimentsioa.- Irakatsi eta ikasteko prozesuaren garapena
  • 2 dimentsioa.- EMAITZAK (% 30)
    • 2.1 azpidimentsioa.- Arrakasta tasak
    • 2.2 azpidimentsioa.- Ikasleek duten iritziari buruzko inkesta
    • 2.3 azpidimentsioa.- Zuzendutako edo gainbegiratutako lanak
  • 3 dimentsioa.- IRAKASLEEN GARAPEN PROFESIONALA (% 30)
    • 3.1 azpidimentsioa.- Irakaskuntza kalitate instituzionalerako prozesuetan parte hartzea
    • 3.2 azpidimentsioa.- Koordinazio instituzionala
    • 3.3 azpidimentsioa.- Prestakuntza
    • 3.4 azpidimentsioa.- Irakaskuntza berrikuntza
    • 3.5 azpidimentsioa.- Hedakuntza

Eskuratutako azken puntuazioari 0 dimentsioaren emaitza den indizea aplikatu behar zaio: alegia, hiru balio dituen irakaskuntza zama: 1; 1,1; 1,2.

Zer da 0 dimentsioa?

Zero dimentsioa faktore zuzentzailea da, irakaskuntza zamaren zailtasunaren arabera. GAURen aitortutako irakaskuntza zama (eskainitako irakaskuntza eta eskuliburuko irakaskuntza zama) da abiaburua, eta honako adierazle hauekin lotutako bost faktorez biderkatu beharko da:

  1. Ikasle kopurua, taldeko.
  2. Irakaskuntza eskaini den ikastegien kopurua.
  3. Eskolak euskaraz ematea.
  4. Ebaluatu beharreko denboraldian emaniko irakasgai desberdinen kopurua.
  5. Irakasle berrien (ez iraunkorren) taldekoa izatea.

Emandako eskoletako kredituetan bost faktore horiek aplikatuz gero, ebaluatu beharreko denboraldiko kredituen kopuru egokitua ateratzen da. Kopuru horri honako hauek gehitu behar zaizkio ondoren: irakasleak tutoretzapeko irakasgaiak ematearen truke jasotzen duen kreditu kopurua, eskuliburuko irakaskuntza zama (2009ko uztailaren 22ko Gobernu Kontseiluaren akordioa, doktorego tesiak zuzentzea, hezkuntza lankidetzarako hitzarmenak, eta beste batzuk) eta kargu edo lizentzien ondoriozko murrizketak (karguak, doktorego tesiak amaitzea, eskolak euskaraz emateko gaitasun linguistikoa lortzeko liberatzea, eta deialdi espezifikoen araberako beste batzuk). Modu horretan lortzen da amaierako irakaskuntza zama. Ondoren, amaierako irakaskuntza zamak irakaskuntza ahalmenari dagokionez (kontratuan jarritako kredituei dagokienez) duen ehunekoa kalkulatzen da.

  • Lortutako ehunekoa % 110ekoa edo txikiagoa bada, ebaluazioan lortutako puntu kopurua 1ez biderkatuko da.
  • Lortutako ehunekoa % 110 baino handiagoa eta % 120koa edo txikiagoa bada, ebaluazioan lortutako puntu kopurua 1,1ez biderkatuko da.
  • Azkenik, lortutako kreditu kopurua % 120 baino handiagoa bada, ebaluazioan lortutako puntu kopurua 1,2z biderkatuko da.

Zer da irakaskuntza-gaitasun gordina (IGG)?

Irakasle batek irakaskuntzan gehienez eman dezakeen kreditu-kopurua adierazten du.

Zer da irakaskuntza-gaitasun netoa (IGN)?

Irakaskuntza-gaitasun gordinaren (IGG) eta Kargu-murrizketaren arteko aldea da.

Zer da karguengatiko murrizpena (kargu-mur)?

Kontzeptu honetan, IGG kreditu-kopuruan kargu akademiko batzuetan aritzeagatik aplikatu beharreko murrizketa, PIIri emaniko lizentziei loturiko kreditu-murrizketa eta lan-baxen ondoriozko kredituen murrizketa islatzen dira.

Nola interpretatu autotxosteneko 2 dimentsioan deskargatzen diren arrakasta tasei buruzko datuak?

Irakasleak ebaluazio eskaeran hautatutako irakasgaiak ebaluatu beharreko aldian izan dituen arrakasta tasak (gainditu dutenen ehunekoa, aurkeztu direnen ehunekoarekiko) deskargatzen dira.

Agertzen den taulan, ondorengo datuak ematen dira: ikastegiaren izena, plana, zikloa, irakasgaia eta bere kodea, taldearen izena eta irakaskuntza zamaren % (epigrafe honetan, parte hartzen ari den irakasleak irakasgaiaren kreditu guztiei dagokienez dituen irakaskuntza zamaren portzentajea jasotzen da).

Ondorengo taulan aurkezten diren arrakasta tasak interpretatzerakoan, honako hauek hartu behar dira kontuan:

  • Taldea-Irakasgaia tasak aipatu taldean irakasgai horretara aurkeztu direnetatik gainditu dutenen portzentajea adierazten du. Adibidez, ",67" zifra agertzen bazaigu, aurkeztutakoen % 67k gainditu dutela esan nahi du.
  • Taldea-Ikasturtea tasa talde horretan ikasturte horretako irakasgai guztietara aurkeztu direnetatik gainditu dituztenen portzentajea da.
  • Ikasturte tasa titulazio horretako ikasturte horretan dauden talde guztiei eta ematen diren irakasgai guztiei erreparatuz aurkeztu direnetatik gainditu dutenen portzentajea da. Ikasturte/Maila bakoitzerako datu bakarra da.
  • Euskarazko taldea-maila epigrafean edo 61 taldeak epigrafean "0" agertzen denetan, ez dago talde-mailarik hizkuntza horretan.
  • Hautazko irakasgaien arrakasta tasetan, epigrafe batek (matrik. dauden titul. ikasleen %) hautazko irakasgai horretan matrikulatuta dauden titulazio jakin bateko ikasleen portzentajea adierazten du.