Info_Biomedicina_Radioisotopos_protocolo-acceso

ERRADIOISOTOPOEN ZERBITZU OROKORRA

Erabilera-arauak

  • Instalazioaren ustiatzailea Euskal Herriko Unibertsitatea da.
  • Instalazioa Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean dago.
  • Instalazioko gune nagusiak honako hauek dira:
    • Laborategi Nagusia (4-1.22.LI lokala)
    • Kontagailuen Aretoa (4-2.24.B lokala)
  • Instalazioan gauzatu daitezkeen jarduerak honako hauek dira: material erradioaktiboa edukitzea eta erabiltzea, Biologiaren arloko irakaskuntzarako eta ikerketetarako.
  • Instalazioak, aurreko puntuan adierazi diren jardueren baitan, instalazio erradioaktiboei eta erradiazio ionizatzailearen aurkako babesari buruzko legediari jarraiki, aurkeztutako agiriei jarraiki, eta ezarritako zehaztapenei jarraiki funtzionatu beharko du.
  • Instalazioan erabil daitezkeen material erradioaktiboak eta bertan gauzatu daitezkeen jarduera maximoak honako hauek dira:
    • Erradionukleido ez-kapsulatuak
      • Iodoa 125 - 9.2 MBq (0.25 mCi)
      • Rubidioa 86 - 37 MBq (1 mCi)
      • Kaltzioa 45 - 37 MBq (1 mCi)
      • Fosforoa 32 - 37 MBq (1 mCi)
      • Karbonoa 14 - 37 MBq (1 mCi)
      • Tritioa - 370 MBq (10 mCi)
      • Zinka 65 - 37 MBq (1 mCi)
      • Sufrea 35 - 370 MBq (10 mCi)
      • Fosforoa 33 - 37 MBq (1 mCi)
      • Burdina 55 - 37 MBq (1 mCi) 
      • Wolframa 185 - 37 MBq (1 mCi)
    • Iturri erradioaktibo kapsulatuak
      • Bario 133ko iturri erradioaktibo kapsulatua, 0,74 MBq-eko jarduera duena (20uCi), Packard markaren Tricarb 200 CA modeloko izarniadura-kontrolean sartuta.
      • Bario 133ko iturri erradioaktibo kapsulatua, 00,69 MBq-eko jarduera duena (18,8 uCi), Packard markaren Tricarb 3700 TR modeloko izarniadura-kontagailuan sartuta.
  • Material erradioaktiboa instalazioko gune batetik bestera eraman behar denean, segurtasun- eta babes-neurriak bete beharko dira, garraiatu beharreko material erradioaktiboaren eta egin beharreko ibilbidearen arabera. Era berean, kontuan hartu beharko da instalazio erradioaktiboarekin zerikusirik ez duen pertsonarik ba ote dagoen.
  • Material erradioaktiboa Estatuan materialok saltzeko baimena duten etxeei edo pertsonei bakarrik erosiko zaie, edo titularrak zuzenean inportatuko du, dagozkion arauzko izapideak egin ondoren.
  • Hondakin erradioaktibo solidoak edo produktu solido kutsatuak legez baimendutako entitateek eraman beharko dituzte.
  • Hondakin likidoak eta gaseosoak eraman behar direnean, entitate publikoetarako legez ezarritako urteroko mugak bete beharko dira. Uretan disolbatzen ez diren likido erradioaktiboak, berriz, biltegiratuta eduki beharko dira legez baimendutako entitate batek eraman bitarte.
  • Lanegunaren amaieran, kutsadura erradiologikorik ba ote dagoen egiaztatu beharko da, eta horretarako, mota eta sentikortasun egokiko tresnak izan beharko ditu instalazioak. Aldian behin, tresnok behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatu beharko da, eta gainera, kalibratu egin beharko dira. Kalibratze-lanak legez baimendutako laborategi batek egingo ditu. Instalazioan dauden monitoreek zuzeneko neurketen bidez detektatu ezin dituzten erradionukleidoen kasuan, zeharkako metodoak erabili beharko dira (frotisa edo beste batzuk).
  • Instalazioan seinaleak jarri beharko dira, erradiazio ionizatzaileen aurkako osasun-babesari buruzko araudiaren eta UNE 73.302 arauaren arabera.
  • Instalazioak deskontaminazio-baliabide egokiak eta su-itzalgailuak izan beharko ditu, eta leku irisgarrietan jarri beharko dira. Langile guztiek jakin beharko dute baliabideok maneiatzen.
  • Instalazioko langileek ezagutu eta bete egin beharko dute Funtzionamendu Araudian xedatuta dagoena, eta baita instalazioko Larrialdi Plana ere. Dokumentu horietan aldaketaren bat egin nahi bada, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari jakinarazi beharko zaio, eta kontseiluak aldaketa ontzat eman beharko du. Langileek dokumentuok jaso dituztela egiaztatzen duten agiriak eduki beharko dira instalazioan.
  • Instalazio nuklearrei eta erradioaktiboei buruzko araudiko V. tituluaren arabera, instalazioa arauzko baimena duen gainbegirale batek (gutxienez) zuzenduko du. Era berean, material erradioaktiboa operadore- edo gainbegirale-baimena duten langileek bakarrik maneiatu ahal izango dute. Dena den, praktikak egiten ari diren ikasleek edo ikerketa-lanetan material erradioaktiboak noizean behin bakarrik erabiltzen dituzten pertsonek ez dute halako baimenik beharko, baldin eta lan horiek gainbegirale edo operadore baten zuzendaritzapean egiten badituzte eta babes-erradiologikoari buruzko prestakuntza jaso badute.
  • Material erradioaktiboaren eraginpean egoten diren langileen kasuan, kontrol dosimetrikoak eta mediku-kontrolak egin beharko dira. Historial dosimetrikoak eta protokolo medikoak eguneratuta eduki beharko dira, erradiazio ionizatzaileen aurkako osasun-babesari buruzko araudiko III. tituluan xedatuta dagoenaren arabera.
  • Lanen Egunerokoa bete beharko da, instalazio nuklearrei eta erradioaktiboei buruzko araudiko 77. artikuluaren arabera. Bertan, 78. artikuluan adierazitako informazio espezifikoaz gain, honako datu hauek ere adierazi beharko dira:
    • Material erradioaktiboaren inbentarioari buruzko datuak.
    • Gorabeherak eta instalazioaren funtzionamenduari buruzko datu azpimarragarriak, ohikoetatik gora dauden irakurketa dosimetrikoak barne.
    • Erradiazio- eta kutsadura-mailaren kontrolari buruzko datuak.
    • Erradiazioa detektatzeko eta neurtzeko tresnak egiaztatzean eta kalibratzean lortutako emaitzak.
    • Hondakin erradioaktiboen kudeaketari buruzko datuak.
  • Egutegiko urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan txosten bat bidali beharko zaio Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari, instalazio nuklearrei eta erradioaktiboei buruzko araudiko 80. artikuluan adierazita dagoen moduan. Txosten horretan aurreko urteko Lanen Egunerokoaren laburpena egingo da eta epe berean eraginpean egondako langile bakoitzak metatutakoa adieraziko da.
  • Material erradioaktiboa behar bezala kontrolatu beharko da, beti, baimenik ez duten langileek erabil dezaten saihesteko.
  • Instalazioko langileak edo erabiltzaileak arrisku erradiologikoan jar ditzakeen edozein anomalia edo gorabehera gertatuz gero, Larrialdi Plana aplikatuko da, eta berehala, Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua jakinaren gainean jarriko da. Gainera, anomalia edo gorabehera gertatu denetik hamar egun igaro baino lehen, txosten bat bidali beharko zaio aipaturiko erakundeari.
  • Edozein arrazoi dela-eta instalazioaren ustiapena bertan behera uztea erabakitzen bada, instalazioa behin betiko ixteko eskaera eta txosten bat bidaliko beharko zaizkio Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari, hilabete lehenago gutxienez. Txostenean honako datu hauek adierazi beharko dira:
    • Instalazioa ixteko arrazoiak.
    • Material erradioaktiboaren inbentarioa, une horretan bertan.
    • Material erradioaktiboarekin zer egingo den.
    • Instalazioa ixteko hartuko diren babes-neurriak.
  • Instalazioaren titularrak araudian aurreikusten diren eskakizunak eta instalazioaren baimeneko mugak eta baldintzak bete beharko ditu, instalazio itxi bitartean.
  • Instalazio erradioaktiboko guneak ezin izango dira erabili beste xede batzuekin, baimendutako ikuskatzaileek hala egin daitekeela egiaztatzen ez duten bitartean.
  • Zehaztapen hauetan xedatutakori dagokionez edozein aldaketa egin nahi bada, baimen berri bat eskatu beharko da, instalazio nuklearrei eta erradioaktiboei buruzko araudian xedatutakoaren arabera.
  • Zehaztapen hauek ordezkatu egiten dituzte 1994ko ekainaren 9ko Ebazpeneko zehaztapenak (Ebazpen horren bidez instalazio erradioaktiboa aldatzeko baimena eman zen).

Protokolo orokorra

Erradioisotopoak unitatean sartzeko, SGIkerretara sartzeko eta eskuragarri dauden zerbitzuak erabiltzeko protokoloan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.