Breadcrumb

Eduki publikatzailea

ZiForKrimek zientzia forentseetako prestakuntzari eta ikerketari buruzko lehen nazioarteko kongresua egin du Bilbon

ZiForKrimen lehen nazioarteko kongresua 2026ko urriaren 20an eta 21ean egin zen, Bilboko Bizkaia Aretoan, «Fostering the Next Generation of Forensic Researchers and Professionals» izenburupean. Ekarpen zientifikoetan 116 lagunek parte hartu zuten. Topaketak, berriz, 91 lagun bildu zituen bi egunetan, lanak aurkeztu zituztenak eta entzuleak kontuan hartuta.. Zortzi herrialdetako parte-hartzea izan zuen (Kanada, EEBB, Mexiko, Suitza, Herbereak eta Errusia). Ikertzaile eta profesionalen belaunaldi berriak prestatzea izan zen programaren ardatza. Horretarako, unibertsitateko ikerketa, profesionalen esperientzia eta erakundeen arteko lankidetza uztartu ziren.

Kongresua ZiForKrimek antolatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zientzia Forentse eta Kriminalistikako Ikerketa Gelak. Gela EHUren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren arteko hitzarmenean oinarritzen da, eta Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateak ere parte hartzen du bertan. Lankidetza horrek aukera ematen du lan forentsearekin lotutako ikerketa-galderak lantzeko eta esperientzia hori unibertsitateko prestakuntzan txertatzeko.

Ekarpenetan hainbat gai landu ziren: hatz-marken bidez pertsonak identifikatzea, DNA berreskuratzea, biologia eta kimika forentseak, gertalekuak dokumentatzea eta adimen artifizialaren aplikazioak. Aurkeztutako ikerketetako batzuek hatz-markak agerian jartzeko prozeduren eta analisi genetikoaren bateragarritasuna aztertu zuten. Beste batzuek substantzia psikoaktibo berrien identifikazioa eta tresna digitalen bidez jaurtigaien ibilbideak berreraikitzea izan zituzten aztergai.

Nazioarteko parte-hartzeari esker, hainbat tokitako prestakuntzako eta jardun profesionaleko esperientziak partekatu ziren. Université du Québec à Trois-Rivières (UQTR) unibertsitateko Franck Crispinok Sydneyko Adierazpena eta prestakuntza forentsearekin duen lotura izan zituen hizpide. Ana María Sosa Reyesek eta Chantal Loyzancek UNAMeko Zientzia Forentseen Eskola Nazionalaren ikuspegia ekarri zuten. Alcaláko Unibertsitatearen eta haren Polizia Zientzien Ikerketarako Unibertsitate Institutuaren (IUICP) ekarpenetan, besteak beste, diziplinen arteko prestakuntza, identifikazioa eta analisi-metodoen berrikuntza landu ziren.

Jardun profesionalaren ikuspegia ere izan zen topaketan. Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unai Lejarzak eta Alberto Orgazek gertalekuen dokumentazioaz eta odol-orbanen interpretazioaz jardun zuten. Aztarnak bilatu eta aurkitzeko argi multiespektralak erabiltzeko tailer bat ere izan zen, ahozko komunikazioen, posterren eta aurkezpen laburren saioekin batera.

Saio horietan, ikasleek eta ikerketan trebatzen ari zirenek beren lanak aurkeztu, metodologiari buruz hartutako erabakiak azaldu eta emaitzak hainbat arlotako adituekin eztabaidatu ahal izan zituzten. Kriminalistik SimuLABSen esperientziak ZTFn egindako ikaskuntza aktiboko jarduerak topaketara ekartzeko aukera eman zuen. Jarduera horietan, aztarnak biltzea, aztertzea eta lortutako informazioa interpretatzea elkarren artean lotzen dira.

Hainbat gairen harira, analisi-emaitzen eta haietan oinarrituta justifika daitezkeen ondorioen arteko lotura landu zuten. Prestakuntza zientifikoan eta profesionalean, arreta jarri behar zaie laginen kalitateari, metodoen baliozkotzeari eta haien mugak azaltzeko moduari. Alderdi horiek laborategiko lana eta ikerketari nahiz justizia-administrazioari oinarri sendoa duen informazioa emateko erantzukizuna lotzen dituzte.

Kongresuko aktek 35 ekarpen biltzen dituzte, bost gai multzotan antolatuta. Liburua EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratuko du, 978-84-1319-844-6 ISBNarekin. Liburua laster eskuragarri jartzeak aukera emango du lanak kontsultatzeko eta ikerketan nahiz prestakuntzan erabiltzeko.