Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Fakultatean urrearen “lapurretak” ikasleek gidatutako ikerketa zientifiko-forentsea abiarazi du

ZTF/FCTko Taula Periodikoko “Au” —urrea— desagertzea ikerketa kriminalaren simulakro baten ardatza izan da. Jardueran parte hartu dute Biozientzietako, Matematikako eta Kimikako graduetako azken mailako ikasleek, aldez aurretik teknika forentse ezberdinetan prestakuntza espezifikoa jaso ondoren (hatz-marken azterketa, oinatz-arrastoak, trikologia, DNAren analisia, lofoskopia, zoologia eta entomologia forentsea, besteak beste).

Jarduerak, zorrotz eta metodoz, ikerketa forentse baten fase nagusiak erreproduzitu ditu: eszenaren mugaketa, ikuskapen tekniko-zientifikoa, arrastoen finkapena eta bilketa, eta zaintza-katearen bermatzea. Hurrengo fasea —otsaileko hirugarren asterako aurreikusita— laborategiko analisia eta jasotako arrasto material eta lekukotasunen ebaluazio integratua izango da.

Kriminalistik SimuLAB bakoitza hiru aste jarraian garatzen diren hiru etapatan egituratzen da: prestakuntza teknikoa, eszenaren altxamendua eta analisi-ebazpena. Zientzia forentseen aplikazio integratuaren bidez, gertakariaren berreraikuntza arrazoitua eta egileen identifikazioa bilatzen dira, lortutako froga-elementuen azterketa kritikoan oinarrituta. Horrek esan nahi du analisi kimikoa, biologia molekularra, estatistika eta ebidentziaren interpretazio probabilistikoa modu koordinatuan erabiltzea, emaitzak hipotesi koherente eta kontrastagarrietan integratuz eta eszenatoki alternatibo sinesgarrien arabera ebaluatuz.

Jarduera hau Kriminalistik SimuLABS: Zientzia, egiaren eta justiziaren zerbitzura (i325/32, ONDU B) proiektuaren baitan garatu da, SAE/HELAZek finantzatuta eta Garapen Jasangarrirako 16. Helburuarekin (Bakea, justizia eta erakunde sendoak) lerrokatuta.

Parte hartu duten ikasleak ZiForKrim-en baitan ari dira GRAL-a egiten. ZiForKrim —Zientzia Forentse eta Kriminalistikako Ikerketa Gela— 2025ean sortu zen FCT/ZTFn, Euskal Herriko Polizia eta Larrialdietako Akademiarekin eta Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitatearekin sinatutako Hitzarmenaren bidez.

ZiForKrim-etik laster jakinaraziko dira 2026ko Zientzia Forentse eta Kriminalistikako Ikerketa Onenen Sarien (GRAL eta MAL) deialdiaren xehetasunak, bai eta nazioarteko ikertzaileen topaketa baten antolaketa ere, komunikazio zientifikoak aurkezteko aukerarekin.