Eduki publikatzailea

SYMBIOREM proiektuaren amaierako ekitaldia: Ekosistemak leheneratzea, baliabideak berreskuratzea: etorkizun jasangarri baterako bioerremediazio-soluzioak

Bioerremediazioaren arloko ordezkariak eta eragileak Bruselan bildu dira Europar Batasunak finantzatutako SYMBIOREM proiektuaren amaierako ekitaldian

SYMBIOREM proiektuak amaierako ekitaldia egin zuen Bruselan 2026ko irailaren 29an. Ekitaldiaren helburua SYMBIOREM proiektuaren kokaleku pilotuetan probatutako bioerremediazio-teknologiekin egindako saiakuntzen emaitzak aurkeztea izan zen, baita teknologia horiek eskala handiagoan aplikatzeko duten potentziala eta bioerremediazioaren eta ingurumen-bioteknologiaren sektoreen etorkizunerako politika- eta finantzaketa-arloko ondorioak aztertzea ere.

«Naturan oinarritutako soluzioek funtzionatzen dute. Baliteke ohiko erremediazio-teknologiak bezain azkarrak ez izatea, baina haien eraginkortasuna eta potentziala erakusten eta sustatzen jarraitu behar dugu. Ez da lehiakortasun kontua soilik: garrantzitsua da gizartearentzako onurak eta justizia soziala ere azpimarratzea, berehalako etekina soilik bilatzen ez duten teknologiak garatuz».  Leire Ruiz Rubio, SYMBIOREM proiektuaren koordinatzailea, Euskal Herriko Unibertsitatea

Bioerremediazio-soluzio berritzaileak

SYMBIOREM proiektuak lurzoruen eta uren kutsadurak eragindako erronkei heldu die, oinarri biologikoko 12 teknologia eta estrategia garatuz Europako eta Estatu Batuetako 11 kokalekutan.

Ekitaldian, Euskal Herriko Unibertsitateko, Wrocławeko Ingurumen eta Bizitza Zientzien Unibertsitateko, Thames21eko eta KTH Teknologia Errege Institutuko adituek beren kasu pilotuetan garatutako eta probatutako soluzioak aurkeztu zituzten.

Halaber, tokiko komunitateen parte-hartzea sustatzeko erabilitako metodo parte-hartzaileak eta saiakuntzen emaitzetatik eratorritako politika-gomendioak nabarmendu zituzten.

Eragileen eta komunitate zientifikoaren arteko lankidetza eta erabakiak hartzeko laguntza

SYMBIOREM proiektuaren elementu berritzaileak ez dira punta-puntako bioerremediazio-teknologiak diseinatzera eta probatzera mugatzen.

Thames21, Business Upper Austria, Imperial College London eta Wrocławeko Ingurumen eta Bizitza Zientzien Unibertsitateko proiektukideek proiektuaren hainbat zutabe metodologiko garatzeko erabilitako sorkuntza partekatuaren ikuspegia eta praktikak aurkeztu zituzten:

  • kokaleku pilotuetan komunitateen parte-hartzea sustatzeko tresnak garatzea;
  • bioerremediazio-soluzioetarako negozio-eredu zirkularrak elkarrekin sortzea;
  • inpaktu sozialak ebaluatzea eta bioerremediazio-teknologiei buruz eragileek dituzten ikuspegiak aztertzea;
  • eta erabakiak hartzen laguntzeko tresna praktiko bat diseinatzea, eragileei testuinguru bakoitzean soluziorik egokiena aukeratzen laguntzeko.

Bioerremediazio-soluzioak etorkizunean erabiltzeko eta araudiaren bidez babesteko bideak

Atlantis Environment and Innovation erakundeak proiektuaren ustiapen-jardueren aurkezpena egin zuen, eta aurkezpen horrek mahai-inguruari sarrera emateko balio izan zuen. Bertan parte hartu zuten Leire Ruiz Rubiok, SYMBIOREM proiektuaren koordinatzaileak; Tomasz Calikowskik, Europako Batzordeko DG RTDko ordezkariak; eta SYMBIOREMeko Aholku Batzordeko Tiziana Centofantik, Central European Universityko ordezkariak, eta Asit Mandalek, Indian Institute of Soil Scienceseko ordezkariak.

Eztabaidan hainbat gai landu ziren: bioerremediazio-teknologiak eskala handiagoan ezartzen laguntzeko beharrezkoak diren arau-esparruak; Europar Batasuneko eta herrialdeetako egungo araudietan dauden faktore sustatzaileak eta oztopoak; eta politika-, nekazaritza- eta industria-arloko eragileek ohiko metodoen ordez bioerremediazioaren alde egiteko behar dituzten ebidentziak eta negozio-ereduak.

Mahai-inguruko parte-hartzaileek bioerremediazioaren sektorea hazteko funtsezko hainbat elementu aipatu zituzten: hezkuntza, bioerremediazio-soluzioak eta horien ondorioak ulertzeko oinarri gisa; bioerremediazioa aurrerapen digitalekin uztartzeko beharra; eta soluzio horiek gizarteari eskaintzen dizkioten onurak ikusaraztearen garrantzia.

SYMBIOREM proiektuaren amaierako ekitaldia zuzenean eman zen, Europan zein Europatik kanpo publiko zabalago batengana iristeko. Datozen egunetan, proiektuaren webgunean (https://symbiorem.eu/) eskuragarri jarriko dira
 

Proiektuari buruzko informazioa

Gaia: Ingurumen-zerbitzuak: lurzoruak, sedimentuak eta urak bioerremediatzeko eta biziberritzeko estrategia hobetuak
Koordinatzailea: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV)
Iraupena: 2022ko irailetik 2026ko azarora, 51 hilabete.
Aurrekontua: 4,7 milioi euro

Kontaktua

Koordinatzailea: Leire Ruiz Rubio | Euskal Herriko Unibertsitatea | leire.ruiz@ehu.eus
Komunikazioa: Piero Valmassoi | Greenovate! Europe | p.valmassoi@greenovate-europe.eu