Kimika Bizirik 2018
Lehenengo argitaratze data: 2018/01/22
Urtarrilaren 15tik 26ra UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF-FCT) bigarren hezkuntzako eta batxilergoko 400 ikasle hartuko ditu bertako laborategietan Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritako 30 ikastetxetatik, aurtengo Química en Acción / Kimika Bizirik programaren baitan. Programaren koordinatzailea, besteak beste, José Luis Ayastuy, eta Izaskun Gil de Muro irakasleak.
Ekimenak Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa uztartzen ditu, unibertsitate aurreko ikasleen artean bi gai horien gaineko interesa indartzeko. Programan parte hartuko duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz izango dituzte saioak, goizez eta arratsaldez. Aurten, ikasleen erdiak batxilergoko lehen eta bigarren mailakoak dira eta beste erdiak, berriz, DBHko laugarren mailakoak.
Ikasleek Kimikako lau praktika egingo dituzte laborategian, besteak beste, honako hauek: bost zentimoko kobrezko piezak "urrezko txanpon" bihurtuko dituzte prozesu elektrokimiko baten bidez (zinkez estaltzen dira eta zilar kolorea hartzen dute; ondoren, berotzean, zinka letoi bihurtzen da eta urre kolorea hartzen dute); detektibe kimikoaren jardueran, zortzi konposatu ezezagun identifikatu beharko dituzte, zenbait propietate kimiko eta fisiko neurtuta, esate baterako, pHa, eroankortasuna edo lumineszentzia. Ondorengo konposatuak identifikatu beharko dituzte: ur destilatua, itsasoko ura, tonika, kola edaria, tea, ozpina, lixiba eta gaseosa.
Era berean, 6-10 nylonaren sintesia egingo dute, polimerizazio bidez, bi erreaktiboak nahastuta, eta analgesiko komertzial baten osagai aktiboa identifikatuko dute. Azken jarduera horretan, ikasleek geruza fineko kromatografia erabiliko dute analgesiko baten benetako osagaiak identifikatzeko eta ondorengo agente aktiboen presentzia baieztatu edo ezeztatuko dute: parazetamola, ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa eta kafeina.
Gainera, esperimentuetan ere parte hartuko dute, betiere, Zientzia eta Teknologia Fakultateko tutore baten gidaritzapean; unibertsitateko zenbait irakaslek erakustaldiak ere egingo dizkiete.
Química en Acción/Kimika Bizirik programa 2006az geroztik gauzatzen da urtero eta bere helburua da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleak zientzian murgiltzea, hain zuzen ere, kimikan eta ingeniaritza kimikoan.
DEIALDI HONETAKO BIGARREN ASTEAN PARTE HARTUKO DUTEN IKASTETXEAK
CPEIPS SAN JOSÉ HLBHIP
IES BIDEBIETA BHI
IES LIZARDI BHI
CPEIPS SANTA MARIA HLBHIP
IES IBARREKOLANDA BHI
CPEIPS NTRA. SRA. DE LA ANTIGUA HLBHIP
CPEIPS KIRIKIÑO IKASTOLA HLBHIP
CPEIPS NTRA. SRA. DEL CARMEN HLBHIP
IES ZUBIRI-MANTEO BHI
IES BALMASEDA BHI
IES ERMUA BHI
IES BURDINIBARRA BHI
IES BOTIKAZAR BHI
IES UROLA IKASTOLA BHI
CPEIPS ASTILEKU IKASTOLA HLBHIP
IES TRUEBA BHI
CPES OTEITZA LIZEOA BHIP
IES ARRASATE BHI
CPEIPS LAURO IKASTOLA HLBHIP
CPEIPS URRETXU-ZUMARRAGA IKASTOLA HLBHIP