Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Zientzia eta Teknologia Fakultatea zientzialari ikastunen bila dabil bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen artean

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/08


Urtarrilaren 12tik 23ra UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF-FCT) bigarren hezkuntzako eta batxilergoko 400 ikasle hartuko ditu bertako laborategietan Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritako 33 ikastetxetatik, aurtengo Química en Acción / Kimika Bizirik programaren baitan. Programaren koordinatzailea, besteak beste, José Luis Ayastuy, Aresatz Usobiaga eta Olatz Zuloaga irakasleak.

Ekimenak Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa uztartzen ditu, unibertsitate aurreko ikasleen artean bi gai horien gaineko interesa indartzeko. Programan parte hartuko duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz izango dituzte saioak, goizez eta arratsaldez. Aurten, ikasleen erdiak batxilergoko lehen eta bigarren mailakoak dira eta beste erdiak, berriz, DBHko laugarren mailakoak.

Ikasleek Kimikako lau praktika egingo dituzte laborategian, besteak beste, honako hauek: bost zentimoko kobrezko piezak "urrezko txanpon" bihurtuko dituzte prozesu elektrokimiko baten bidez (zinkez estaltzen dira eta zilar kolorea hartzen dute; ondoren, berotzean, zinka letoi bihurtzen da eta urre kolorea hartzen dute); detektibe kimikoaren jardueran, zortzi konposatu ezezagun identifikatu beharko dituzte, zenbait propietate kimiko eta fisiko neurtuta, esate baterako, pHa, eroankortasuna edo lumineszentzia. Ondorengo konposatuak identifikatu beharko dituzte: ur destilatua, itsasoko ura, tonika, kola edaria, tea, ozpina, lixiba eta gaseosa.

Era berean, 6-10 nylonaren sintesia egingo dute, polimerizazio bidez, bi erreaktiboak nahastuta, eta analgesiko komertzial baten osagai aktiboa identifikatuko dute. Azken jarduera horretan, ikasleek geruza fineko kromatografia erabiliko dute analgesiko baten benetako osagaiak identifikatzeko eta ondorengo agente aktiboen presentzia baieztatu edo ezeztatuko dute: parazetamola, ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa eta kafeina.

Gainera, esperimentuetan ere parte hartuko dute, betiere, Zientzia eta Teknologia Fakultateko tutore baten gidaritzapean; unibertsitateko zenbait irakaslek erakustaldiak ere egingo dizkiete.

Química en Acción/Kimika Bizirik programa 2006az geroztik gauzatzen da urtero eta bere helburua da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleak zientzian murgiltzea, hain zuzen ere, kimikan eta ingeniaritza kimikoan.


DEIALDI HONETAN PARTE HARTUKO DUTEN IKASTETXEAK

BENTADES IKASTETXEA
SAN FIDEL IKASTOLA
ZUBI ZAHARRA IKASTOLA
NUESTRA SEÑORA DEL CARMEN
IES ZALLA BHI
NUESTRA SEÑORA DEL ROSARIO
KARMENGO AMA
ARTXANDAPE IKASTOLA
ELEXALDE BHI
IES ANAITASUNA BHI
IES CRUCES BHI
SAN VIATOR IKASTETXEA
BIHOTZ GAZTEA IKASTOLA
CPES PEÑASCAL
AMOR MISERICORDIOSO-BILBAO
IES ARTAZA-ROMO BHI
CPEIPS URRETXINDORRA IKASTOLA
CPEIPS BEGOÑAZPI IKASTOLA HLBHIP
IES KANTAURI BHI
IES ARRATIA BHI
IES BEURKO BHI
IES JULIO CARO BAROJA BHI
IES REKALDEBERRI BHI
IES ÁNGELA FIGUERA BHI
IES I. AROZENA-BARRUETA-TAR BENITO BHI
IES JULIO CARO BAROJA BHI
CPEIPS BERRIO-OTXOA HLBHIP
CPEIPS CALASANCIO HLBHIP
CPEIPS STA. MARÍA HLBHIP
IES ARRASATE BHI
IES IBARREKOLANDA BHI
CPEIPS NTRA. SRA. DEL CARMEN HLBHIP
IES BARRUTIALDE BHI
CPEIPS URRETXINDORRA IKASTOLA HLBHIP