Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Donostiako Zuzenbide Fakultateko obren hasierari buruzko informazio-komunikatua (2026-01-27)

Aste honetan hasi dira prestaketa lanak (obrako tresnak eta etxolak jartzea, espazioak mugatzea, bizikleta-aparkalekuak eta bestelakoak birkokatzea, mozketak…) eta horiekin emango zaie hasiera datozen hilabeteetan Fakultatean eta inguruetan egingo diren lanei.

Zehazki:

  • Kanpoko bi ebakuazio eskailera jartzea. Bata dorre-eraikinean (bulegoak dauden eraikinean), eta bestea, Fakultateko liburutegi zaharraren eraikinean, B gelei eragingo diena.
  • Barruko eskailera zentralen sektorizazioa.
  • Fakultateko jatetxea zenaren sukalde eta gordetoki zaharrak berritzea, Campuseko ikasleen jantoki gisa erabiltzeko.
  • Pabiloiak eraitsi eta eraikin berri bat eraikitzea, EHUren unibertsitate-egoitza izango dena.
  • Beste batzuk: bainugela batzuk berritzea.

Gaur bilera bat izan dugu obra horien arduradunekin, Unibertsitateko zein obra egiteko kontratua lortu duen enpresakoekin, eta bertan obren plangintzaren berri eman digute. Hemendik aurrera, aldiro eman ahal izango dugu obra horien ondorioz biziko ditugun eraginen berri.

Lehenik eta behin, berehala, ebakuazio-irteera eta kanpoaldetik sartzeko atea (sotoan, kirol zerbitzuaren atzealdearen ondoan) ezingo dira erabili datozen 3 egunetan (urtarrilaren 28, 29 eta 30ean).

Otsailean zehar eskolak normaltasunez eman eta bulegoak erabili ahal izango dira, baina datorren astelehenetik aurrera, otsailaren 2tik aurrera, zimendatze-lanen ondorioz, zarata moderatua izango da aste osoan.

Martxoaren hasieratik:

  • B geletan ematen den irakaskuntza guztia beste eraikin batzuetan (Elbira Zipitria eta Barriolan) kokatuko da. Laster esango dizuegu klaseak eta talde bakoitza noiz eta non birkokatuko diren.
  • Dorre-eraikineko solairu bakoitzeko azken 5 bulegoei eragingo die zuzenean (batez ere azkenari) eta hutsik egon beharko dute. Esku-hartzeek irauten duten bitartean nola jokatu behar den eta, hala badagokio, behin-behinean non kokatu behar den jakinaraziko zaie IIP eta TEKAZELei, aurrez aurreko lana egin nahi bada. Tutoretzak online egiteko aukera ere emango da.

Gainerako lokalak (ikasgelak, bulegoak eta zerbitzu orokorrak) erabili ahal izango dira, prebentzioz gainbegiratuta.

Astero, ostegunero, txosten bat bidaliko da, lanen aurrerapenei buruzko berriak eta sor litezkeen eragozpenei buruzko abisuak emateko (sarbideak, argi-mozketak, ura, berokuntza…) behar den guztietan.

Edozein zalantza, informazio edo iradokizun zentroko administratzaileari zuzenean jakinaraztea eskatzen da, hura baita Arkitektura eta Obra Zerbitzuarekin, prebentzio-baliabideekin eta eraikuntza-enpresarekin lotura egiten duena.