Dekanoaren agurra

Dekanoaren agurra

Ongi etorri Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultatera.

Ibilbide luzea du gure Fakultateak juristen prestakuntzan. Hamarkadak daramatzagu Zuzenbideko Gradua eskaintzen, eta urteak dira Kriminologiako profesionalak ere prestatzen hasi ginela. Donostian eta Leioan eskaintzen ditugu ikasketak, hainbat hizkuntzatan. Eskaintza hori osatzen dute Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzak, masterrek eta doktoregoak. Belaunaldi ugari igaro dira gure ikasgeletatik, eta askotariko esparruetan dihardute gaur egun: epaitegi eta auzitegietan, abokatu-bulegoetan, notariotzetan, erregistroetan, administrazio publikoetan, enpresetan, gizarte-erakundeetan eta unibertsitateetan.

Ibilbide horrek sendotasuna ematen digu, baina etorkizunari begiratzeko ardura ere badakarkigu. Izan ere, abiada bizian eraldatzen ari da gaur gurekin ikasten dutenek etorkizunean jardungo duten mundua. Teknologiak berebiziko eragina du eraldaketa horretan, lan egiteko, informazioa eskuratzeko eta pertsonen bizitzan ondorioak dituzten erabakiak hartzeko moduak aldatzen baititu. Ez da, ordea, eraldaketa horren eragile bakarra. Hor daude, orobat, gizarte-desberdintasunak, migrazioak, klima-krisia, indarkeria mota askotarikoak eta erakundeekiko konfiantza ahultzea. Horiek guztiek premiazko arazoak dakartzate, eta nekez aurki daiteke haietarako erantzun zuzen bakarra.

Egoera horren aurrean, ekarpen handia egin dezakete prestakuntza juridiko sendoa, pentsamendu sortzailea eta oinarrizko eskubideekiko nahiz bizikidetza demokratikoarekiko konpromisoa uztartzen dituztenek. Horixe dugu helburu: gure ikasgeletatik legeak ondo ezagutzen dituzten juristak ateratzea, baina baita Zuzenbidearen eginkizun nagusiaz jabetzen direnak ere. Izan ere, Zuzenbidearen xedea da, ororen gainetik, bizikidetza antolatzea, botereari mugak jartzea eta egoera ahulenean dauden pertsonak babestea. Horrez gain, gure ikasleek egoera konplexuetan moldatzen jakitea nahi dugu, eta, inguruabarrak aldatzen direnean, irtenbideak aurkitzeko gai izatea. Kriminologiaren arloan, berriz, gizarte-dinamikak eta delitu-fenomenoak ulertuko dituzten profesionalak prestatzen ditugu. Era berean, fenomeno horiei ematen zaizkien erantzunak zorroztasunez ebaluatzeko gaitasuna izan dezaten nahi dugu, erantzunok eraginkorrak ez ezik, bidezkoak ere izan daitezen.

Unibertsitate publiko batean egiten dugu lan hori. Gurean, mundua ulertzeko ikuspegi askotarikoek dute lekua, eta bestelako iritziak dituztenekin eztabaidatuz ere ikasten da. Kanpora irekita dago gure unibertsitatea, eta nazioarteko mugikortasun-programak eskaintzen ditu. Era berean, beken eta laguntzen bidez, ikasteko aukera norberaren egoera ekonomikoaren mende egon ez dadin ahalegintzen gara.

Gure Fakultatean, irakaskuntza eta ikerketa eskutik doaz. Eskolak ematen dituzten irakasleek beren jakintza-arloetan oraindik erantzunik ez duten galderak lantzen dituzte, eta horiei buruzko eztabaidetan parte hartzen dute, hainbat foro eta erakundetan. Hala, ikerketaren eta eztabaida akademikoaren emaitzak ikasgeletara iristen dira, eta irakaskuntza aberasten dute. Irakasle elkartuek, berriz, eguneroko jardun profesionalak ematen dien esperientzia dakarte ikasgeletara. Haien ekarpenari esker, ikasleek etorkizunean jardungo duten lanbide-errealitatera hurbiltzen da irakaskuntza.

Gurekin ikastea pentsatzen ari bazara, eskakizun-maila handia aurkituko duzu, baita laguntza ere. Dagoeneko komunitate honetako kide bazara, aurrerantzean ere zure beharra dugu. Eta lanbide-esparrutik, erakundeetatik edo gizarte-ehunetik bazatoz, hemen duzu elkarlanerako gune bat.

 

Enara Garro Carrera

Zuzenbide Fakultateko dekanoa