Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Uxue Martín Silva-k, Kriminologian Graduatuak, Karrera Amaierako Sari Nazionaletan lehen saria eskuratu du

Beste urte batez, ikasketek irauten duten lau urteetan unibertsitate ikasketetako ikasleek egiten duten ahalegina eta dedikazioa aitortu du Unibertsitateen Ministerioak Unibertsitateko ikasketen karrera amaierako sari nazionalekin. Joan den abenduaren 13an 2017-2018 ikasturtean graduatutakoen txanda izan zen. Emandako 168 sarietatik zortzi, ikasle euskaldunentzat izan ziren, eta horietatik 7 UPV/EHUko ikasleak ziren.

UPV/EHUko bi ikaslek lehenengo saria jaso dute: Endika Legarra Nuin, Euskal Ikasketetan graduduna, eta Uxue Martín Silva, Kriminologian graduduna.

Uxue Martín Silva (Pasaia, 1996)
Kriminologian graduatua
Lehen saria Gizarte eta Lege Zientzien adarrean

«Lehen sari bat emana zidatela jakin nuenean, shock egoeran geratu nintzen»

Horrela adierazten du Uxue Martín Silvak lehen saria irabazi zuela jakin zuenean sentitu zuena, itxaropen handirik gabe aurkeztu baitzen. Uxuek bazuen sari horien berri, eta patxadaz itxaron zuen berari zegokion graduazio urtearen deialdia iritsi arte. Ez zion ezer esan familiari, eta ia urtebeteren buruan, Kriminologiako ikasketengatik lehen saria lortu zuela jakinarazi ziotenean, bere poza harridura bezain handia izan zen. “Asko pozten nau gradua egiten eman nituen lau urteetan egindako ahaleginak eta sakrifizioak aitorpena izateak” dio Uxuek. Etorkizunean aurkeztuko direnei gomendio hau ematen die: “gutxieneko notaren baldintza betetzen baduzue, aurkeztu eta ea zortea duzuen, "ezezkoa" beti hor izango duzue”.

Uxue Martín Silva Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego aurreko ikertzailea da gaur egun, gorroto delituen gaiaren inguruan. Hau da Uxueren doktorego tesiaren izenburua: “Gorroto delituagatik biktimizazioa gutxiengo etniko eta erlijiosoetan eta LGTBI komunitatean EAEn: hurbilpen enpirikoa inkesta bidezko ikerketa baten bidez”.