Nahitaezko kanpoko praktikak - Araudia

Nahitaezko kanpoko praktikak

Araudia

1. Irakasgaiaren ezaugarriak

Nahitaezko Kanpoko Praktikek azken mailako nahitaezko irakasgai bat osatzen dute (12 ECTS) Zuzenbideko Graduan, Kriminologia Graduan eta  Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Zuzenbideko Gradu Bikoitzean.

Irakasgaiaren helburu nagusia da titulazio bakoitzaren jakintza arloan jasotako ezagutza teorikoak sendotzea eta finkatzea, betiere prestakuntza praktikoaren bitartez. Praktikaldia erakunde publiko nahiz pribatuetan egin daiteke, arlo juridikoan nahiz kriminologia arloan; beti instruktore batek ikuskatuta eta Zuzenbide Fakultateak aldez aurretiko baimena emanda.

Kanpoko praktika akademikoak prestakuntzara bideratuta daudenez, praktikaldiak ez du, inola ere, lan harremanen berezkoak diren betebeharrik sortuko; eta, oro har, ez dira ordainduak izango. Hala eta guztiz ere, helmugako erakundeak aukera dauka, borondatez, praktikak egiten dituen ikasleari nolabaiteko laguntza ekonomikoa emateko.

Kanpoko praktikak egin ahal izateko, modalitatea edozein delarik ere (borondatezko praktikak, autopracticum edo curriculumeko praktikak), ezinbestekoa da kasuan kasuko graduan 120 ECTS gaindituta edukitzea.

 

2. Praktiken edukia

Egitekoak

Ikaslearen zeregin nagusia da praktiken hartzaile den enpresak edo erakundeak berezko dituen egitekoetan parte hartzea edo laguntzea. Practicumean funtsezko figura bi daude::

  • Fakultatearen aldetik, barne-tutoretzaren arduraduna (UPV/EHUko irakasle tutorea).
  • Erakunde laguntzailearen aldetik, kanpo-tutoretzaren arduraduna (erakunde edo enpresako trebatzailea).

Tutore akademikoaren eginkizunak (12. artikulua)

  • Practicumari dagozkion eginkizunetarako, ikasle bakoitzari tutore bat esleituko zaio: ikasgune duen Fakultateko irakasle bat, hain zuzen ere.
  • Hauek dira haren eginkizunak: praktikak kanpoko trebatzailearekin koordinatzea (dela erakunde laguntzailea, enpresa, erakundea, bulegoa…); praktikaldia behar bezala garatzen dela gainbegiratzea, ikasleari nahiz enpresa edo erakundeari dagozkion alderdiak kontuan hartuta; praktiken inguruan sor litezkeen zalantzak edo/eta gorabeherak argitzea; eta ikaslearen aktak kalifikatzea.

Erakunde laguntzaileko trebatzailearen eginkizunak (13. artikulua)

  • Ikasleari harrera egitea eta, enpresa edo erakundean dagoen bitartean, haren jarduna antolatzea.
  • Helmugako erakundeari eta haren funtzionamenduari buruzko informazioa ematea.
  • Esleitutako jarduerak gainbegiratzea.

Praktiken ebaluazioa

  • Praktikaldia bukatutakoan, kanpoko trebatzaileak ikaslea ebaluatuko du. Horretarako, ebaluazio orria (3. eranskina) erabiliko du. Inprimaki hori Fakultateko tutoreari bidaliko dio, eta horrek jarriko du azken kalifikazioa.
  • Praktiken azken memoria: ikasleak praktiken azken memoria beteko du, eta GAUR plataformara igo beharko du, tutoreak emandako jarraibideak betez. Gainera, praktiken jarraipena egiteko tutoretzak proposatu ahalko ditu tutoreak, baita ikaslea ebaluatzeko egokitzat jotzen dituen nahi beste egiteko ere.

Behin betiko ebaluazioa

Honela kalkulatuko da irakasgaiaren azken nota:

  • % 60 erakundeko trebatzailearen ebaluazioari dagokio.
  • % 40 ikastegiko tutorearen ebaluazioari dagokio; azken txostenean jasotako informazioa eta egin diren tutoretzak hartuko dira kontuan.

 

3. Nahitaezko praktiken kudeaketa eta esleipena

Kanpoko praktikak kudeatu eta esleitzeko orduan, autopracticum modalitatea edo curriculumeko praktiken modalitatea hautatu daiteke (ikusi kasu bakoitzari dagokion atala).

 

4. Aseguruak

Aseguruak: Eskola aseguruari eta EHU Ikasle aseguruari buruzko informazioa.

UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza bat dauka hitzartuta, ikasleek praktikaldian zehar eragin litzaketen kalteak estaltzeko.

Erakundeko trebatzaileak praktiketako jardueren programatik kanpo emandako agindu edo jarraibideen ondorioz kalterik eragingo balitz, ez unibertsitatea, ez ikaslea bera ez dira erantzule izango.

Eskola aseguruak babestu egiten ditu ikasketa ofizialen batean matrikulatuta dauden 28 urtetik beherako ikasleak, espainiar nazionalitatea dutenak nahiz Europakoak edota bizileku baimena duten atzerritarrak.

Halaber, UPV/EHUk istripuagatiko osasun laguntzarako asegurua kontratatuta dauka (EHU Ikasle Asegurua) UPV/EHUn matrikulatuta dauden ikasle guztientzat. Aseguru honen estaldura estatu osora zabaltzen da.