Breadcrumb

Nahitaezko kanpoko praktikak - Autopracticuma / Borondatezko praktikak

Nahitaezko kanpoko praktikak

Autopracticuma / Borondatezko praktikak

Oro har, curriculumeko praktikaldia 4. mailako bigarren lauhilekoan egiten da Zuzenbideko eta Kriminologiako graduetan, eta 6. mailako lehen lauhilekoan Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Zuzenbideko Gradu Bikoitzean. Hala eta guztiz ere, Zuzenbide Fakultateak ezarritako egutegitik kanpo praktikak egiteko proposamena egin dezakete ikasleek, borondatezko praktika edo autopracticum gisa.

Borondatezko praktikak irakasgaian matrikulatuta egon aurretik egin daitezke, eta ondoren, behin matrikula eginda, egonaldia baliozkotzeko eska daiteke. Autopracticuma, ordea, irakasgaian matrikulatu ondoren egiten da; ikasleak berak proposatzen du praktika jakin bat, Fakultateak egindako eskaintza orokorretik kanpo.

Autopracticuma edo borondatezko praktikak egiteko proposamena bideratzeko:

  1. Ikasleak kanpoko enpresa edo erakundearekin adostu behar du praktikaldia, eta Zuzenbide Fakultateari jakinarazi behar dizkio erakundearen nahiz trebatzaile arituko den pertsonaren datuak. Horretarako, datuen orria (2. eranskina: Autopracticum proposamena) (docx, 16 Kb) bidali behar du practicum.fac.derecho@ehu.eus helbide elektronikora.
  2. Autopracticuma GAURen grabatu behar du ikasleak (ikusi Borondatezko praktiken kudeaketa - Praktiges - eskuliburuak).

Urrats horiek biak egin ondoren, (eta jarraian adieraziko diren baldintzak betetzen badira, betiere), Fakultateak balioztatu egingo du praktikaldia GAURen, eta ikasleari lankidetza hitzarmena helaraziko dio, aldeek sinatu dezaten. Era berean, ikasleak prestakuntza proiektua eskuratu beharko du GAURen, eta ikastegira bidali beharko du behar bezala sinatuta. Aipatu agiriak behar bezala sinatuta egon beharko dira praktikaldia hasi aurretik; hala egin ezean, Fakultateak ez du aitortuko amaitutako edota aribidean dagoen praktikarik eta, ondorioz, praktikaldiak ez du ondorio akademikorik izango.

Honako hauek dira Fakultateak praktikaldia onartzeko betekizunak:

  • Gutxieneko iraupena 200 ordukoa izatea. Hortik gorako orduak curriculumetik kanpoko praktika gisa izapidetu ahalko dira.
  • Kanpoko trebatzailea goi-mailako tituluduna izatea, ahal dela Zuzenbide arlokoa (Zuzenbideko Graduaren edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren kasuan); edo dagokion gaian esperientzia profesional egiaztatua edukitzea, Kriminologiako Graduaren kasuan.
  • Ikaslearen egitekoak arlo juridikokoak edo kriminologia arlokoak izatea, kasuan kasuko graduaren arabera.

Borondatezko praktikak edo autopracticuma hautatzeak abantaila bat dauka: daten malgutasuna. Izan ere, udako hilabeteak ere erabil daitezke praktikaldia egiteko. Edonola ere, ikasleek egiaztatu beharko dute gai izango direla matrikulatutako irakasgaiei dagozkien klaseetara joateko eta, garai berean, proposatutako erakundean praktikaldia egiteko.  Matrikulan jasotako irakaskuntzak eta era honetan egindako praktikaldiak uneren batean bat egiten badute, Fakultateak ez du bere gain hartuko horrek eragin ditzakeen oztopoen gaineko inolako erantzukizunik.