euskaraespañol

In memoriam: José Javier Rodríguez Rodríguez

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/07

Irudia

Aurtengo irailaren 21eko goizaldean, José Javier Rodríguez zendu egin zen, Bilbon, 55 urte zituela, gaixotasun labur baina geldiezin baten ondorioz. José Javier Espainiar Literaturako irakasle titularra eta UPV/EHUko Hispaniar Filologia, Filologia Erromanikoa eta Literaturaren Teoria Saileko idazkaria zen. Haren lankide eta lagun izateko zortea izan dugunok ez dugu ahaztuko; izan ere, zintzotasun profesional eredugarriko lankide zorrotza eta giza kalitate handiko pertsona bat galdu dugu: jada atzean gelditu den 1990. urtean, irakasle doktore kontratatu gazte-gaztea zela Sailera iritsi zen unetik bertatik, José Javierrek guztion bihotza eta miresmena lortu zituen, haren ezaugarri zen seriotasunari esker; geruza haren azpian, baina, izaera noble eta eskuzabala zegoen, beti bidezkoa eta bidegabea zer zen jakiteko gaitasuna zuena, eta desadostasunak edo gatazkak sortzen ziren aldiro neurria eta adiskidetzea jartzeko gai zena.

Esan bezala, seriotasuna zuen ezaugarri: horixe zen bere aurkezpen txartela, baita benetan dotorea zen tratu soil bat ere; soiltasun hori, tamalez, gero eta urriagoa da gure artean. Seriotasun hori batzuetan hoztasunarekin nahasten zuten ezagutu berri zutenek; hala ere, maiz, txanponaren beste aldea erakusten zuen: umore ironiko eta onbera, Lope de Vegarenetik baino Cervantesenetik hurbilago zegoena, Góngora edo Quevedoren sarkasmo bihurrietatik urrun, nahiz eta José Javierrek beste inork ez bezala ulertzen zituen, beti umoretsu agertzeko prest. Izan ere, gazte-gaztetatik sentsibilitate fineko irakurlea izan zen. Askotan irakurri zituen autore klasiko eta modernoak, bereziki Errenazimenduko eta Barrokoko poeta handiak; horrek, metrikaren sotiltasunekiko belarri benetan zorrotza emateaz gain, gaztelaniaren ezagutza txundigarria ere eman zion. Ezagutza hori benetan lagungarri izan zitzaion ikerlari gisa, baita irakasle gisa ere; ahoz eta idatziz estilo soil eta zehatzez adierazteko gaitasun handia zuen.

José Javierrek Filologia Erromanikoa ikasi zuen UPV/EHUn; hala, Gasteizko Letren Fakultatearen lehen urteetan, Carlos Blanco Aguinaga, Eukene Lacarra, Jon Juaristi eta Rita Gnutzmannen ikasle izan zen, besteak beste. Unibertsitate Konplutentsean Fernando Lázaro Carreterren ikasle izateko aukera izan zuen, eta bertan egin zuen bere doktoregoa, La comedia pastoril española del siglo XVI izenburuarekin, José María Díez Borque irakaslearen zuzendaritzapean. Hortxe hasi zen ikerlari gisa gehien aztertuko zuen gaiarekiko interesa: Urrezko Mendeetako antzerkia; hain zuzen, jatorrizko esparruetako batetik ekin zion hori aztertzeari. Aurrerago, Espainiaren eta Portugalen arteko harreman literarioei buruzko hainbat lan idatzi zituen, bereziki komediaren eta entremesen, testu elebidunen eta idazle portugaldarrek (Simão Machado edo António de Almeida) gaztelaniaz idatzitako testuen arloan. Beti eskertuko diot berarekin lankidetzan aritzeko eman zidan aukera, ibilbide horren hasieran, UPV/EHUk eskaini zigun ikerketa proiektu bati esker; hain zuzen ere, aukera izan genuen lanegun ahaztezinak emateko Lisboako Liburutegi Nazionalean eta Coimbrako Unibertsitatean, baita inprimaki arraroak bilatu eta kontsultatzeko eta Lisboako Unibertsitateko Centro de Estudos de Teatro zentroarekin hasierako kontaktu bat ezartzeko ere, bereziki José Camões irakaslearekin eta haren taldearekin, elkarrekin XVII. mendeko entremes batzuen edizio elektronikoan lan egiteko.

Portugaleko bizitzari eta kulturari zion maitasun hori, José Javierrek hain ondo komunikatzen zekien hori... António Ferreirak abestu zituen Mondego ibaiaren ertzak bezain emankorrak.

Estes campos fermosos, que parecem
debaixo deste céu dourado e belo,
quem os verá que logo não se alegre?

Baina beste hainbat esparrutan ere egin zuen lan bere ibilbide profesionalean zehar: Fray Luis de León edo Francisco de Riojaren poesia; Cervantes, Herrera edo Graciánen prosa; Gil Vicente, Calderón eta Lope de Vegaren antzerkia... Elkarrekin, Prolope ikerketa taldean sartu ginen. Talde hori Alberto Blecua irakasleak sortu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta egun Gonzalo Pontón eta Ramón Valdés irakasleek zuzentzen dute; Comedias del Fénix lanaren hainbat zati editatu ditugu haientzat. Azkenik, berarekin eraman zuen uda honen hasieran, José Javier ikerketa talde bat sortzen hasia zen, Concordia discors izenarekin, Monarkia dualaren, Portugaleko Errestaurazioaren eta Kataluniako matxinadaren urteetan Penintsulan izan zen testuinguru politiko eta kultural konplexuan izandako sorkuntza literarioa aztertzeko. Talde horretako kide diren ikertzaile gazteen doktorego prestakuntza da gure kidearen lanak eta memoriak merezi duten jarraipenaren oinarria.

José Javier Rodríguezek gustuko zuen bere ikasleei poesia eta antzerkiarekiko zuen maitasuna komunikatzeko klasean errezitatzea; hala, testuak ahoz gora irakurtzea gomendatzen zuen, hobeto ulertu ahal izateko. Bere lan kuttunetako bat El caballero de Olmedo zen, Lope de Vegarena. José Javier hil zenean, Bartzelonako Prolope taldeko lankide eta lagunek tragedia horretako bertso batzuk gogoratu zituzten haren omenez. Ezin hobeki deskribatzen dute hari agur esateak eragin digun mina, baina baita kontsolamendua ere:

Cubrió de luto su casa
y su patria, cuyo entierro
será el del fénix, señor,
después de muerto viviendo
en las lenguas de la fama,
a quien conocen respeto
la mudanza de los hombres
y los olvidos del tiempo.

 

 

Carlos Mota,
Espainiar Literaturako irakasle titularra,
Hispaniar Filologia, Filologia Erromanikoa eta Literaturaren Teoria Saila.
UPV/EHU