euskaraespañol

Redes sociales campusa

Elikadura pertsonalizatua eta mikrobiota: Maria Puy Portillo EHUpodcast proiektuaren laugarren atalean

EHUko Nutrizio arloko katedradunak azaldu du gaur egungo elikadura-ohiturak gure osasuna nola birdefinitu duen

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/17

Ezkerretik eskuinera: Tania Arriaga, EHUpodcast proiektuaren elkarrizketen koordinatzailea eta Maria Puy Portillo, EHUko katedraduna, ikertzailea eta irakaslea | Argazkia: Laura López.EHU

María Puy Portillo Nutrizioko katedraduna eta ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia Fakultatean. Erakunde horretako Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatuko Doktorego Programa koordinatzeaz gain, Carlos III.a Osasun Institutuko CIBEROBNeko (Gizentasunaren eta Elikaduraren Fisiopatologia) zuzendari zientifikoa da

Elkarrizketan, adituak dieta mediterraneotik mendebaldekoagora igarotzeak gure osasunean izan duen eragina deskribatu du. Horrez gain, mikrobiotaren garrantzia azpimarratu du eta dieta pertsonalizatuak diseinatzeko aukera ematen duten biomarkatzaileei buruzko azken ikerketak aurreratu ditu.

Ultraprozesatuen arriskua: sailkapen berri bat abian

Katedradunak ohartarazi duenez, elikagai ultraprozesatuak energia handia dute, baina mantenugai gutxi; izan ere, gantz ase, azukre eta gatz asko dituzte. Horrelako produktuen kontsumoaren hedapenak obesitatea areagotu du, baita kolesterol-maila, hipertentsio arteriala eta egungo patologiak ere, hala nola 2 motako diabetesa, gantz-gibela. Gainera, ultraprozesatuak osasun mentaleko arazoekin lotu dira (depresioarekin edo antsietatearekin, adibidez), baita minbizia garatzeko arriskuarekin ere.

Portilloren ikerketa-taldea, Elikadura eta Gizentasuna, ultraprozesatuak sailkatzeko modu berri bat lantzen ari da, prozesatze-maila ez ezik, elikagaien osaera ere aztertzen duena. Arreta berezia jarriko dute gantz eta azukre kopuruetan, konbinazio horrek adikzioa eragiten duela ikusi baitute. Horrela, modu erregularrean kontsumituz gero metabolismoan eta garunean kalte handiena egiten duten produktuak zehaztasunez identifikatuko dituzte."

Mikrobiotak eta biomarkatzaileak: etorkizuneko elikaduraren gakoak

María Puy Portillo irakasleak heste-mikrobiotak duen garrantzia nabarmendu du. Azaldu duenez, elikadura egokiaren bidez ekosistema hori orekatuta mantentzeak gure osasun metabolikoa eta mentala babesten ditu. Aldiz, ultraprozesatuen kontsumoak mikrobiota desorekatzen duela ohartarazi du, eta horrek gaixotasun kronikoak zein aldarte-nahasmenduak sor ditzakeela.

Erronka horren aurrean, ikertzaileak biomarkatzaile nutrizionalak jo ditu etorkizuneko tresnatzat. Molekula horiek gure elikadura eta osasuna gertutik jarraitzeko aukera ematen dute, pertsona bakoitzaren genetika eta metabolismoaren arabera guztiz pertsonalizatutako doitasun-dietak diseinatu ahal izateko.

EHUpodcast: zientzia entzungai

EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) dibulgazio zientifikorako ekimena da. "Entzun ta zabal zazu" lelopean, hileroko elkarrizketa hauek unibertsitateko ikerketaren eta gizartearen arteko zubia eraikitzea dute helburu, podcast formatua erabilita. EHUren ikerketa-lana modu atsegin, ulergarri eta irisgarrian ezagutarazi nahi da, unibertsitateko ikertzaileei egindako elkarrizketen bidez.

EHUpodcasten helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Elkarrizketak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.

Ekimen hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea den Tania Arriagak koordinatu eta aurkeztuko ditu. Ekimena Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin garatu da.

Dagoeneko entzungai EHUpodcasten, Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian  eta ohiko plataformetan.