Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) errekurritu egingo du hainbat epailek hartutako erabakia Euskara eta Literatura II ikasgaiaren kalifikazioa aintzat ez hartzeko; alegia, helegitea jarri duten ikasleei unibertsitatera sartzeko eta onartua izateko notaren baitan irakasgai hori kentzeko agindu dute.
-
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
-
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
-
2026-2027 ikasturtearen hasierako datak
-
EHUk EHU-iBio ikerketa-zentro berria sortu du
-
Gaur hasi da EHUn matrikulazioa aurretiko izen-ematea egin duten 19.453 ikasleentzat
EHUk errekurritu egingo du USaPen harira epaileek hartutako erabakia
USaP probetara aurkeztu diren gainerako ikasleak babesgabetasun egoeran uzten dituela deritzo unibertsitate publikoak, eta berdintasun printzipioaren kontra doa zuzenean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/30
Jasotako ebazpenak dio, errekurtsoa jarri duten ikasleen kasuan “ez dadila aintzat hartu Euskara eta Literatura II ikasgaia unibertsitatera sartzeko prozeduraren aurreinskripzioan, plazak emateko orduan eta matrikula egiteko orduan”. Halaber, EHUri eskatzen dio ikasle horiei plaza gordetzeko, plazaren erreserba egiteko, errekurtsoa ebatzi bitartean.
Kautelazko neurri hori betetzeak legea eta berdintasun printzipioa urratzea ekarriko luke. Unibertsitate publikoak ezin du plazarik gorde unibertsitatera sartzeko ohiko prozeduratik kanpo; izan ere, plazen esleipena sarbide-notaren eta titulazio bakoitzean eskaintzen den plaza kopuruaren arabera egiten da, hautagai guztien lehentasun-hurrenkera zorrotz errespetatuz. Prozedura horretatik kanpo pertsona bati plaza bat gordetzeak sarbide-sistema aldatzea eta gainerako ikasleen eskubideei eragitea ekarriko luke.
EHUk ez du bat egiten epaitegiek hartutako erabakiarekin, eta dagokion errekurtsoa aurkeztuko du. Are gehiago, epailearen idatziak dio kautelazko neurrien helburua dela “prozesuak irauten duen bitartean ondorioak konponezinak ez izatea". Hain zuzen ere, EHUren iritziz, kautelazko neurri hori aplikatzeak ondorio konponezinak eragin diezazkieke arau berberen arabera USaP egin duten gainerako ikasle guztiei, eta haien eskubideak ere babestu egin behar dira. Ohiko plaza-esleipenaren prozedura aldatzeak babesgabetasun egoeran utziko lituzke gainerako hautagai guztiak, eta unibertsitate publikora sartzeko prozesua gidatu behar duen berdintasun printzipioa urratuko luke, pribilegio bereziak emanaz auzibidea hartu duten bakanei.
EHUk uneoro indarrean dagoen araudiaren arabera jardun du, eta zorrotz aplikatu du 534/2024 Errege Dekretuan ezarritakoa, unibertsitateko gradu-ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak arautzen dituena. Dekretuak berak ezartzen du bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan ikasleek bi hizkuntzetan erakutsi behar dutela gaitasunen araberako nahikotasuna, ez badaude beren beregi salbuetsita. Horregatik, Euskara eta Literatura II ikasgaiaren kalifikazioa unibertsitatera sartzeko eta onartua izateko notaren kalkuluaren parte da, estatuko araudiak ezarritakoaren arabera.