Metodologia horren bidez, Santos Iñurrieta euskal margolariaren Izenik gabe olio-pinturak dituen degradazio-arazoen jatorria determinatu dute EHUko FARMARTEM taldeko ikertzaileek: xaboi metalikoek sortu dituzte lausodura zuriak. Ikerketa honek aurrerapauso handia eragin du arte garaikidearen epe luzeko kontserbazioan, erabilitako teknika guztien baliagarritasunaren ikuspegi xehea eta teknika bakoitzak ematen duen informazio espezifikoaren berri ematen baitu.
Olio-pintura garaikidearen arazo nagusietako bati aurre egiteko estrategia bat garatu dute
EHUko Pintura Sailak metodologia multianalitiko bat osatu du olio-pinturetan agertzen diren lausodura zuriak identifikatzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/30
Olio-pinturetan alterazioak gerta daitezke haien osagai kimikoen arteko interakzioen ondorioz eta kanpo-faktoreen eraginez; besteak beste, substantzia zurixkak sor daitezke koadro osoan edo atal jakinetan. Baina lausodura zuri horiek ez dira beti itxura berekoak, eta jatorria ere desberdina izan dezakete. “Artelanen gainazala zuritzen duten substantzia horiek ez diote estetikari bakarrik eragiten, kontserbazio-arazo bat ere badira, eta oso garrantzitsua da zerk eragiten dituen jakitea, arazoaren erremedioa bilatu ahal izateko”, azaldu du Erika Tarilonte EHUko Arte Ederren Fakultateko ikertzaileak.
Santos Iñurrieta (1950-2023) euskal margolariaren Izenik gabe artelana oihal gaineko olio-pintura bernizatu gabea da, eta substantzia zurixka homogeneo eta hauskor batek estaltzen du margolanaren zati handi bat. Koadro horretan oinarrituta, olio-pintura garaikideen gainazaleko zuritze-fenomenoak identifikatzeko orain arteko azterketa analitikorik osatuena egin dute EHUko FARMARTEM taldeko ikertzaileek. “Metodologia multianalitiko sakon bat definitu dugu, baliagarri izango dena zenbait degradazio-fenomeno aztertu eta pinturak kontserbatu ahal izateko”, azaldu du Tarilontek. Ikerlan hau aurrerapauso handia da arte garaikidearen kontserbazioan gaur egun dagoen arazo garrantzitsuenetako bati aurre egiteko.
Lehenik eta behin, Iñurrietaren artelanen azterketa historiko-artistikoak erakutsi du lausodura zuri horiek ez direla artistak nahita egindakoak, eta, hortik abiatuta, hainbat hipotesi aztertu dituzte ikertzaileek: “Onddoak izan zitezkeen, edo gatzen kristalizazioaren ondorioa, gantz-azidoen migrazioa, argizarien exudazioa, xaboi metalikoak… Guk egindako analisiek erakutsi dute berun-xaboiak direla margolaneko lausodura zurien kausa nagusia, eta berun-lehortzaile bat izan zela ziurrenik berunaren iturria”, dio EHUko irakasleak. Berun-xaboiak sortzeko prozesua pintura-geruzaren barruan gertatzen da, “baina pixkanaka-pixkanaka, denboraren poderioz, azaleratzen joaten da, eta lausodura zuria agertzen. Artelana lainoztatuta dagoela ematen du”.
Informazio garrantzitsua lausodura-fenomenoak eraginkortasunez ezabatzeko
Ikerketak, gainera, aukera eman du artistak margolanean erabili zituen materialei eta teknikei buruzko informazio zabala eskuratzeko. “Orain badakigu artelanak zer geruza piktoriko dituen; nolakoak diren; zer lodiera duten; zer granulometria; zehatz-mehatz zer pigmentu erabili dituen, zer gehigarri, zer aglutinatzaile eta abar. Ikerketa honen ondoren, artelanari buruzko dena dakigu, eta, gaur egun, hori oso garrantzitsua da, gero esku hartu ahal izateko”. EHUko ikertzaileak dioenez, hori lehenengo urratsa izan da: “Artelana horrela dago, baina badakigu jatorrizkoa ez zela horrelakoa. Hurrengo urrats naturala izango litzateke artelanean esku hartzea, garbitzea eta jatorriz zen moduan uztea”.
Horrenbestez, azterketa multianalitiko bat proposatu dute FARMARTEM taldeko ikertzaileek olio-lanetako lausodura zurien jatorria hautemateko: askotariko azterketa mikrobiologikoak, erradiografiak, fluoreszentzia-azterketak, mikrolaginen analisi kimikoak, mikroskopikoak, espektroskopikoak, ordenagailu bidezko tomografiak, kromatografiak eta abar. Teknika horien guztien erabilgarritasunari eta bakoitzak ematen duen informazio espezifikoari buruzko informazio xehatua jarri dute EHUko ikertzaileek komunitate zientifiko eta artistikoaren esku.
Izan ere, “metodologia multianalitiko honen malgutasunari esker, ikusi dugu xaboi metalikoetarako emaitza esanguratsurik ematen ez duten teknika batzuek informazio baliagarria eman dezaketela beste lausodura-fenomeno batzuetarako”, dio Tarilontek. Adibidez, orain beste artelan bat darabilte esku artean: Alberto Gonzalezen Izenik gabe (1978). “Lausodura zuriak ditu artelan horrek ere, baina lausoduraren morfologia, itxura, desberdina da: puntu zuriak dauzka kolore urdin jakin batean”, azaldu du. Ikertzaileen hipotesi nagusietako bat da “gatz-kristalizazioak eragin dituela akrezio horiek. Guk garatutako metodologiari esker, gatzen kristalizazioa aztertzeko interesgarrienak diren teknika analitikoak bakarrik erabili ahal izango ditugu; ez guztiak. Orain badakigu zer informazio-mota ematen digun teknika bakoitzak, eta, beraz, beste artelan batzuk ikertzerakoan, kasuaren arabera erabilgarrien direnak bakarrik aukeratuko ditugu. Kasuaren arabera moldatzeko aukera eman dugu”.
Arlo honetan aurrerapen handiak izan diren arren, “asko ikertu behar da oraindik lausodurak eragiten dituzten arrazoien eta mekanismoen inguruan. Lan honek balioko du olio-pinturak kontserbatzeko estrategia hobeak garatzeko eta artelanak epe luzera zaintzeko erremedio eraginkorren inguruan ikertzeko”, azaldu du EHUko ikertzaileak.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Erika Tarilonte Perez EHUko irakaslearen doktore-tesian kokatzen da. Arte Ederren Fakultateko ikertzaile eta irakasle Oskar González Mendia eta Miren Itxaso Maguregui Olabarria dira haren tesi-zuzendariak. EHUko IBeA eta Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldeekin lankidetzan egin dute ikerketa, SGIker zerbitzuaren laguntzarekin. Tarilontek, bere tesiaren lehen atalean, Orbegozo Fundazioaren pintura-bildumaren prebentziozko kontserbazio-plan bat landu, eta ezartzen lagundu du. Gaur egun, bilduma horretako artelanak zaharberritzeko lanetan murgilduta dago ikertzailea.
Arte garaikidearen Euskal Herriko bilduma pribatu garrantzitsuenetako bat du Orbegozo Fundazioak; Euskal Herriko eta Espainiako hainbat artista garrantzitsuren 350 lan baino gehiago biltzen ditu, hala nola Zumeta, Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta, José Barceló, Juan Mieg, Gallo Bidegain, Díez Álava, etab.
Erreferentzia bibliografikoa
- A multi-analytical approach for the identification of surface whitening phenomena in contemporary oil painting and its application to metal soaps
- Journal of Cultural Heritage
- DOI: 10.1016/j.culher.2025.06.007
