Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

CLARIAH-EUS azpiegitura sustatzen ari dira

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/22

HiTZ zentrotik CLARIAH-EUS azpiegitura sustatzen ari dira. CLARIAH-EUS Giza eta Gizarte Zientzietan euskara eta euskaraz ikertzeko aukera Europako ikerketa-azpiegituretan bultzatzeko egitasmoa da. Europa mailan, CLARIN eta DARIAH azpiegiturek ikerkuntzarako baliabideak eta laguntza eskaintzen dituzte eta CLARIAH-EUSek, horien ereduari jarraiki, euskararentzako zerbitzuak eskaini nahi ditu. Laburbilduz, euskaraz eta euskara ikertzeko aukera bultzatu nahi duen egitasmo bat da.

CLARIAH-EUS partzuergoaren azken helburua da Europako CLARIN eta DARIAH ikerketa-azpiegituretan euskara txertatzeko jarduerak bultzatzea, euskarak azpiegitura horietan gero eta leku/baliabide gehiago izateko, Humanitateen ikerketetan eta Giza Zientzien ikerketan aurrera egiten laguntzeko, baita nazioarteko proiektuetan eta programetan ikerketa esanguratsuagoak egiteko ere, batez ere Europako Ikerketa Esparruaren testuinguruan.

CLARIAH-EUS proiektua aurrera eramateko, ezinbestekoa da horren inguruan
komunitatea sortzea, eta baita erakundeen nahiz administrazioaren inplikazioa ere. Azpiegituraren sortze-prozesuaren mugarri izan zen 2021eko azaroaren 26an egin zen workshopa. Horretan 40 izen-emate inguru izan ziren, eta arlo askotako posterrak aurkeztu ziren (itzulpengintza, hiztegigintza, neurolinguistika, hizkuntzalaritza…). Gainera, unibertsitate eta erakunde asko gehitu ziren egitasmora, hala nola
 Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Udako Euskal Unibertsitatea, University of Nevada,Mondragon Unibertsitatea, Pennsylvania State University, Iker zentroa, Etxepare Euskal Institutua, Soziolinguistika Klusterra, Elhuyar eta
 Euskal Wikilarien Kultur Elkartea. Horrenbestez, argi geratu da gaiak interesa
piztu duela, eta badagoela horrelako ikerketa-azpiegitura baten beharra.
 
Halaber, CLARIAH-EUS egitasmoari babesa erakusteko manifestu edo aldarrikapen bat zabaldu da, eta dagoeneko lortu da hainbat erakunderen babesa. Horrez gain, orain arte 80 lagun inguruk izenpetu dute manifestua.
   
CLARIAH-EUSen aldeko manifestua sinatu nahi izanez gero, webguneko formularioa bete beharko da (https://ixa2.si.ehu.eus/clariah-eus/manifestua_erakundeak). Formulario hori bete ondoren, email bat jasoko du interesatuak, zeinetan sinatzeko dokumentua atxikita egongo den. Sinatu ondoren, clariaheus.hitz@ehu.eus helbidera bidali behar da dokumentua.

Dokumentua sinatzen duten erakundeak CLARIAH-EUS webgunean agertuko dira egitasmoaren kide gisa: https://ixa2.si.ehu.eus/clariah-eus/kideak


   
 

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook