Asset Publisher

BIOGRAPHY & PARLIAMENT: Erakusketa bibliografikoa

Bizkaiko Campuseko Biblioteka (Leioa). 2023ko apirila-ekaina

First publication date: 26/04/2023

Erakusketa honen bidez, merezitako aintzatespena eman nahi zaio Biography & Parliament ikertaldeari, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan egindako deialdietan puntuaziorik handienak lortu baititu Arteen eta Giza Zientzien arloko euskal unibertsitate sistemako ikertaldeen jardueretan. Aitzindaria da prosopografian eta Ekonomia Itunean, besteak beste. Ikerketa lan horren ondorioz, ordezkari politiko historikoen hainbat hiztegi biografiko editatu eta argitaratu dira.

Erakusketan, gainera, bere 5 ikerketa ildoen bibliografia adierazgarriena jasotzen da:

  1. Euskal elite garaikide politikoaren aktoreak eta kudeaketa publikoa: biografia kolektiboa eta analisi prosopografikoa.
  2. Ekonomia Ituna eta haren aplikazioa foru ogasunetan.
  3. Bilbo garaikidea.
  4. Filosofia politikotik jorratutako ideia, kontzeptu eta erakunde adierazgarrien historia.
  5. Kultura zientifiko-teknikoa historia sozialaren ikuspegitik: kontzeptualizazioak eta adierazpenak.

Era berean, aipamen berezia egiten zaio Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga ikertaldeko alma materrari eta haren ikerketa jarduera zabal eta oparoari; horri esker 2019an, Euskadi Ikerketa Saria irabazi zuen.

Azkenik, azpimarratzekoa da taldeak nazioarteko esparru zientifikoan egiten duen lana, International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions erakundearen bitartez. Erakunde horretako presidentea Joseba Agirreazkuenaga da eta presidenteordea, berriz, Mikel Urquijo.

Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da ikusgai Leioako Campuseko Liburutegiko bigarren solairuan, mailegu mahaiaren ondoan.