Breadcrumb

Asset Publisher

Hezkuntzarako I. app Azoka

First publication date: 10/12/2015

Image

Ostiralean, abenduak 11, 12:00etan, UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Sarriena auzoa z/g, Leioa), Hezkuntzarako I. app Azoka ospatuko da. Bertan, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko eta Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako gradu eta graduondoko ikasleek telefono mugikorretan exekutatzeko diseinatu eta sortu dituzten 12 aplikazioak erakutsiko dira. UPV/EHUko ikastetxe biek elkarlanean burutu duten lankidetza-proiektuaren ekitaldi gorena da honako hau.

Ekimen berritzaile hau Telekomunikazioko Ingeniaritzako Masterreko ‘Tecnologías Telemáticas Avanzadas' eta Lehen Hezkuntzako Graduko ‘Lenguas e Innovación en la escuela' irakasgaietan burutu da, eta bere helburua hezkuntzarako app-ak sortzea izan da. Horretarako, talde heterogeneotan egin dute lan irakaskuntza zein ingeniaritzako ikasleek. Irakaskuntzako ikasleek, hezkuntzarekin lotutako arlo ezberdinetarako app-ak diseinatu dituzte, batez ere hizkuntzen ikasketara zuzenduta daudenak. Eta ingeniaritzakoek berriz, app bakoitza eraiki edo programatu dute, aurretik erabakitako diseinu horietan oinarrituta. Prozesu osoan zehar, ikastetxe bietako ikasleak elkarren artean kontaktuan egon dira.

Proiektu honen ondorioz, tresna interesgarriak sortu dituzte. Besteak beste, SiConSignos, pertsona gorrekin komunikatu ahal izateko aplikazioa; ABU APP, adineko jendeari euskara hurbiltzeko app-a; GuztiokEuskarApp, euskaldunak ez diren gurasoek seme-alabekin egunerokotasunean euskaraz aritzeko erraztasunak eskaintzen dituen tresna; edota TravelAthlete, goi-mailako kirolariei zuzenduta.

Lan guztiak, ikasleek beraiek egindako poster eta tutorialen bidez aurkeztuko dira Hezkuntzarako I. app Azokan.