TALDEKO DELEGATUAK HAUTATZEKO PROTOKOLOA

UPV/EHUko ikasleen arautegia

II. ERANSKINA

TALDEKO DELEGATUAK HAUTATZEKO PROTOKOLOA

Ikastegiek ikasturtearen hasieran hauteskundeak egingo dituzte taldeko delegatuak hautatzeko, honako protokolo honi jarraikiz:

1.– Hauteskunde egutegia egitea:

Talde bakoitzeko delegatua hautatuko da ikasturte bakoitzean matrikulaziorik handiena duen irakasgaian, hautazko irakasgaiak bazter utzita.

Ikastegiak edo atalak, bere ikasleen kontseiluarekin batera, hauteskunde egutegia osatu beharko du, eta bertan talde bakoitzeko delegatua hautatzeko datak ezarriko ditu, ikasturtearen lehenengo hogei eskola egunen barruan.

Ikastegi edo atala harremanetan jarriko da hautaketa egin behar deneko irakasgaien irakasle arduradunekin, eta jarraitu beharreko prozeduraren eta bete beharreko eginkizunen berri emango die. Ikastegi edo atalak bermatu egingo ditu irakasleen prestasuna eta parte hartzea.

Hautaketa egin behar deneko irakasgaiaren irakasle arduradunak bermatu egin beharko du hauteskunde prozedura behar bezala garatuko dela:

– Hautaketa dagokion egunean eta orduan egin dadila bermatuko du.
– Hautaketa aktaren eredua jasoko du ikastegi edo ataleko zuzendaritzan.
– Hautaketa egin behar den egunean, matrikulatuta dauden ikasleen zerrenda eramango du.
– Hautaketa prozesuaren akta egingo du eta ikastegi edo ataleko zuzendaritzaren esku jarriko du.

2.– Iragarkia.

Ikasturtearen hasieran, ikastegi edo atalak bere ikasle guztiei iragarriko die hauteskunde prozesua irekiko dela, gutxien dela, hautaketa egin baino astebete lehenago.

Ikasleei delegatuen eskubideak eta betebeharrak jakinaraziko zaizkie (14.2 artikulua). Era berean, jakinaraziko zaie delegatua izateak kredituak aitortzeko balio dezakeela, unibertsitateko arautegiaren arabera.

Ikastegi edo atalak ikasleei jakinaraziko die ezen, agertzen ez badira hautaketa egingo den irakasgaietan matrikulatutako ikasleen zerrendetan, haietako batean sartzeko eskatu ahal izango dutela, baina hautaketa baino gutxienez bi egun lehenago egin beharko dute eskaria.

3.- Hautaketarako prozedura.

1) Hauteskunde mahaia osatuko da irakasgaiko irakasle arduradunarekin eta, matrikulatutako ikasleen zerrenda alfabetikoko lehenengo eta azken pertsonekin (ikasgelan ez baleude, zerrendan behera eta gora egingo da, ikasgelan diren lehen eta azken ikasleak aurkitu arte).

2) Hamabost minutu izango ditu hautagaiak bere programa edo ideiak azaltzeko. Bi hautagai baino gehiago badaude, denbora hori hamar minutura murriztuko da.

3) Ondoren, mahaiak botoa emateko deia egingo die, zerrendako ordenari jarraikiz, matrikulatutako pertsonei, eta haiek dakarten identifikazio agiriaren bidez identifikatuko dira.

Pertsona bakarra aurkezten bada, bozketan «bai» edo «zuri» bozkatuko da, haren hautagaitza onartu edo errefusatzeko. Pertsona hori hautatua izan dadin, emandako botoen herena baizkoa izan beharko da. Ikasle boluntariorik ez badago, bozketa egingo da zerrendako ikasle guztiak hautagai izanik. Ikasle orok du karguari uko egiteko eskubidea. Hautatuak diren ikasle guztiek uko egiten badiote, taldea delegaturik gabe geratuko da.

Bozketa egin egingo da, kontuan hartu barik ikasgelan zenbat ikasle dauden.

Boto txanda bakarra egongo da, eta boto gehien lortzen dituen pertsona izango da hautatua, berdinketa bat desegitea beharrezkoa denean izan ezik. Bozketa sekretua izango da eta boto paperen bidez egingo da.

4) Kontaketa jendaurrean egingo da.

5) Irakasleak akta eginen du, azken emaitza eta hautaketan gertatutako edozein gorabehera jasota.

6) Akta dagokion ikastegi edo ataleko dekanotzan edo dekanordetzan gordeko da.

7) Delegatuen zerrenda bidaliko zaio, haien helbide elektroniko korporatiboekin batera, dagokion ikasleen kontseiluari, jakinaren gainean egon dadin eta gainerako ondorioetarako, bai eta ikasleen arloko errektoreordetzari ere.

4.- Ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluan taldeko delegatuen ordezkariak hautatzea.

Taldeko delegatuen hauteskunde prozesua amaitzean, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluak, edo, halakorik ezean, ikastegiko zuzendaritza taldeak, bilera batera deituko ditu delegatu guztiak. Bilera horretan, beren betebeharren eta eskubideen berri emango zaie, baita beren taldeko delegatu gisa interesatzen zaizkien gainerako gaien berri ere. Ondoren, ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluko kide izango diren delegatuak hautatuko dira. Taldeko delegatu guztiak izango dira hautesle eta hautagai. Boto gehien jaso dituzten delegatuak izango dira hautatuak, ikasleen kontseilu horretan dauden postu guztiak bete arte.