Breadcrumb

Ikasleen elkarteak: Prozedura

UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa onartua izateko prozedura. UPV/EHUko ikasleen elkarteen erregistroan izena ematea eta elkarte izateari eustea (eskaerak)

Ikasleen araudiaren 60, 61., 62 eta 63.artikuluak

III KAPITULUA. ELKARTE BAT UPV/EHUKO IKASLEEN ELKARTE AITORTUA BIHURTZEKO PROZEDURA ETA INSKRIBATZEAK SORTZEN DITUEN ESKUBIDEAK

60. artikulua.– Elkarte bat UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko prozedura.

1.– UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan inskribatzeko, elkarteak aldez aurretik inskribatuta egon beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan edo elkarteen beste erregistro publiko batean.

2.– Elkarte bat UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko –Ikasleen Errektoreordetzaren menpe dago erregistroa–, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartea EAEko Elkarteen Erregistroan edo elkarteen beste erregistro publiko batean inskribatuta egotearen ziurtagiriaren kopia.

b) Elkarteko kideen kopurua. UPV/EHUko ikasle diren bazkideen zerrenda eta, hala badagokio, UPV/EHUko ikasle ohiena, izena, abizenak eta NAN zenbakia adierazita. Horretaz gain, UPV/EHUko ikasle izatearen egiaztagiria (matrikula agiria) edo UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia, kasuaren arabera.

c) Zuzendaritza Batzordeko kideen izenak, eta haien kokalekua, telefonoa eta harremanetarako helbidea. Horretaz gain, UPV/EHUko ikasle izatearen egiaztagiria (matrikula agiria) edo UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia, kasuaren arabera.

d) Dagokion ikastegiaren edo campusaren txostena, elkartearen egoitza ikastegi batean edo UPV/EHUko lokal batean jartzeko eta aurreko artikuluan aipatutako gainerakorako. Eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

e) Elkartearen jardun eremuaren arabera, dagokion ikasleen kontseiluaren txostena. Eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.

f) Jardueren programa:

g) Elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskaera normalizatua.

3.– Prozedura amaituko da elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzean edo ikasleen arloko errektoreordetzak eskaria ezesteko erabaki arrazoitua ematean. Bi kasuetan eskatzaileari erabakia jakinaraziko zaio, gehienez hiru hilabeteko epean, aurreko ataleko g) letran aipatutako eskaera normalizatuan horretarako adierazitako lekuan.

4.– Elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskaria ezesten duen erabakiaren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio errektoreari, hilabeteko epean.

61. artikulua.– Elkartea inskribatzean sortzen diren eskubideak.

1.– Elkarte bat UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan inskribatzeak eskubidea ematen du webgune bat, posta elektroniko bat eta unibertsitateko lokalen batean armairu giltzadun bat izateko, ahal dela «ikasletxe» batean.

2.– Ikastegi eta campusetako premien memoriek toki bat aurreikusi beharko dute bere eremuan egon daitezkeen elkarteetarako.

3.– Dirulaguntzak eman ahal izango dira, zehaztuko diren baldintzen arabera, elkarteen jardueretarako eta ikasleek haietan parte hartzeko, berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren printzipioa errespetatzen badute. UPV/EHUk horretarako partidak bideratuko ditu bere aurrekontuetan.

Euskadiko Elkarteen Erregistro Orokorra
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorra

Elkartea UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskaera formularioa
Inskribatzeko eskaera normalizatua eta eraraskinak

 

V. KAPITULUA. UPV/EHUKO IKASLEEN ELKARTE IZATEN JARRAITZEA

62. artikulua.– UPV/EHUko ikasleen elkarte izaten jarraitzea.

1.– UPV/EHUko ikasleen elkartea izaten jarraitzeko, elkarteek UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan inskribatzeko behar diren eskakizunak betetzen jarraitu beharko dute. Hori egiaztatzeko, elkarte guztiek, bi (2) urtean behin eta lehen lauhilekoan, ikasleen arloko errektoreordetzari honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkiote:

a) Elkarteak aurreko bi ikasturteetan egindako jarduerei buruzko memoria bat, non bereziki nabarmenduko diren unibertsitate organoren batek diruz lagundutako jarduerak edo proposamenak.

b) Elkarteko burua, idazkaria eta zuzendaritza batzordeko kideak UPV/EHUko ikasleak direla frogatzen duten dokumentuak (matrikula agiria), eta ikasle ohien kasuan, UPV/EHUko titulu ofizialaren edo berezko tituluaren kopia. Era berean, bazkide guztien zerrenda eguneratua aurkeztu beharko da, eta ikasle edo Ikasle ohia izatearen agiriak. Elkarteak UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratuta jarraitzeko, arautegi honen 58. artikuluan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira.

Elkartearen liburuak agintari akademikoen eta publikoen esku egongo dira.

2.– Estatutuetan edo zuzendaritza batzordean eginiko aldaketa guztiak ikasleen arloko errektoreordetzari jakinaraziko zaizkio hilabeteko epean, eta hark arautegi honekin bat datozen egiaztatuko du. Aldaketak arautegiarekin bat ez badatoz, inskripzioa ezeztatzeko prozedura hasiko da.

63. artikulua.– Eskakizunak ez betetzea.

Titulu honetan ezarritako eskakizunetakoren bat bete ezean, elkartea ohartarazteko espediente bat irekiko da, eta hilabeteko epea emango zaio akatsak zuzen ditzan. Hilabetea igarota akatsak zuzendu ezean, elkarteak ezin izango du UPV/EHUren laguntzarik eskatu, akatsak zuzendu arte. Urtebete igarota ez baditu akatsak zuzendu, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, bai eta laguntzak ere, halakorik esleituta balu.

Hilabetea igarota frogatuko balitz elkarteak ez duela jardunik, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio, ikasleen arloko errektoreordearen erabaki arrazoituaren bidez, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, bai eta laguntzak ere, halakorik esleituta balu. Jardun eza frogatutzat joko da, besteak beste, elkartearen egoitza dagoen ikastegiko zuzendaritzari edo campuseko errektoreordetzari kontsulta egin ondoren, argi eta garbi ikusten denean elkarteak ez duela jardunik.

Era berean, behin betiko baja emango zaio elkarteari elkarteak berak hala eskatzen badu, zuzendaritza batzordeak horren alde hartutako erabakiaren akta aurkeztuta.