Breadcrumb

Asset Publisher

Ikastetxe Nagusia ere euskararen alde. Korrika 2026

EHUko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiak bat egin zuen 2026ko Korrikarekin, euskararen eta euskal kulturaren inguruko jarduerez betetako aste baten bidez.

“Unamuno ere euskararen alde. Korrika 2026” lelopean, hainbat egunez unibertsitate-komunitatearen parte-hartzearekin antolatutako egitarau zabalaz gozatu genuen: bingo musikatua, txotx eta txistorra, elektrotxaranga, Euskal Jaiak, txokolatada eta, amaitzeko, Korrikan parte hartzea.

Jarduerez betetako astea izan zen, horietako batzuk EHUkulturarekin eta auzoko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatuak. Ikastetxe Nagusiko hainbat espazio elkartzeko, aldarrikatzeko eta ospatzeko gune bihurtu ziren. Korrika barrutik bizitzeko eta euskararekiko konpromisoa partekatzeko aukera izan genuen, bai unibertsitateko egunerokoan, bai gure ingurune hurbilean.

Jarduerei amaiera oso berezia eman genien: goizeko 7:00etan Korrikako kilometro bat egin genuen Enekuriko jaitsieran, Ikastetxe Nagusitik metro gutxira. Berrogei bat ikasle goiz jaiki ziren une berezi horretan parte hartzeko. Korrikara hurbildu ziren auzotarrei txokolatea banatu ondoren, lekukoa eramateko aukera izan zuten, eta elkarrekin korrika egin zuten Unamunoraino.

Jarraian, astean zehar egindako jarduerak biltzen dituen bideoa ikus dezakezue, euskaraz, musikaz eta giro onez betetako aste hau gogoratzeko.

Eskerrik asko astean zehar parte hartu eta jarduerak antolatzen eta kudeatzen lagundu duzuen guztioi!