euskaraespañol

UPV/EHUk 64,1 milioi eurotan lizitatuko du Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria

Euskal Herriko unibertsitate publikoak aurreikusi du azpiegitura berria 2026-2027 ikasturterako egongo dela operatibo

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/26

Irudia
Etorkizuneko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen infografia

Euskal Herriko Unibertsitateak berriro lizitatu du Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikina, zeina Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen inguruan egongo baita, Bilbon.

Eva Ferreira Euskal Herriko unibertsitate publikoko errektoreak adierazi duenez, pozarren dago proiektuan hain aurrerapen garrantzitsua egingo delako: “Ezusteko zailtasunak gainditu behar izan ditugu –azaldu du-; energiaren kostuen gorakadak eta Ukrainako gerrak krisi ekonomikoa eragin dute eta, ondorioz, ezinezkoa izan zen aurrekoan esleipena gauzatzea, baina ez dugu amore eman eta tinko heldu diogu hartutako konpromisoari. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak, osasun sektoreak eta euskal jendarteak berak ondo merezia dute ikastegi honetan irakaskuntza eta ikerketara bideratutako azpiegitura hobetzea, eta azkenean eman dugu urrats erabakigarria. Emandako laguntza eskertu nahi diet unibertsitateko kide guztiei, proiektuarekin konpromiso irmoa izan dutelako, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere, hainbesteko erabakitasunez jardun izanagatik, baliabide ekonomikoz hornitzeaz gain, babes politiko eta instituzionala ere eman baitigu”.

Lanen lizitazioak 64.092.555,22 euroko zenbatekoa du. Enpresek 2023ko otsailaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak. Unibertsitatearen aurreikuspenen arabera, 2023ko maiatzaren bigarren hamabostaldian sinatu eta formalizatuko da kontratua, eta, hortik aurrera, lanak hilabeteko epean hasiko dira. Hau da, egin beharreko lanak 2023ko ekainaren bigarren hamabostaldian hastea aurreikusi da. Hala, unibertsitateak uste osoa du eraikina 2026-2027 ikasturtean operatibo egongo dela.

Gogoan izango duzuenez, Euskal Herriko Unibertsitateak joan den abuztuan amaitutzat jo zuen eraikin berriaren obra kontratua esleitzeko prozedura, erakunde esleipendunak, hiru sozietatek osatutako ABEE (aldi baterako enpresa elkarte) batek, kontratua formalizatzeari uko egin baitzion azkenean. Esleipendun izango zenak egoera ekonomikoa arrazoitu zuen ezezkoa emateko; argudiatu zuen kostuen igoera neurrigabea jasan zutela bai energia eta lehengaien merkatuek, bai eraikuntza sektoreak berak, eta, ondorioz, ezinezko zitzaiola aurkeztutako eskaintzari eustea. Horren aurrean, UPV/EHUk deialdi berria argitaratu behar izan du, lizitazioaren baldintzak birformulatuta.

Eraikin berrian ezarriko da, gainera, Osasun Zientzien Unibertsitate Prestakuntzarako, Elkarlaneko Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua, Euskadiko Osasun Zientzien eremuan Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUren arteko hausnarketa esparruaren baitan sortutakoa. Finantzazioa Euskadi Next 2021-2026 Programatik jasoko da. Euskadi Next 2021-2026 Programa Europako funtsen erabilerari dagokionez Euskadik dituen indarguneak sendotzera bideratuta dago, eta osasuna eta pertsonen zaintza ditu ardatz nagusi. Polo Aurreratuari esker, bikaintasuna optimizatu ahal izango da unibertsitateko jarduerak Osasun Zientzien arloan dituen hiru dimentsioetan: prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia.

Irakaskuntzaren arloan, eraikin berrian bilduko dira Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza graduak, baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizialak ere: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea; Farmakologia; Ingeniaritza Biomedikoa; Ikerketa Biomedikoa; Mikrobiologia eta Osasuna; Neurozientziak; eta Osasun Publikoa. Azpiegitura berriak aukera emango die ikasleei pazientearen errealitatera hurbiltzeko, baita graduko irakaspenen arteko koordinazioa hobetzeko, ikaskuntza bultzatzera bideratutako agertokiak sortzeko eta hurbil dauden zentroekin sinergia berriak sortzeko aukera ere, hala nola Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin, non Ingeniaritza Biomedikoko gradua eskainiko baita 20023-2024 ikasturtean.

Ikerketari dagokionez, Ingeniaritza Biomedikoari, Familiako Medikuntzari eta Medikuntza Pertsonalizatuari lotutako proiektu berriak bultzatuko ditu, eta Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartuko, arlo horietarako ildo espezifikoei eusten dieten doktorego programen bitartez.

Hirugarrenez, I+G+B arloko lehiakortasuna eta emaitzen transferentzia areagotuko ditu, hala oinarrizko ikerketa taldeei dagokienez, nola jardun asistentzialagoari lotuago daudenei dagokienez. Lankidetzarako ingurune horrek ikerketa aplikatuko proiektuak bultzatzeko aukera emango die Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresei, eta patente eta start-up enpresen bitartez sortutako ezagutzaren transferentzia dinamizatzen lagunduko du.

Eraikinak lau orrazi izango ditu, espazio erabilgarria optimizatzeko, eta handienean (hegoaldekoan) egongo dira ikerketarako guneak eta irakaskuntzarako laborategiak. 5.300 metro karratu inguruko lurzati triangeluarrean eraikiko da, Montevideo etorbideak eta Gurtubai kaleak mugatuta. Lanak egiteko epea 36 hilabetekoa izango da.