euskaraespañol

(Garapena eta Hezkuntza) + Euskara = Hegoak Zabalduz bilduma

UPV/EHUko Hegoa Institutuak euskarazko materiala plazaratu du garapenari buruz hausnartzeko, bai unibertsitatean bai batxilergoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/10

Irudia
Xabier Gaintza eta Irati Labaien, Hegoak Zabalduz aldizkariaren zuzendariak. (Mitxi. UPV/EHU)

Hegoak Zabalduz bildumak lankidetza eta garapenari buruzko gaiak batzen ditu, Euskal Herriko gazteengan hausnartzeko sena pizteko. Unibertsitateko eta batxilergoko ikasleei zuzenduta dagoen ekimen hori UPV/EHUko Hegoa Institutuak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzaz. Bilduma Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Irati Labaienek eta Xabier Gainzak bideratzen dute.

Orain arte, bederatzi ale digital argitaratu dute non gaur egungo gaiak aztertzen dituzten, hala nola ingurugiroa, errefuxiatuen krisia, generoa edota desberdintasunen areagotzea. “Horrekin batera, betidanik erabiltzen den hego-ipar banaketa ere kolokan jarri nahi dugu, garapena herrialde ororen ardura dela aldarrikatuz”, azaltzen du Irati Labaienek, Hegoak Zabalduz argitalpenaren zuzendariak.

Dibulgazioa eta garapena ardatz hartuta, nazioartean sortutako erronkak eta arazoak jorratzen dituzte bildumaren bederatzi aletan. Horrela, hainbat ikertzailek eta irakaslek gogoeta eragin nahi die unibertsitateko zein batxilergoko ikasleei. Labaienek dioenez, “Euskal Herriko gazteengan hausnarketarako sena piztea: horixe da, hain zuzen ere, Hegoak Zabalduz argitalpenaren nahia: unibertsitate mailan dauden ikasleentzat ez ezik, erdi mailako zikloetako nahiz batxilergoko ikasleentzat ere gai horien inguruko materiala eskuragarri jartzea, euskaraz”.

Ale digitalak

Garapenerako Hezkuntzaren bitartez, pobrezia, ekonomia soziala, globalizazioa eta migrazioa arazoak jorratu dituzte ikuspuntu politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoetatik. Hain zuen ere, hauek dira lehenengo bederatzi aleen gaiak:

Garapenari buruzko pentsamenduaren bilakaera: Teoriak, estrategiak eta adierazleak. Gizakiaren ongizatea eta gizartearen aurrerakuntzaren nondik norakoak dira aztergai nagusiak.
Garapena eta iraunkortasuna: bilakaera, bateragarritasuna eta ikuspegiak. Garapena eta iraunkortasunaren arteko harremana aztertu da.
Garapena feminismotik aztertzen. Historiari errepaso bat eman diote, baita feminismoari eta pentsamendu kritikoari ere.
Garapenerako lankidetza eta bere bilakaera. Garapenerako Lankidetza politikek azken hamarkadetako bilakaeraren berrikusia egin du.
Trantsizio ekosoziala helburu: Ondo bizi, denok, muga biofisikoen barruan. Krisi ekologiko globalaz jardun du, eta, besteak beste, etengabeko hazkundean oinarritutako sistemak dakartzan ondorioak bistaratzen ditu.
Migrazioak eta garapena. Win-win agertokia posible ote? Lanean migrazioek jatorriko zein helmugako lurraldeetan garapena sustatu ote dezaketen aztertzen da.
Ekonomia soziala: Ikerketa-objektua eta analisirako lanabesak. Definizioa, teoriak, ekarpenak eta kritikak berrikusi ditu lan horrek.
Globalizazioa eta tokiko garapena. Ale honek azaltzen ditu tokiko garapena, ikuspegi nagusiak eta bi esperientzia: Gipuzkoa Sarean eta Rafaela (Argentina).
XXI. Mendeko pobrezia. Benetan ezabatzeko proposamenak. Pobrezia, pobrezia erlatiboa, pobretze-prozesuak eta pobreziaren feminizazioa terminoak aztertzen ditu, bestak beste, ikuspuntu kritikotik.

Hegoa Institutua

Hegoa Euskal Herriko Unibertsitatearen eta 1987an sortutako Hegoa elkartearen arteko institutu mistoa da. Koldo Uncetaren atzetik, Pedro Ibarra eta Luis Guridi izan ziren zuzendari, eta gaur egun Karlos Pérez de Armiñok betetzen du kargu hori. 31 urte hauetan, garapenarekin eta lankidetzarekin lotutako arloetan prestakuntza eman, ikertu eta aholkatu du, eta Dokumentazio Zentro bat dauka, nazioarteko lankidetzaren eta garapenaren esparruan ezinbesteko erreferente dena.