euskaraespañol

Asier Romero Andonegi eta Mari Mar Boillos Pereira

Adin txikikoak indarkeriaren aurrean babestuko ditugu kirol inguruneetan

Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/19

Irudia
Mari Mar Boillos Pereira eta Asier Romero Andonegi. Argazkia: UPV/EHU

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Haur guztiek dute kirola egiteko eta aisialdi osasungarria izateko eskubidea. Nazioarteko hainbat itunetan jasotako eskubidea da, baita Haurren Eskubideen Nazioarteko Konbentzioan (CDN) ere, 31. artikuluan.

Ideia horri jarraikiz, San Mamesen Adierazpenaren helburua da gutxieneko oinarriak ezartzea, aisialdiko eta kiroletako edozein jardueratan haurren babesa eta haurrekiko tratu ona bermatzeko.

Gainera, beste hiru ideia ere azpimarratzen dira bertan:

  1. Kirola, zalantzarik gabe, funtsezkoa da haurren garapen osorako.
  2. Kirola eta jolasa funtsezko bidea dira balioak ikasteko eta transmititzeko.
  3. Kirola balio handiko bitartekoa da haurrak babesteko lanean jarraitu behar dugula ikusarazteko.

Ukaezina da haurren babesa eta haurren tratu ona garrantzitsuak direla haurren kirolean eta aisialdian lan egiten duen eragile ororen eguneroko jardunean.

Eragile horien guztien lana funtsezkoa da, eta haurren erabateko babesaren aldeko politika eraikitzeko bidean oinarrituta egon behar du, aisialdiko edo kiroleko jarduerak modu osasungarrian gozatu eta bizitzeko.

Bide horretan, kontziente izan behar dugu badirela hainbat arrisku haurrentzat aisialdiko edo kiroleko jardueretan. Halaber, baliteke haurrek, eragile horien ikuskapenaren bitartez, ikusgai jartzea beren bizitzako beste eremu batzuetan gertatzen diren arrisku egoerak, eta, halakoetan, ezinbestekoa da laguntza eta dagokion erantzuna ematea.

Haurren babeserako ordezkaria

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko Lege Organikoa funtsezko aurrerapausoa da haurren eskubideak bermatzeko, baita kirolean ere. Lege horren 9. kapitulua kirolari buruz da osorik, eta 48. artikuluan dio kirol klubek haurrak babesteko ordezkari bat izan behar dutela, haurren babeserako politika aplikatuko duena, indarkeria mota ororen kontra jarduteko protokolo baten bidez.

Ordezkari horrengana joko dute adin txikikoek beren kezkak adierazteko, eta hura izango da ezarritako protokoloak zabaldu eta betetzeko arduraduna. Halaber, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria egoeraren bat detektatuz gero, hura arduratuko da dagozkion jakinarazpenak egiteaz.

Adituen arabera, babeserako neurriak eta prestakuntza funtsezkoak dira prebentzio neurri gisa. Prebentzioaz ari garenean, normalean, okerra ez gertatzeaz ari gara, hau da, gertatu behar ez dena ez gertatzea.

Baina, hori al da prebenitzea? Ez, prebenitzea da babeserako faktoreak indartzea. Horregatik da beharrezkoa prebentziorako neurrien jarduketa eremua handitzea, konponbidea hasiera-hasieratik emateko. Hala, aisialdia eta kirola arreta jarri beharreko eremu garrantzitsuak, zaurgarritasun egoerak prebenitzeko.

Erantzun akademikoa

Prestakuntza oso garrantzitsua da kirolaren arloan haurrak babestu eta haurrei tratu ona emateko. Prestakuntzak, alde batetik, espezifikoa eta osoa behar du babes ordezkarientzat, eta, bestetik, orokorra haurren kirol munduan dabiltzan eragile guztientzat.

Nahitaezko ordezkari horiek prestatzeko beharrizanak prestakuntza bide berriak irekitzen ditu, eta aukera ematen du prestakuntza hori benetako proiektuetan praktikan jartzeko. Bide horretan, duela bi urte, Bilboko Hezkuntza Fakultateak eta Athletic Club Fundazioak analisi eta lan prozesu bati ekin zioten graduondoko titulu bat sortzeko.

Helburua zen kiroleko, eskola kiroleko eta kirol federatuko profesionalak prestatzea, ikuspegi berritzaile eta barneratzaile batetik, eta pertsonen garapen integrala sustatzen duten bizikidetza balioei erreparatuta.

Berariazko titulazioa

Titulu hori abian da 2019/2020ko ikasturteaz geroztik, eta ‘Kirola, Hezkuntza eta Elkarbizitza: Haur eta nerabeen babesa’ du izena. Titulazioaren barnean gaitasun hauek daude: haurrak eta nerabeak babesteari buruzko lege esparrua ezagutzea, eta kirol esparruarekin lotzea; adingabea babesteko jardunbide egokiak ezagutzea eta prebentziozko esku hartzeak identifikatzea; entrenamenduetako prestakuntza prozesuak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko gai izatea eta prestakuntza jaso aurretik, jaso bitartean eta jaso ondoren gatazkak konpontzeko tresnak izatea; eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko duten ikaskuntza espazioak sortzea, balioetan oinarritutako hezkuntzari, ekitateari eta maila emozionalari arreta berezia eskainita; eta eskola kirola eta kirol federatua gizarte trebetasunak eta trebetasun kritikoak garatzeko eta herritarrentzako zerbitzurako tresnatzat hartzea.

Halaber, tituluak haur eta nerabeen babesean oinarritzen diren zenbait modulu teoriko ditu, hala nola “Entrenatzailea, hezitzaile gisa” eta “Kirolaren dimentsio sozial eta komunitarioa”. Horretaz gain, praktiketarako modulua ere badu, Athletic Club Fundazioak kudeatu eta koordinatzen dituen zenbait proiektutan egiteko.

Prestakuntzaren helburua da lege berriak azpimarratutako beharrizanari erantzutea; izan ere, legeari jarraikiz, kirol entitate guztiek izango dute babes ordezkaria. Azken finean, funtsezko helburua da, legeak berak ezarrita, kirol ingurunean edozein indarkeria mota errotik kentzea, eta guztion artean lan egitea haurrentzako kirol espazio guztiak ongizaterako espazio izan daitezen, haurrentzat seguruak.

_____________________________________________________

Artikulu hau Iñaki Alonso Athletic Club-eko haurren babeserako arduradunarekin batera idatzi da.