euskaraespañol

Europako Kontseiluak UPV/EHUren parte hartzea duen PROEM Sarearen lana aipatu du

Dokumentuan jasota dagoen erakunde edo kolektibo espainiar bakarra da.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/18

Irudia

Europako Kontseiluaren Gizarte Gaien, Osasunaren eta Garapen Jasangarriaren Batzordeak nerabe europarren osasun beharrak jorratzeko txostena sortu du, “Addressing the health needs of adolescents in Europe” izenekoa. Dokumentu horretan jasota dago gazteen osasun mentala eta ongizate emozionala sustatzeko diziplinarteko PROEM Sareak egindako lana. Jaengo Unibertsitatea buru duen PROEM Sarean Maite Garaigordobil Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak parte hartzen du.

Aipatutako dokumentuan Europa osoko gazteek izaten dituzten osasun arazo nagusiak aztertzen dira sakon; hala nola, antsietatea eta depresioa, elikadura nahasmenduak, haurdunaldi goiztiarrak, sexu transmisiozko gaixotasunak, nork bere burua zauritzeko joerak, jokabide aktiboak edo indarkeriazkoak, eta suizidioari lotutako pentsamenduak. Ildo horretatik, Doreen Massey egileak azaldu duenez, "behar duten unean nahi duten laguntza jasotzen ez dutela sentitzen dute gazteek eta, sarritan, demonizatu eta medikalizatu egiten ditugu”.

Joan den maiatzaren 24an Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioko Batzorde Iraunkorrak aurkeztu eta ebazpen gisa onartutako dokumentu horren asmoa da Europan gizarte eta ikerkuntza arloko politiken gaineko erabakiak hartzeko gidalerroak proposatzea. Hain zuzen ere, ikerkuntza eta osasun publikoko sistemak babestearen alde agertzen da, komunikabideek zein hezkuntza sistemak jardunbide egokien gaineko kontzientzia har dezaten lortzea du helburu, eta gazteen osasunean inbertsioa handitzearen aldeko apustua egiten du, etorkizuneko gizarte eta belaunaldien ongizatea bermatze aldera. Europa mailan argitaratutako gomendio hauek Diputatuen Kongresuan, PROEM Sareak babestuta, aurkeztu berri diren legez besteko proposamenen lerro berean datoz.

PROEM Sarea

“Addressing the health needs of adolescents in Europe” txostenean, gazteen osasun mentalari, sexu osasunari eta haurren obesitateari dagokionez kontuan hartu beharreko zenbait neurri ezartzen dira. PROEM Sarea da osasun mentalaren atalean aipatzen den Espainiako erakunde edo kolektibo bakarra. Hala, dokumentuan azaltzen denez, “PROEM Sareak argudio integrala ematen digu nerabeen osasun mentalari eta arlo horretako esku hartze efektiboei lehentasuna emateko". PROEM Sareak, bere aldetik, egungo egoerari eta nerabeen ebaluazio psikologikoa hobetzeko eta osasun mentala eta ongizate emozionala sustatzeko behar eta gomendioei buruzko txostena eta ibilbide orria egin ditu, eta hizpide dugun dokumentuan erreferentzia egiten zaie horiei.

“Europa mailan hain garrantzitsua den dokumentu batean PROEM Sarearen txostena barne hartu izanak aitortza ikaragarria dakarkigu bertan lan egin dugun hainbat arlotako ikertzaile eta profesionaloi”, Luis Joaquín Garcíak, Sarearen arduradun nagusi eta Jaengo Unibertsitateko Psikologia Saileko irakasleak, esan duenez. Era berean, nabarmendu nahi izan duenez, “behar-beharrezkoa da Europa mailan gazteen osasun eta ongizate emozionalean eragin positiboa izango duten politikak ezartzea. Dokumentuaren beraren eta hartutako ebazpenaren bitartez, lehendabiziko urratsa egin da bide horretan, eta garrantzitsua da PROEM Sareak egindako lan hau politikari europarrek baliatuko duten gidalerroen parte izatea”.

PROEM Sarearen txostena eta ibilbide orria osasun mentalean eta beste zenbait arlotan espezializatutako ikertzaileek egin zuten; unibertsitate hauetako adituek, hain zuzen ere: Jaengo Unibertsitatea (sarearen burua), UPV/EHU, Kordobako Unibertsitatea, Miguel Hernández Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Rovira i Virgili Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Almeriako Unibertsitatea, Espainiako Urruneko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala eta Coimbrako Unibertsitatea (Portugal). Bai eta hauek ere: erakunde kliniko eta osasun komunitarioko profesionalek (Associació Centre d’Higiene Mental Les Corts eta Malagako Ikerketa Biomedikoko Institutua), orientatzaileen kolektiboek (Espainiako Psikopedagogia eta Orientabide arloko Erakundeen Konfederazioa eta Andaluziako Juntako Hezkuntza Ordezkaritzaren Hezkuntza eta Lan arloko Orientabiderako Lantalde Tekniko Probintziala) eta erabiltzaileen elkarteek (Fobia Sozial eta Antsietate Nahasmenduen kontra elkarri laguntzeko Espainiako Elkartea, Antsietatea eta Estresa Aztertzeko Espainiako Sozietatea, eta Lesbiana, Gay, Trans eta Bisexualen Estatu Federazioa, besteak beste).