Zuzendaritza-gaitasunak garatzen laguntzen du erakundearteko mentoring-ak

Erakundearteko mentoring-aren ezaugarriak identifikatu, hautatu, baloratu eta sailkatu dituen azterketa enpiriko bat egin dute UPV/EHUn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/26

Nuria Gisbert Trejo
Nuria Gisbert Trejo. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Enpresa Institutuan egindako ikerketa batean, aztertu dute zenbateraino diren baliagarriak erakunde desberdinetako profesionalen arteko mentoring-programak, zuzendaritza-gaitasunak eta -konpetentziak garatzeko tresna gisa. Ikerlana hainbat erakunde eta elkarterekin lankidetzan egin da. Ikerketaren emaitzak gidaliburu izan daitezke, interesa duten erakundeek mota honetako programak martxan jartzeko.

Ohiko mentoring-a erakunde bereko mentore baten eta mentorizatu baten artean egiten da, eta horri buruz ikerketa ugari egin izan dira. Erreferentzia gutxi dago, ordea, erakunde desberdinetako mentore eta mentorizatuekin bakarka edo taldeka egiten den mentoring-ari buruz, “nahiz eta gero eta gehiago hautatzen duten profesionalek, enpresek, elkarteek eta klusterrek erakundearteko mentoring-a, pertsonalki eta profesionalki garatzeko tresna gisa”, dio Nuria Gisbertek, zeinak erakundearteko mentoretzari buruzko ikerlana egin baitu UPV/EHUko Enpresa Institutuan, Enpresa Zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntza doktorego-programaren barnean. “Mentoring-jarduera alternatibo horretan parte hartzen duten profesional- eta enpresa-sektoreen lehiakortasuna handitu egiten da, dinamika hauetara atxikitako pertsonen garapena ekartzen baitu”, erantsi du.

Zuzendariak eta profesionalak garatzeko tresna gisa erakundearteko mentoring-ak zenbateraino balio duen jakiteko, Gisbertek jardunbide honen oinarri metodologikoen azterketa zorrotz bat egin du eta haren oinarrizko gakoak zehaztu ditu, Jon Landeta eta Eneka Albizu doktoreen zuzendaritzapean eta Pilar Fernández-Ferrín doktorearekin lankidetzan. Ikerlanean, erakundearteko mentoring-aren eta ohikoaren arteko aldeak zedarritu dituzte, erakundearteko mentoring-aren ezaugarriak eta emaitzak identifikatu, eta jardunbide egokien gidaliburu bat egin dute. Ikerketa hau egiteko, halako programak ezartzen ari diren 14 erakunderen laguntza izan dute; orotara, erakunde horietako 22 aditurekin aritu dira lanean.

 

Jakintza partekatzeko borondatea lehiakortasunerako gakoa da

Erakundearteko mentoring-ak dituen abantailei dagokienez, Gisbertek hau nabarmentzen du: “Horrelako programek arazoak aztertzeko eta ebazteko bestelako ikuspegiak ematen dituzte; izan ere, kultura, eskarmentu eta jarduera desberdinak dituzten erakundeetakoak dira bai mentorea, bai mentorizatua. Bestalde, harremanak sortzen dira erakunde desberdinetako pertsonen artean, eta horrek proiektu eta ekintza bateratuak sorraraz ditzake. Gainera, jakintza handiagoa eskuratzeko aukera ematen du, eskarmentua duten mentore gehiagotara jotzeko aukera baitago eta beren jardunbide egokiak, ezagutza tekniko espezializatuak, bestelako esperientziak eta joera berriak erakuts baititzakete”.

Gisbertek dionez, “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareari dagokionez, erakundearteko mentoring-a eragin handiko tresna izan daiteke sareko eragileentzat; izan ere, haren bidez, gure zentroetako ikertzaileek aukera izango lukete jardunbide egokiak eta esperientziak partekatzeko, gaitasunak garatzeko eta beste ikuspegi batzuk izateko. Erakundearteko mentoring-programa hauek ZTBESko eragileen artean ezartzea zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren onerako izango da, profesional prestatuago, motibatuago eta lehiakorragoak izango baitira”.

Halaber, ikerketan zehaztu dute “mentorearen, mentorizatuaren, bien arteko harremanaren eta prozesuaren ezaugarri gakoak zein diren, dinamikak arrakastatsuak izan daitezen”, azaldu du ingeniariak. Bestalde, identifikatu dute mentoretza-proiektu hauek zer abantaila eragiten dieten mentoreei, mentorizatuei eta erakundeei berei. Mentorizatuei ekartzen dizkien onurei dagokienez, besteak beste, Gisbertek hauek nabarmendu ditu: “Asko hobetzen da mentorizatuaren errendimendu profesionala, bai eta erakundetik kanpo egiten duen lana eta bere erakundearekiko eta lankideekiko orientazioa ere”.

Amaitzeko, Gisbertek adierazi du ikerketaren emaitzak tresna erabilgarria direla talentua eta ibilbide profesionala kudeatzeko, “erreferentziazko dokumentu akademiko gisa har baitaiteke, mentoreak eta mentorizatuak trebatzeko eta erakundearteko mentoretza-programak martxan jartzeko”. Horrez gainera, elkarte profesionalek, eskualde-garapeneko agentziek, parke teknologikoek eta sektore-klusterrek “halako programak ezar ditzakete, beren elkartekideei konpetentzia eta gaitasunak garatzeko mekanismo ahaltsu bat emateko, ikuspegi estrategiko handiagoa eta beren erakunde eta inguruneari buruzko jakintza handiagoa izan dezaten”, dio.

 

Informazio osagarria

Nuria Gisbert Trejo CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusia da gaur egun. Erakunde hauekin jardun dute lankidetzan: Ekonomisten Euskal Elkargoa, BEAZ–Bizkaia Mentoring Network (Bizkaiko Foru Aldundiaren mendekoa), Gaztenpresa (Laboral Kutxaren mendekoa), Bilbao Ekintza (ekonomia-sustapeneko agentzia, Bilboko Udalaren mendekoa), Emakumezko Zuzendari eta Enpresarien Elkartea, EHUalumni (UPV/EHUko graduatuak biltzen dituen erakundea), Vesper Solutions, Bizkaiko Parke Teknologikoa, Mentoring Eskola, Coaching-eko Europako Eskola, Ingeniaritzako Errege Akademia (RAI), Espainiako Mentoring Sarea eta Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala.

Erreferentzia bibliografikoa