euskaraespañol

Jauzi Handia proiektuaren lehenengo emaitza

XVII. Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan Maria Elorza zinegileak filma laburra aurkeztu zuen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/10

Irudia
Naroa Juárez, Maria Elorza, Antonio Casado eta Begoña del Teso. Argazkia: Iñigo Royo

Jauzi Handia Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikasturte honetan martxan jarri duten proiektu esperimentala da. 2018ko urrian eta azaroan, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko ikastegietan izena eman zuten 1. mailako 36 ikasleak bildu ziren kultura politiko demokratikoaz hitz egiteko. Gaur egungo auziak eztabaidatu zituzten, bizikidetza eta giza eskubide zibil eta politikoak biziki ukitzen dituztenak. 2018-19 ikasturtean zehar jarraitu dute.

XVII. Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan proiektuaren lehenengo emaitza aurkeztu berria da: Maria Elorzak zuzendutako filma laburra, UPV/EHUko YouTube kanalean ikusgai dagoena.

Antonio Casado UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendari zein proiektuaren ikerlari nagusiak adierazi duenez, proiektua duela urtebete abiatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiako Giza Eskubide eta Elkarbizitza Zuzendariak erronka jarri zuenean: “Nazioarteko eredu batzuei jarraituz, adituen laguntzaz abiarazi dugu ikerkuntza-ekintza hau, eta etorkizunean jarraitzea espero dugu, proiektua ez baitago amaituta. Filma haren emaitza da, baina askoz gehiago dago atzean: zine emanaldiak, hitzaldiak, testuak, bidaiak, harremanak eta eztabaidak. Eta solasaldi ugari. Lexiko politikoari bueltaka ibili gara ikasturte honetan. Helburua ez da erantzunak topatzea, baizik eta deliberazioa eta galdera berriak campusean bultzatzea.”

Antonio Casado eta Maria Elorza-rekin batera, aurkezpenean ikasleek ere parte hartu zuten. UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko ikaslea den Naroa Juárez-ek azaldu zuenez, “ideologia politikoetatik haratago, independentziarekiko posizionamendu politiko eta sozialetatik haratago, epaiketa moraletatik haratago… nire ekarpenak demokraziaren jabetzeari buruz izan nahi du.” Bere aburuz, programak suposatu du “demokraziari buruzko ideien inguruan jauzi kualitatibo bat ematearen beharra. Demokraziak bere osotasun eta berezkoa duen askatasunean bizi dezan.”