euskaraespañol

Gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoaren kontrako aurrerapenak

Populazioaren zati handi bati eragiten dioten gibeleko gaixotasunen ikerketan aurrera egiten du UPV/EHUko Lipids & Liver taldeak

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/06

Gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoa jomugan
UPV/EHUko Lipids & Liver taldeko ikerlariak. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoaren garapen eta aurrerapenean, zeina minbizia sortzera irits baitaiteke, zer mekanismok eragiten duten ikertzen dute UPV/EHUko Lipids & Liver taldearen ikerketa-lerroetako batean, eta oso aurrerapauso garrantzitsuak egiten ari da hainbat alderditan. Besteak beste, gaitz horiek garatzeko eta aurrera egiteko bide metabolikoak eraldatzen dituzten proteinak identifikatzen dihardute, eta gaitzari atzera eginarazteko jomugak bilatzen.

Azken datuen arabera, herritarren % 30ek du gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoa, eta ehuneko hori % 70-80 arte handitzen da arrisku-talde batzuetan, hala nola paziente obesoetan, diabetesa dutenetan eta abar; izan ere, gaitz metabolikoekin lotuta dago gaixotasun hori. Gibelean gantza edo lipidoa pilatuz hasten da gaixotasuna. Baliteke pilatze hori hasiera batean onuragarria izatea, baina paziente batzuetan aurrera egin dezake eta hepatitisa, esteatohepatitisa, sor dezake hanturaren ondorioz, eta hori arrisku-faktore handia da gibeleko zirrosia garatzeko, baita gibeleko minbizia ere. Gaur egun, ez dago berariazko tratamendurik gaixotasun horretarako, eta egun obesitateak eta diabetesak duten prebalentzia altuaren ondorioz aurreikusten dute urte batzuen buruan asko egin dezaketela gora gantz-pilatze horrek eragindako gibeleko minbiziak eta esteatohepatitis ez-alkoholikoaren ondoriozko transplante-kopuruak.

Gibeleko gaitzen garapenean eta aurrerapenean eragiten duten mekanismoak bilatzen egiten du lan UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko Lipids & Liver ikerketa-taldeak; lipidoen (gantzaren) metabolismoaren alterazioarekin lotutako mekanismoetan jartzen du arreta berezia. Zehazki, taldeko ikerketa-ildo batek, gibel gantzatsuko gaixotasun ez-alkoholikoaren azterketa ardatz duenak, helburu hauekin egiten du lan: “Jakin nahi dugu zergatik egiten duen gaitzak aurrera paziente batzuetan eta zergatik ez; eboluzio-markatzaileak aurkitu nahi ditugu, gaitzak aurrera zer pazientetan egingo duen esango digun pronostiko bat lortzeko; eta gibeleko markatzaileak ez ezik (zeinak biopsia bidez lor baitaitezke), markatzaile serikoak ere aurkitu nahi ditugu, zeintzuen bidez odol-analisi sinpleak eginez jakin ahal izango litzatekeen pazientea zer fasetan dagoen”, azaldu du Patricia Aspichueta doktore eta ikerketa-ildoaren arduradunak.

Gibela da organismo osoko gune metabolikoa

Funtsean, gibeleko lipidoen metabolismoa aztertzen dute ikerketa-taldeko kideek, alegia, lipidoak sortzen edo kontsumitzen diren erreakzio kimikoak aztertzen dituzte. Horretarako, generen bat isilduta daukaten animalia-ereduak erabiltzen dituzte, eta gaitza eragingo dieten tratamenduak eta dietak ematen dizkiete. Animalia-ereduan jomugaren bat baliozkotu edo identifikatzen dutenean, giza laginetan baliozkotzera jotzen dute. Gainera, in vitro edo zelula-ereduekin ere aritzen dira lanean; izan ere, “haietan errazagoa da jakitea zer zelulatan duen metabolismoak kalte, aldaketa edo alterazioren bat; hainbat farmakorekin, eragilerekin, joka dezakegu; errazagoa da bide metaboliko jakin batzuk isilaraztea, eta abar”, azaldu du Aspichuetak.

Gibeleko gaitzaren prozesuetan parte hartzen duten molekulak edo jomugak aztertzen dituzte taldeko kideek. Ikerketa-taldean zabalik dituzten bideetako batzuk zehaztu ditu Aspichuetak: “Batetik, bide metabolikoak eraldatzen dituzten eta gibelari lipido gehiago ematen dioten proteinak identifikatu nahi ditugu. Jakin nahi dugu zer dela eta gertatzen den lipido-pilaketa hori, eta zer dela eta eragiten dion pilaketa horrek gaitzari aurrera egitea. Garrantzitsua da jakitea zein diren prozesu horietako aktoreak, haiek isilarazi eta gaitzak atzera egiten duen ikusteko”. Horrez gainera, gibel-birsortzean lipidoek zer eragin duten ere ikertzen dute. “Ikuspegi hori oso garrantzitsua da, gibel-zatiren bat kendu zaien pazienteei dagokienez; izan ere, gibela da bere ohiko tamaina berreskuratzen duen organo bakarra”, dio ikertzaileak. Beste ikerketa batean aztertzen dute “nola kontrolatzen duen gibelak ehun adiposoa, eta nola gibelaren funtzionamendua modulatuz lor dezakegun animaliek argaltzea”.

Aspichuetak nabarmendu du “gaitzaren metabolismoa eta aurrerapena modulatzen dituen jomuga terapeutiko garrantzitsu bat” aurkitu dutela. Obesitatearekin lotutako gibel-minbizia eragin dute proteina hori isilduta daukaten animalia-ereduetan, eta “ikusi dugu animaliek ez dutela gaitza batere garatzen: ez gibel-minbizia, ez gantz-pilaketa. Ikaragarria da”, baieztatu du doktoreak. Orain, “gibel gantzatsuaren gaixotasun ez-alkoholikoa duten giza laginekin ari gara lanean, proteina horiek giza patologian zer eragin duten baliozkotzeko”. Aldi berean zenbait bide metaboliko kontrolatuko dituzten jomugak aurkitzeko helburua dute ikertzaileek; izan ere, “alterazio metabolikoa ez da bide bakar batean gertatzen; aitzitik, deskonpentsazio bat gertatzen da, metabolismoa desorekatzen da, eta bide bati baino gehiagori eragiten die —dio bukatzeko—. Gibela da gune metabolikoa, eta gibela kontrolatuz, gibeleko gaitz horrekin lotutako patologia asko kontrola ditzakegu”.

Informazio osagarria

Lipids & Liver ikerketa-taldea talde kontsolidatutzat jotzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2007az geroztik. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko osasun eta bizi-kalitatearen ildo estrategikoan, Eusko Jaurlaritzaren biomedikuntzaren arloan eta Euskampuseko zahartze osasungarri eta bizi-kalitatearen arloan kokatzen da lipidoen metabolismoaren fisiopatologian egiten duten ikerketa.

Taldea lankidetza estuan aritzen da UPV/EHUko zein kanpoko beste ikerketa-talde batzuekin, eta argitalpen ugari lortu dituzte haiekin hainbat aldizkari zientifikotan. Taldea, halaber, Biocruces Ikerketa Sanitarioko Institutuan sartuta dago, eta, bertan, gizakiaren patologiara zabaltzen du bere ikerketa. Horrez gainera, lankidetzan aritzen da CIC bioGUNErekin, Santiago de Compostelako Unibertsitatearekin, Madrileko beste talde batzuekin, Valdecilla Ospitalearekin (Santander), bai eta Hego Carolinako Unibertsitatearekin eta Yaleko Unibertsitatearekin ere. Bestalde, AEBko enpresa farmazeutiko batekin elkarlanean dihardu tratamendu-jomugak bilatzen.