Bi gradu bikoitz berrik 105 titulura igo dute datorren ikasturterako UPV/EHUren eskaintza
Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa emango da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/02/04
Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) graduko ikasketen eskaintzak bi gradu bikoitz gehiago izango ditu: Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola) eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (Gasteizko Ingeniaritza Eskola). Beraz, 105 titulu eskainiko dira guztira, jakintza arlo guztietakoak, alor ugaritan -aspalditik irakasten direnak nahiz berritzaileenak- trebatzeko aukera emango dutenak.
Urtetik urtera, gorantz doa UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu bikoitzen kopurua, 2013-14 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) + Zuzenbidea ematen hasi zenetik. Datorren ikasturtean, 14 izango dira, bi berrikuntzei esker. Zehazki, honako hauek dira:
- BERRIKUNTZA: Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola).
- BERRIKUNTZA: Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (Gasteizko Ingeniaritza Eskola).
- EAZ + Zuzenbidea (Zuzenbide Fakultatea, Donostia).
- EAZ + Zuzenbidea (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Sarriko).
- EAZ + Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Gasteiz).
- Business and Economics (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Sarriko).
- Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea).
- Ikus-entzunezko komunikazioa + Kazetaritza (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea).
- Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika (Farmazia Fakultatea).
- Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa (Zientzia eta Teknologia Fakultatea).
- Negozioen Kudeaketa + Lan Harremanak eta Giza Baliabideak (Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea, Leioa).
- Ingeniaritza Mekanikoa + EAZ (Ingeniaritza Eskola, Gasteiz).
- Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, enpresa batean egonaldia barne (Ingeniaritza Eskola, Gipuzkoa).
- Kazetaritza + Publizitatea eta Harreman Publikoak (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea).
Bi gradu bikoitz berriek prestakuntza osoa eta diziplinartekoa ematen dute etengabeko bilakaeran dauden garrantzi handiko bi arlotan. Alde batetik, Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa Gradu Bikoitzak (355,5 ECTS, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola) eraikuntzaren alor guztiak barne hartzen ditu, eraikigintza nahiz obra publikoa, bi-biak sektore estrategikoak gizarte aurreratu batean. Aldiz, Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitzak (288 ECTS, Gasteizko Ingeniaritza Eskola) diziplinarteko ikuspegi batetik lantzen ditu mekanika, elektronika, kontrol eta informatikako teknikak eta ezagutzak, ekoizteko, produktu berriak garatzeko eta ekoizpen prozesuen instrumentazioa eta automatizazioa hobetzeko modu berriak sortzeko.
EHUazoka, Unibertsitate Orientazioko Azokak, formatu presentzialean itzuliko dira martxoan hiru hiriburuetara
Hizkuntzari dagokionez, gradu guztiak bi hizkuntza ofizialetan egin daitezke. Gainera, gorantz jarraitzen du beste hizkuntza batzuetako eskaintzak. Business + Economics Gradu Bikoitza ingelesez ematen da; Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, bi campusetan: Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Bizkaiko Campusa). Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), baita beste hizkuntza batzuetan ematen diren irakasgaiak ere (180 inguru). Lau graduk nazioarteko aipamena dute, Unibasq Kalitate Agentziak ematen duen aipamena ikaslegoaren nazioartekotzea sustatzeagatik.
Gainera, hamaika graduk prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzte, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan uztartzen dituen eredua. Prestakuntza duala albo batera utzirik, ia ikasle guztiek dute aukera praktikak egiteko bertako enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan, eta urtero 11.500 praktika inguru egiten dira; % 35, borondatezkoak.
UPV/EHUk konpromiso sendoa du inklusioarekin, zuzentasunarekin eta jasangarritasunarekin. Hala, adibidez, hezkuntza premia bereziak dituzten unibertsitate ikasleek laguntzak eta baliabideak jasotzen dituzte, aukera berdintasuna bermatzeko, eta gero eta gehiago dira urtez urte. Ikasturte honetan, 471 ikasle ari dira laguntza jasotzen (iaz baino ia % 10 gehiago), eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan, premia bereziak dituzten 448 ikasleri lagundu zitzaien.
Bestetik, UPV/EHUk Nazioarteko Bikaintasun Campus ziurtagiria du, Hezkuntza Ministerioak ematen duena ebaluazio independente bat egin ondoren, eta Europako bi egitasmo interesgarritan parte hartzen ari da: alde batetik, mugaz gaindiko campus bat sortu du Bordeleko Unibertsitatearekin elkarlanean, bakarra Europan; bestetik, 2020az geroztik, Enlight-eko partaide da, Europako bederatzi unibertsitatek osatutako partzuergoa, Europako Batzordeak finantzatzen duena eta aukera ematen diena ikasleei egitasmoari atxikitako erakundeetan egonaldiak egiteko, prestakuntza programa berritzaileetan eta gizarte erronkei lotutakoetan parte hartzeko. Gainera, mundu osoko unibertsitateekin eginiko 2.000 mugikortasun hitzarmenen bidez, nazioarteko egonaldien katalogo zabal-zabala eskain dezake. Hitzarmen horiei esker, datorren ikasturtean 1.900 ikaslek baino gehiagok gutxienez lauhileko bat egingo dute beste unibertsitate batean, eta beste unibertsitate batzuetako 1.100 ikasle baino gehiago etorriko dira UPV/EHUra nazioarteko mugikortasun programen baitan. Ikasle horiei 500 English Friandly irakasgai eskainiko zaizkie: euskaraz edo gaztelaniaz eman arren ingelesezko irakaskuntza gidak dituzten irakasgaiak, eta bai tutoretzak bai lanak hizkuntza horretan egin daitezke.
2021-2022 ikasturtean, 8.234 ikasle matrikulatu dira lehen mailan Euskal Herriko Unibertsitatean.
EHUazoka: Unibertsitate Orientazioko Azokak
UPV/EHUren 2022-2023 ikasturterako gradu eskaintzari eta unibertsitatera sartzeko prozesuari buruzko xehetasun gehiago nahi dituzten pertsonek EHUazokara joan daitezke. Unibertsitate orientaziorako azoka hauek aurten presentzialtasuna berreskuratuko dute, osasun neurriak kontuan hartuko dituen formatu batekin.
Zehazki, azokak egingo dira martxoaren 5ean, Gipuzkoako Campusean, martxoaren 12an, Arabako Campusean, eta martxoaren 19an, Bizkaiko Campusean. EHUazokaren hiru jardunaldi horietan, informazio saio kolektiboen eta fakultate-eskoletako irakasleen arreta pertsonalizatuaren bidez, unibertsitate aurreko ikasleek bertatik bertara ezagutuko dituzte gure unibertsitatea eta gradu eskaintza, eta graduen inguruan dituzten zalantza guztiak argituko dituzte.
Aurtengo edizioan, izena eman beharko da, bai standak bisitatzeko bai hitzaldietara joateko. Izen-ematea zabalik egongo da azoka egunen aurreko astelehenetik ostiralera: Gipuzkoan, otsailaren 28tik martxoaren 4ra; Araban, martxoaren 7tik 11ra; Bizkaian, martxoaren 14tik 18ra).
Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/sou/programa-orientacion/ferias