euskaraespañol

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak nazioarteko proiektu batean parte hartzen du, Madagaskarren

Helburua da energia, ura, etxebizitza eta teknologia berriak kudeatzeko gaitasunak indartzea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/25

Irudia

Madagaskarren, energia hornidura ez da behar bestekoa. Hori dela eta, goi mailako irakaskuntzarekin lotutako zenbait erakundek beren ezagutzak eta ahaleginak batu dituzte, MADEEHI diziplinarteko proiektua gauzatzeko. Universidad del País Vasco/Euskal Unibertsitateko (UPV/EHU) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak parte hartzen du proiektu horretan, beste zenbait erakunderekin batera: Madagaskarreko Université D’Antananarivo eta Institut Supérieur de Technologie d’Antananarivo, Tolosako (Frantzia) Université Paul Sabatier eta Université de Liège. Proiektua Europar Batasunak finantzatzen du, 942.000 eurorekin.

UPV/EHUko proiektuko kideek azaldu dutenez, helburu nagusia da energia, ura, etxebizitza eta teknologia berriak kudeatzeko gaitasunak indartzea, ingurune soziokulturalarekin harmonian, Madagaskarreko baliabide naturalen balioa oinarri izango duen tokiko garapen iraunkor eta zentzuzkoa bermatzeko. Ezarritako beste helburuetako bat da unibertsitate/enpresa lankidetza hobetzea eskualde, nazio eta nazioarte mailan.

Horretarako, besteak beste, “Village Vert” (herri berdea) izeneko herri pilotu bat diseinatu da; Manandriana Avaradrano udalerrian dago, Madagaskarren.

“Topaketarako, ikerketarako eta ebaluaziorako espazioa izango da, eta bertan hainbat tresna jarriko dira ikasle, prestatzaile eta ikertzaileen esku, energiaren, uraren eta etxebizitzaren arloetan lan egiteko”. Besteak beste, helburu hauek bete nahi dira: batetik, euri ura edateko ur bihurtzea, ingurumena errespetatzen duen teknologia bat (REEPS) erabiliz; eta bestetik, energia elektrikoa ekoiztea, baliabide berriztagarriak erabiliz (ikusi erantsitako diagrama).

 

Hala, irakaskuntza, praktika, autoikaskuntza eta balio kate osoaren kudeaketa koordinatua sendotu nahi dira, eta, aldi berean, herritarrak sentsibilizatu Madagaskarren urarekin, etxebizitzarekin eta energiarekin lotuta dauden arazoei buruz. Alderdi teknikotik harago, helburua da landutako soluzioen egokitasuna eta benetako erabiltzaileen espektatibak balioztatzea.

Irakasleek esan dutenez, “zenbait jarduketa ezarri dira helburu horiek lortzeko. Hasteko, testuingurua aztertu da; zehazki, Madagaskarren lehendik zeuden gaikuntza ikastaroen, horien edukien, plataformen eta hezkuntza tresnen AMIA analisi bat egin da. Ondoren, ezagutza transmisioarekin lotutako ekarpenei dagokienez, Europako unibertsitate ikastegiek diziplinarteko irakaskuntza unitateak osatu dituzte, tokiko pertsonak eta baliabideak kontuan hartuta. Hala, ikastegi kolaboratzaileetan emandako irakaskuntzen esperientzia transferitu nahi izan da, Madagaskarren eginiko prestakuntza-saioen bidez. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, software eta hardware libreari buruzko ikastaroak. Horrez gain, laborategi ekipamendu berriak jarri dira goi mailako irakaskuntza zentroetan. Une honetan, irakasle malgaxeak ekipamendu horiek erabiltzeko prestakuntza jasotzen ari dira Europan, herri berdea ezartzen ari den bitartean”.

UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak aktiboki hartzen du parte proiektu horretan. SI+E, Elekin eta BioRP taldeetako ikertzaileez eta enpresen kudeaketaren esparruko estandarrei buruzko taldeko kideez gain, UPV/EHUko hainbat sailetako irakasleek ere parte hartzen dute proiektu honetan: Sistemen Ingeniaritza eta Automatika, Enpresen Antolakuntza, Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza eta Teknologia Elektronikoa. Aipatzekoa da, halaber, proiektu honetarako oso erabilgarria izaten ari dela Eskolako “Control in Smartgrids and Distributed Generation” masterraren esperientzia.

 

MADEEHI proiektuari buruzko informazio gehiago:

Webgunea

Nagusia
UPV/EHUren webgunearen barruan
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren webgunearen barruan

Sare sozialak

Twitter: @MadeehiMada
Facebook: Projet Madeehi
Youtube: MADEEHI BAOBAB