euskaraespañol

Txirlak eta berberetxoak, Nikaraguako kostaldearen ingurumen-egoeraren zentinela

UPV/EHUko ikerketa batean bilatu dute Nikaraguako mangladietako zer bibalbio izan daitezkeen onenak poluzioaren monitorizazioa egiteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/06

Irudia
Ionan Marigómez eta Javier R. Aguirre-Rubí. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoarekin elkarlanean, UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile-talde batek Nikaraguako bi kostaldeetako mangladietako bibalbioak aztertu dituzte, bertara iristen diren ibaien kutsadurak haiengan zer eragin duen ikusteko. Hartara, bibalbioak zentinela gisa erabili ahal izango dituzte, ingurumen-osasunean gerta daitezkeen asalduren adierazle. Science of the Total Environment aldizkariak eman du ikerketaren berri.

UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioko eta Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian (CBET) ikerketa-taldeak esperientzia handia du ekosistemen osasunean gertatzen diren asaldurak antzematen, muskuilu, bibalbio eta arrainen zelula eta ehunetan aldagai kimikoak eta bestelako parametroak neurtuz. “Aldagai horiek gure tenperatura edo taupadak bezalakoak dira; aldatzen badira, kalteren bat gertatzen ari dela adierazten dute”, azaldu du Ionan Marigómez  Plentziako Itsas Estazioko zuzendari eta CBET taldeko zelulen biologiako katedradunak.

Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoarekin elkarlanean, UPV/EHUko ikertzaileek ingurumen-egoeraren adierazle izan daitezkeen bibalbioak aztertzeari ekin zioten Nikaraguako mangladietan, bai Karibekoak bai Pazifikokoak. Eskualde tropikaletako ingurumenaz pentsatzean, “kontzientzia handia dago koral-arrezifeetan gertatzen diren kalteekin, eta ez dago hain zabalduta mangladien osasun-egoerari erreparatzea. Baina mangladiek arrezifeak babesten dituzte, lehorretik datozen sedimentazioa eta elikagaiak erregulatzen baitituzte, eta arrezifeko espezie askoren ugalketa-lekua dira”, argitu du Marigómezek.

Nikaraguan, zehazki, “kutsadura maila ez da oso handia, baina arrisku-faktore batzuk daude: mangladietara iristen dira, besteak beste,  laborantza guztietako pestizidak, edo urre-meatzeetan isurtzen den merkurioa. Gainera, ez dago ur-tratamendurik”, jarraitu du.

Txirla-espezie bat Kariberako eta bi berberetxo-espezie Pazifikorako

Mangladietako ekosistemen poluzioa monitorizatzeko Crassostrea rhizophorae ostra da hautagai onenetako bat. Marigómezek azaldu duenez, ordea, “Karibe aldeko mangladietan bakarrik dago, ez ozeano Pazifikoaren aldekoetan; hortaz, haien ordezkoak aurkitu nahi genituen zentinela-lanetarako. Karibeko mangladietarako, gainera, komenigarria iruditu zitzaigun beste espezieren bat bilatzea. Izan ere, espezie bakoitzak sentikortasun jakin bat du poluitzaileen aurrean, eta, hortaz, egokia da biomonitorizazioa espezie batekin baino gehiagorekin egitea aldi berean”.

Hiru bibalbio-espezie aukeratu zituzten ikerketarako: kostalde atlantikorako, txirla-espezie bat, Polymesoda arctata, dagoeneko ezagutzen zuten ostraren osagarri, eta Pazifikokoan, berriz, bi berberetxo-espezie: Anadara tuberculosa eta Larkinia grandis. Espezie bakoitzarentzat osasun-parametro egokiak identifikatu zituzten, hala nola ehunetan metatutako poluitzaile kimikoak, hazkuntza eta sasoi-egoera karakterizatzeko aldagai biometrikoak, lesio histopatologikoen eta parasitoen mailak, eta ugalketaren anomaliak, haien bidez bibalbio hauek bizi direneko mangladi-ekosistemaren osasun-egoera zein den ondorioztatzeko.

Halako lanak egiten esperientzia handia badute ere, Marigómezek nabarmendu du ezin izan zituztela ohiko teknikak eta bideak erabili Nikaraguan: “Beste mundu bat da hura, eta oso arau zorrotzak dituzte; esate baterako, laginketa-lekuetara iristeko abioneta eta motordun txalupak erabili behar genituen. Gainera, nitrogeno likidoa eta elur karbonikoa espreski debekatuta zeuden, eta gure lan-metodologia nagusiki kriotekniketan oinarritzen da; laginak izoztuta garraiatu behar ditugu halabeharrez. Beraz, logistikaren aldetik, erronka handia izan da guretzat errealitate horretara egokitzea gure lan-metodologia”.

“Abiapuntu polita izan da egindako azterketa, eta aurrera begirako ikerketa bat martxan jartzeko ideia piztu digu. Erdialdeko Amerikan casco de burro esaten dioten L. grandis berberetxo erraldoia oso egokia iruditu zaigu monitorizazioa egiteko. Izan ere, luze bizi da, eta, horrenbestez, ondo islatuko luke bizi den lekuaren bilakaera, eta, gainera, oso banaketa biogeografiko interesgarria du: Kalifornia Beheretik Ekuatoreraino. Polita litzateke epe luzera finantziazioa lortuko bagenu, eta sare bat sortu eskualde biogeografiko guztian jarraipena egiteko”.

Monitorizazioa egitearen azkeneko helburua da ingurumena kudeatu eta babestu ahal izatea. “Europan bi zuzentarauk arautzen dute kostaldeko ekosistemen ongizate eta erabilera, urarenak eta itsas estrategiarenak, eta biek eskatzen dute ekosistemen monitorizazioa egitea, une oro jakiteko zer egoeratan dauden. Munduko beste eskualde batzuetan, ordea, eta tartean dago Latinoamerika, ez dago hain garatuta ingurumena babesteko araudia. Baina gu, Ingurumen Kutsaduraren eta Toxikologiaren Elkarte Iberoamerikarreko sortzaile eta kide garenez gero, harremana dugu hango hainbat ikerketa-zentro eta unibertsitaterekin, eta gure asmoa da dauden arazo tekniko horiek gainditzen joatea, monitorizazioa zerbait globala izatera irits dadin”.

Informazio osagarria

AECID erakundeak (Agencia Española de Cooperación Internacional para el Desarrollo) emandako diru-laguntza bati esker egin dute ikerketa UPV/EHUk eta Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoak elkarlanean. UPV/EHUri dagokienez, parte hartu duten ikertzaileak "Plentziako Itsas Estazioa" izeneko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentrokoak dira, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian (CBET) ikerketa-taldekoak eta Kimika Analitikoa Saileko IBEA ikerketa-taldekoak, hain zuzen ere.

Erreferentzia bibliografikoa