Errektoretza taldearen adierazpena (2026.10.23)
CAF-Unibertsitate-Enpresa-Gela hitzarmena ez luzatzeko erabakiaren inguruan
2024ko apirilaren 24an EHUren Gobernu Kontseiluak onartu zuen «Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean Palestina laguntzeko manifestua». Bosgarren puntuan jaso zen, “Harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzea eta berrikustea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Nazio Batuek Palestinako egoerari buruz emandako ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekin”. Genozidio egoera larriaren aurrean, EHUren Estatutuetan eta Kode Etikoan oinarritutako Palestinaren aldeko manifestu hori gauzatzeko, lan-talde bat eratu zen, unibertsitatearen aniztasuna ordezkatzen duten kide eta gizarte zibileko eragileekin.
Nazio Batuen Erakundearen Goi Mandatariaren txostenak Palestinan legez kanpo okupatutako lurraldeetan negozioak egiten dituzten enpresen zerrendan gehitu zuen CAF enpresa. Urte eta erdi honetan hainbatetan batzartzeko eskaerak egin arren, ez da erantzunik jaso eta ezinezkoa izan da enpresarekin batzarrik egitea.
Hala, Errektoretza taldeak proposatuta, EHUren Gobernu Kontseiluari urriaren 8ko biltzarrean jakinarazi zitzaion erabaki dela CAF Unibertsitatea-Enpresa Gela sortu eta mantentzeko Hitzarmena ez luzatzea, behin iraungitze data heldutakoan, alegia, 2026ko abenduaren 31n. Hala jakinarazi dio CAF enpresari berari urriaren 15ean, idatziz. Hitzarmen horren bidez gradu eta master amaierako lanak egiten ziren, urtean 6 inguru.
Nolanahi ere, enpresekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta bere komunitatearentzat. CAF bera ere enpresa oso garrantzitsua da eta gure asmoa beti izango da guztiekin elkarlanen aritzea. Baina, enpresa honekiko Hitzarmenaren onura eta interes orokorra kuestionatu gabe, Errektoretza taldeak EHUren baloreak interes horien gainetik lehenetsi ditu, bere eginez Palestinaren aldeko manifestua gauzatzeko sortu den unibertsitateko lan-taldearen proposamena.