Edukien deskarga eta erabilera lizentziak errespetatuz

Bibliotekak harpidetuta dituen sareko baliabide guztiak (aldizkari eta liburu elektronikoak, eta hainbat edukitako datu baseak) unibertsitateko edozein ordenagailutik erabil daitezke, edo baita VPN (sare pribatu birtuala) instalatuta duen ordenagailu pribatu bat erabiliz ere. Unibertsitate-komunitateko kideek artikuluak, liburu kapituluak eta datu baseetako erregistroak behera kargatu ditzakete, sareko ordenagailu baten bitartez, betiere norberak erabiltzeko eta helburu akademikoekin. Hala ere, behera kargatutako objetu digitalen erabilera jabetza intelektuala eta egile-eskubideen gaineko legeria orokorraren, eta sarbide lizentzien arau berezien menpe dago.

Zer egin dezaket?

  • Artikulu, liburu kapitulu edo datu baseetako erregistro kopuru mugatua behera kargatu eta inprimatu, norbere erabilerako. Behera kargatze masiboak detektatuz gero, argitalpen-plataformek sarbide korporatiboa blokeatu dezakete. Orokorrean, ezin dira liburu osoak behera kargatu, nahiz eta kasu batzuetan (SpringerLink, esaterako) argitaletxearen eskaintza moduan aukera hori ematen den (betiere norberak erabiltzeko). 
  • Irakaskuntza edo ikerkuntza arloko testu propio batean pasarteak edo irudiak (grafikoak, marrazkiak, argazkiak) erabili, betiere iturria aipatuz. Aipamen eskubidea deritzona litzateke.
  • Harpidetutako baliabideetara (artikuluak, liburu kapituluak, etab.) doazen estekak edo DOI delakoak erabili webgune edo dokumentu propio batean -edozein bitarteko erabiliz hedatzera emango den dokumentu propioa-, campus birtuala edo beste edozein plataforma akademiko barne (saileko web orria, adibidez).

Zer EZIN dezaket egin?

  • Argitaletxe baten copyright pean dagoen artikulu edo liburu kapitulu bat, formatu digitalean (PDF edo besterik), Campus birtualera ala edozein on line plataforma akademikora igo; nahiz eta zu zeu izan dokumentuaren egilea. Hori egitea hedapen publikotzat hartzen da, eta debekatuta dago ustiapen eskubideen jabearen baimenik izan gabe. Artikulu akademikoen kasuan, ustiapen eskubideen jabea lana argitaratu duen argitaletxea izan ohi da. Artikulu baterako sarbidea luzatu nahi bada (ikasle edo lankide talde batentzako), hobe da bere esteka edo DOIa erabiltzea,  sare korporatiboa erabiliz artikuluraino iritsiko delako.
  • Edozein bitarteko erabiliz (posta elektronikoa, web pertsonala, etab.) argitaletxe baten copyright pean dagoen artikulu edo liburu kapitulu baten hedapen kolektiboa egin; nahiz eta zu zeu izan dokumentuaren egilea. Aurreko kasuan bezala, ez legoke arazorik artikulu horren esteka edo DOI delakoa hedatuz gero.
  • Artikuluak edo liburu kapituluak behera kargatu eta bibliotekako datu-baseak erabili irakaskuntza edo ikerkuntza jardueretarako ez denean (jarduera profesional edo negozio pribatu baterako, adibidez).