Breadcrumb

Nested Applications

Contenido_Maquetacion_Graduak

Nested Applications

Contenido_Maquetacion_Practicum

Contenido_Maquetacion_TFG

Contenido_Maquetacion_Mugikortasuna

Nested Applications

Contenido_Ikasleak

Contenido_Maquetacion_Intranet

Eduki publikatzailea

STEAM proiektua: hezkuntzarako ikuspegi integratzailea

Bilboko Hezkuntza Fakultatea Miguel de Unamuno BHIrekin elkarlanean ari da, ikasleen hezkuntza berrikuntza sustatzeko ekimen didaktiko batean
STEAM proiektua: hezkuntzarako ikuspegi integratzailea

Bilboko Hezkuntza Fakultateak ekimen didaktiko berri bat sortu du Miguel de Unamuno Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin elkarlanean: instalazio artistiko bat Bilboko ikastetxeko leihateetan. “STEAM Arte Irekia” proiektuaren barruan sartzen da, eta, Arantzazu López de la Sernak –ekimenaren sustatzaileetako batek– azaldu duenez, “elkarlaneko artea baliatuta, ikaskuntzaren testuingurua eraldatu nahi da esku-hartze zuzenaren bidez, ikasleen eta hirugarren hezitzailearen (ikasgela/ikastetxea) arteko interakzio bideak ezartzeko”. Ekimena UPV/EHUn egindako beste artelan batzuen jarraipena da, eta ikasleentzako esperientzia motibagarria izateaz gain, ikaskuntza ikasgelatik kanpora eraman nahi du.

Oraingoan, “STEAM Arte Irekia” ekimenaren sustatzaileak, alegia, Bilboko Hezkuntza Fakultateko WebLearner ikertalde finkatuak, Miguel de Unamuno BHIko DBHko lehen mailako ikasleak aukeratu ditu bi arte instalazio sortzeko (“Glass Drawing 2022. Boston” eta “Glass Drawing 2022. Osaka”). Gero, Bilboko erdiguneko institutuko leihatiletan jarri dituzte. Proiektuaren helburua da jarduera bat egitea STEAM hezkuntza filosofian lantzen diren funtsezko ideiak sartuta (Zientziak, Teknologia, Hezkuntza, Artea eta Matematika arloen akronimoa ingelesez). Horren bidez, zeharka txertatu nahi da irakaskuntza, ikasgeletatik, mahaietatik, bolalumetatik eta paperetik haratago, bokazio zientifiko-teknologikoak inspiratzeko eta ikasleei haien ingurua modu aktiboan eraldatzeko aukera emateko.

 “STEAM Arte Irekia” proiektua Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikastetxetako ikertzaileek sortutako ekimenaren barruan sartzen da: “STEAM kultura elkarlaneko artearen bidez. Arte kontzeptualaren hizkuntzak ikasten”. Proiektu horren bidez, besteak beste, genero ikuspegia txertatu eta gaur egungo estereotipoak landu nahi dira, eta genero berdintasuna, ekitatea eta lankidetza sustatu. Honako hauek hartu dute parte proiektuan: Ana Mendizabal, Miguel de Unamuno BHIko zuzendaria; Asier Romero, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa; Urtza Garay, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanogaia eta MUTAE Masterreko zuzendaria, eta Xabier Basogain eta Arantzazu López de la Serna, WebLearner taldeko kideak.

Honako hau, baina, ez da ikertalde honen lehen ekimena.  Joan den urtarrilean, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasgeletako leihateetan, “Glass Drawing 2021. Havana” elkarlaneko artelana inauguratu zuten, kanpoko mundua ikusteko aukera ematen duen leiho bat irudikatzen duen beiratea. Kasu horretan, Lehen Hezkuntzako Graduko bigarren mailako 60 ikaslek egin zuten obra, “Jakintza partekatuaren sorkuntza unibertsitatean: Maker espazioak STEAM hezkuntza sustatzeko” ikerketa proiektuaren barruan.

Bilboko institutuan egindako artelanean, STEAM proiektuaren funtsezko ideiak lantzen dira, 3D kurba parametrikoen eta Top-Down diseinuaren bidez eta ikasleen motibazioaren alde eginda. Horretarako, obraren beraren garapenarekin lotutako prozesu metakognitiboak erabili dira, ebaluazio tresnen bidez ikaskuntza autorregulatuari bide emateko. Hezkuntza teknologia da esperientzia honen oinarria; izan ere, teknologiari esker –bai eta biniloari esker ere–, bi artelan sortu ahal izan dira ikastetxeko hamar leihotan.

Elkarlaneko lan horiez gain, UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolak “Taller Cubos y Colores” izeneko ekimena egin zuen; STEAM arteen eta hezkuntzaren integrazioa aztertzea zuen helburu. Ekintza Maker Mugimenduaren barruan egin zen, eta ikasleek “Maker Spaces” bihurtutako hainbat ikasgela erabili zituzten horretarako.

Arantzazu López de la Sernaren iritziz, “Unamuno BHIrekin izandako esperientzia oso aberasgarria izan da, ikastetxeko pertsona guztiek taldearekin izan duten jarreragatik. Era berean, aukera eman digu STEAM proiektu bat egiteko eta proiektua bera osatzen duten elementuak egitura didaktiko batean nola erlazionatzen diren aztertzeko, eta horrek bi ikasle mota dituen –unibertsitate ikasleak eta DBHko lehen mailakoak– ikasgela batean lan sekuentzia kateatuak planifikatzeko balio izan digu. Hori guztia, gainera, genero ikuspegia txertatuta egin dugu, zeharkako curriculum bat prestatu baitugu, bokazio zientifikoak sustatzeko; bereziki, nesken artean”.

Bilboko ikastetxearekin egindako lankidetza, halaber, Bilboko Hezkuntza Fakultateak hezkuntza komunitatearekin duen harremana estutzeko egindako apustuaren beste adibide bat da, nola elkarlanean aritzeko hala bere ikertaldeen lana ikastetxeen bitartez gizarteari helarazteko.

WebLearner taldea eta STEAM estrategia

STEAM hezkuntza (Zientziak, Teknologia, Hezkuntza, Artea eta Matematika) hainbat gaitasunen garapenean oinarritzen da; ikasgai batzuk modu integratuan ikasten dira, eta zientzia eta teknologia ikasleentzat erakargarriagoak egiten dira.  Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak STEAM proiektu ugaritan parte hartu du urte luzez, hezkuntza ikuspegi berritzaile eta integratzaile batetik eskaintzeko asmoz.

WebLearner ikertaldea diziplinarteko taldea da, Euskal Herriko Unibertsitateko fakultateetako ikertzaileen arteko lankidetzaren ondorioz sortua. Ikertalde honen helburu nagusietako bat da hezkuntza teknologia askotariko egoeretan aztertzea, modu sakonean aztertu ere, egungo eta etorkizuneko hezkuntzak eta gizarteak dituzten erronkei erantzuten saiatzeko. Horretarako, hainbat ikasketa programaren bidez ikertzen, berritzen eta irakasten dute: Competence, Maker Labs, Active Learning Methodologies, STEAM, Visible Learning, hezkuntza teknologiako masterrak, etab. Ikasketa programa horien artean, Teknologia, Ikaskuntza eta Hezkuntza Masterra (MUTAE) dago. Master ofiziala da, eta helburu du oinarri ikertzaile eta teknologiko sendoa eta irakaskuntza berrikuntza barne hartzen duena sortzea hezkuntza teknologiaren eremuan.

Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ekimenek erakusten dutenez, STEAM hezkuntzak irakaskuntzaren eta ikerketaren arteko sinbiosi bat sortzen du. Ikastetxeetan gero eta ohikoagoa da sinbiosi hori, horren bidez, irakaskuntzaren ikuspegi berri bat eta ikasteko modu berri bat lortzen baitira, oinarrizko gaitasunak esperientziaren bidez garatuta eta ikasleei gure gizartearen erronkei aurre egiten lagunduta.